Xabier Mendiaraz: “Bizkarrezurraren errebisioa erregulartasunez egin beharko genuke”

Karkara 2016ko aza. 30a, 12:44

Amazonasen eta Kalkutan aritu da Xabier Mendiaraz kiropraktikoa. Bizkarrezurra zaintzearen garrantziaz hitzaldia emango du Orion azaroaren 29an.

Donostiarra da izatez, baina Orion bizi da Xabier Mendiaraz kiropraktikoa. Kontsultan egiten du lan ia urte osoan, baina udako oporretan ez dio lan egiteari uzten. Amazonasen eta Indian izan da azken urteetan kiropraktika egiten, baliabiderik ez dutenei laguntzen.

Zer da kiropraktika? Eta zergatik da garrantzitsua?

Nerbio sistemaren bitartez osasuna lantzen duen lanbide sanitarioa da kiropraktika. Sistema zentrala babesten duen estrukturarekin egiten dugu lan, hau da, bizkarrezurrarekin.

Nerbio sistemak gorputzeko funtzio guztiak erregulatzen ditu eta burmuineko informazioa gorputz osoan zabaltzen du. Sisteman interferentziak sortzen badira, gaixotasunak agertzen dira, eta ez bakarrik bizkarrezurrekoak. Kiropraktikak, doiketarekin, interferentzia horiek kentzen ditu.

Hemen ez dago ia ohiturarik bizkarrezurra zaintzeko. Hortzen edo bistaren azterketa egiten dugun bezala,
bizkarrezurra ere erregulartasunez begiratu beharkogenukeela uste dut.

Osasuna lantzeko modu naturala da, botikarik gabea.

Kiropraktikaren oinarria hau da: modu egokian funtzionatzen duen gorputzak bakarrik sendatzeko gaitasuna dauka. Gure lana, bizkarrezurrak nerbio sisteman eragin ditzakeen interferentziak kentzea da, gorputzak ondo funtzionatzeko.

Zein zailtasun ditu legalki zure lanbideak?

OMEk osasun-lanbide gisa onartzen du eta Europan erregulatuta dago lanbidea, Espainian, Grezian eta Irlandan izan ezik. Hori arazo handia da guretzat eta aldatzeko lanean gabiltza Espainiako Kiropraktikoen Elkartean.

Atzerrian izan zara kiropraktika egiten eta jendeari laguntzen. Nolako esperientzia izan da?

Kiropraktika ikasketak amaitu genituenean gobernuz kanpoko erakunde baten bidez norabait joan behar genuela erabaki genuen hainbat ikaskidek. Brasilen izan ginen, Amazonasen. Esperientzia hura errepikatzeko gogoz geratu nintzen eta hurrengo urtean Indiara joan nintzen, Kalkutara. Pasa den udan bigarrengoz izan nintzen han.

Kalkutako auzo pobreenetako batean izan ginen bikotekidea eta ni, erizaina da bera. Nik bizkarrezurrarekin laguntzen nuen eta berak zauriak sendatuz.

Izugarria da esperientzia, baina gogorra ere bai. Han tratatu nuen jende asko ez zen inoiz medikuarengana joan eta egoera oso txarrak ikusten ziren. Horiei laguntzea eta urtebete beranduago izan duten aldaketa ikustea izugarria da.

Hitzaldia emango duzu datorren astean Orion.

Azaroaren 29an emango dut hitzaldia, 19:00etan Salatxo Aretoan. Osasuna zer den azalduko dut ikuspuntu natural batetik, eta nola hobetu dezakegun. Bizkarrezurrak gure osasunean izan dezakeen eragina eta kiropraktikak nola lagundu gaitzakeen azalduko dut. Jendearen zalantzak argitzen saiatuko naiz, kiropraktikara gertura daitezen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!