Udalbatzarrak 2015-2019

Puntu guztiak onartuta, baina desadostasun asko

Puntu guztiak onartuta, baina desadostasun asko

Asteartean udalbatzarra izan zen Orion. Bederatzi gai jarri ziren  mahai gainean eta guztiak onartu ziren arren, askok eztabaida piztu zuten. Orain alderdi politikoak lehen hiru gaietan ez zuen parte hartu.

Iluntzeko 20:00etan hasi zen bilkura. Jende asko bildu zen udalbatzarrean, plenoa jarraitzeko asmotan. Guztira bederatzi gai jarri ziren mahai gainean. Lehen hirurak kreditu aldaketak izan ziren.

Hiru kreditu aldaketak onartu ziren

Lehenengoan, guztira, 162. 396 euroko kreditu aldaketa egitea adostu zen 9 aldeko botorekin eta PSE-EEren abstentzioarekin . Kopuru horretatik zatirik handiena Mutiozabalera –33.811 euro– eta Etxeluze Gaztetxera –70.950 euro– bideratuko dira. Bigarren kreditu aldaketa 35.542 eurokoa zen eta hamar aldeko botorekin onartu zen.

146.932 eurokoa izan zen bozkatu zen hirugarren kreditu aldaketa. Azken honek aurrekontu egonkortasunaren eta 2016rako ezarritako gastu arauen helburuak ez dituela betetzen azaldu zuen idazkariak. Beste batzuetan ere hori gertatu zaiela azaldu zuen, gerakina erabili behar izan dutenetan, alegia. Finantza iraunkortasuneko helburua, ordea, betetzen duela gaineratu zuen. EAJren, EH Bilduren 

Orainek ez zuen bozketa horietan parte hartu

Orainek ez zuen parte hartu lehen hiru kreditu aldakuntza hauen bozketan. Honela arrazoitu zuen Miriam Urangak beren erabakia: komisioan esan genuen moduan, 2016ko aurrekontuak ixterako garaian, denok kontziente ginen partida batzuk exekutatu gabe geldituko ziren –kale garbiketa eta zabor bilketa, adibidez–. Bagenekien soberakina egongo zela, baina kopuru zehatza ez genekien. Horren jakitun izanda, denok onartu genuen eta kopuru zehatza jakitean komisio batera deitzekotan eta aurreikusi gabeko gauzean artean lau alderdiek lehentasunak markatzekotan gelditu ginen. Urriaren 19n egindako bileran 97.000 eurokoa zen kopurua. Kopuru horrez gain, zabor bilketan eta kale garbiketan 70.000 euro inguru egon zitezkeela ere komentatu zen. Orduan, Karmelek gaia aurreragorako uzteko eskatu zigun. Berak txosten bat egingo zuela  oreka finantzieroari eusteko eta azaron esango zitzaigula kopurua. Hori izatean, bilera batera deituko zigutela eta alderdi guztien artean lehentasunak markatu eta dirua nora bideratu erabakiko genuela esan zitzaigun. Zorionez, soberakina ez da izan 70.000 mila eurokoa, baizik eta 110.000 eurokoa. Baina, berriz komisioa deitu eta eztabaidatu beharrean, kreditu aldaketa eginda eman zaigu. Eta ez hori bakarrik, azaroaren 23an bidalitakoa ez zen hurrengo egunean zuzendu ere egin, aldaketa batzuk egon zirenean. Eztabaidatu genuen momentuan. Eta orain, jarraitzen dugu esaten lehentasunak mahaia jarri behar zirela eta denon artean erabaki behar genuela zeri heldu. Honekin ez dugu esan nahi erabakitako kontu batzuen kontra gaudenik, Mutiozabal, kanpina, Baxoaldeko obra eta beste hainbat lanen alde baikaude. Ez gara erabakiorrak. Izango bagina, akaso, parte hartuko genuke. Baina ez garenez, horrela jokatzea erabaki dugu, prozedura ez baita errespetatu. 

Alkateak obra eta zerbitzuen batzordean erabakiak denon artean hartu zirela erantzun zion. Horregatik zenbait gauza ez daude sartuta, ezta? erantzun zion Urangak. Alkateak udaletxean martxan jarraitzen duela erantzun zion eta beharrak etengabe aldatzen direla. Hortaz, beharren arabera aldaketak egin beharrean sentitu zirela azaldu zuen.  Urangak adibide batekin erantzun zion, kultur etxe atzeko obra guztion artean onartu zutela eta jaso gabe dagoela esanez. 

Gaiari tiraka jarraitu zuten, adibide gehiago eman zituen Orain alderdiko Miriam Urangak. Dena den, kexati kreditu aldaketak eginda eman dizkielako zegoen eta beren ustetan guztion artean eztabaidatu behar zituztelako. 

Emeterio Iribarrek ere hitz egin nahi izan zuen. Neurri batean bat egiten dut Miriamek esandakoarekin. Hala izan da batzordean hitz egindakoa. Bestalde, faltan sumatu dugu azken orduan sartu diren gauzen azalpenik ez izatea –kartografikoena, adibidez–. Bat-batean horrelako eginbeharrak sartzen dira zuek aurretik informazioa izanda eta guk ez. Baiezkoa eman dugu, baina, zuen aldetik, azalpen batzuen falta sentitzen dugu.  

Joxe Anjel Zalduak esan zion kartografiakoa azken momentuan sartutako kontua dela. Osteguneko batzordean azaldu genuen zergatik sartu genuen. 8.000 euroko diru laguntza bat lortu genuen eta 12.000 euroko kostua duenez, diru laguntza aprobetxatu eta 4.000 euro ordainduta kartografia eginda edukiko genuelako sartu genuen. Bulego teknikoan ere esan ziguten ez bagenu diru laguntza onartzen ezingo genuela egin. Horregatik hartu genuen erabaki hori. 

Informazio hori zuek lehenagotik bazenuten, diru laguntzen eskaera lehenago egin baitzen, erantzun zion Iribarrek. Baina ez genekien emango zigutenik, erantzun zion Zalduak. Jakin dugunean sartu dugu, gaineratu zuen. Emeteriok erantzun zion esanez diru laguntza eskatu zenean dagoeneko horren berri ematea zeukatela. 

Aurreko urteetako eskubide onartuei baja eman zitzaien

Sei aldeko botorekin –EAJ–, 4 kontrako botorekin –EH Bildu– eta hiru abstentziorekin –PSE-EE eta Orain– aurreko urteetako eskubide onartuei baja ematea adostu zen, deuseztapenagatik. Joxe Anjel Zalduak hori onartzeak izango dituen ondorioen gainean galdetu zion idazkariari. Udaletxeko altxortegian izango du honek eragina, azaldu zuen idazkariak. Murriztu egingo da, zehaztu du. Gai horren inguruko azalpena aktan jasotzeko eskatu zuen alkateak. 

Miriam Urangak abstentzioaren arrazoiak eman nahi izan zituen. Gai historikoak direnez, hurrenekoak direla eta oso ongi ulertzen ez dituztela azaldu zuen. Horrez gain, Joxe Anjel Zaldua alkateari eskari bat egin nahi izan zion Urangak. Urriak 17ko batzordean berak azaldutakoa eta aurretik egin zen batzordean Gure Aitonaren inguruan onartutakoa –kalte ordainen konpentsazioa eta inbertsio eta mantenuko gastuen ordainketa– aktan jasotzeko eskatu zion.

Gure Aitonako kalte ordainen konpentsazioa EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu zela azaldu zuen jarraian. PSE-EE eta Orain kontra zeudela. Eta, inbertsioetarako eta mantenurako gastuen ordainketa berak –alkateak–nahi izan zuelako egin zela. Horretarako ahalmena duenez, berak dirua horretara bideratu zuela argitu nahi izan zuen Urangak. Hau da, erabakia aldebakarrekoa izan zela.

EH Bilduk ere arrazoitu nahi izan zuen beren kontrako botoa. Bereziki bi legealdia hauetan –2004 eta 2010 urte bitartekoak– zor kopuru handi hau –234.000– kudeaketa akats larri baten ondorioa besterik ez da izan. Bi urtean zehar kanona ordaintzen ez zutenei kontzesioa eman zaie. Horren aurrean neurriak hartu zitezkeen, baina ez dira hartu. Hortaz, arduragabekeri bat da bere garaian neurririk hartu ez izana. Eta, argi utzi nahi dut, zor honen erantzukizuna soilik EAJrena dela.

Zalduak erantzun egin nahi izan zion. Aurreko legealdian lau urte izan zenituzten hori kobratzeko. Iribarrek esan zion zorra aurretik egin zela eta horren ardura garai hartan gobernuan zegoenarena dela. Aurreko legealdian ez zela horrelako zorrik egin. 

Zalduak esan zion baja 2016an eman ziola eta hori berak pasa den legealdian egin zezaketela. Hari horri tiraka jarraitu zuten. Batak, erantzukizuna zorra ez handitzeko neurririk hartu ez zutenena dela argudiatzen zuen; besteak, berak gobernuan zeudenean baja emateko aukera izan zuela esaten zuen.

Urangak zorren gaiari heldu zion eta pasa den legealdian zorrik izan ez zutela ziurtatu nahi izan zuen, idazkariari pasa den legealdiko datua emateko eskatuta. Idazkariak esan zuen 417 euro besterik ez zirela gelditu. 

Galdera eta eskarien txandan ere mahai gainean jarri zuten Gure Aitonaren gaia

Hiru konturen gainean iritzi eman nahi izan zuen Emeterio Iribarrek. Hasteko, Gure Aitonaren gaiari heldu zion. Alkateak ogasun batzordean alkate dekretuz Gure Aitonako itxituraren kostua udalak beregain hartuko zuela azaldu zuen. Alkateak kopururik ez zuela aipatu esan zuen Iribarrek. Kopurua ez jakiteaz gain, itxituran lanak egiteko eskaera nork egin zuen ere ez dakitela gaineratu zuen. Sarrera eskaerarik ez dagoela azaldu zuen. Aurreko legealdian hondartzako txiringitoen egoera eguneratzeko esfortzu dezente egin zela esan zuen eta orain, alkateak hartutako erabakiarekin, hori hankaz gora gelditzen dela gaineratu zuen.

Alkateak erantzun zion esanez Gure Aitonako pergola segurtasun arauak betetzen ez zituela utzi zuela, eta, horregatik, estruktura indartu egin behar izan dela. Segurtasun neurriak bete ezean, pergola kendu behar zela gaineratu zuen Zalduak. Eta, berak, kendu baino pergola egotea nahiago du. Horretarako, egin gabe zeuden segurtasun kontu guztiak egin behar izan dira. 

Iribarrek berak eskatzen duen formaltasuna dela. Eskaera-sarrera egitea; eta, bere kabuz erabakia hartu ordez mahai gainean jarri eta guztion artean eztabaidatzea. Hau da, berak ez dutela arazorik horrelako kontuen inguruan hitz egiteko, arazoa gaiak izandako kudeaketan ikusten dutela.  Alkateak gaia itxi zuen esanez bere erabakia zela eta bere erabakiaren berri eman ziela batzordean. 

Gipuzkoako Ur Partzuergoaren estatutuetan aldaketa

13 aldeko botorekin, aho batez, Gipuzkoako Ur Partzuergoaren estatutuko hirugarren artikulua aldatzea onartu zen. Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren batzar orokorrean onartu zen aldaketa hori egitea, eta, ondorioz, Gipuzkoako Ur Kontsortzioa osatzen duten udaletxeek ere udalbatzarretik pasa behar dute 3. artikulo horren onarpena. 

Parke eta lorategien kontratazioa zehaztu da

Baldintza administratibo partikularren eta baldintza teknikoen orria aho batez onartu zen ondoren, hau da, Orioko parke eta lorategiak mantentzeko zerbitzuaren kontratazio publikoaren nondik norakoak zehaztu ziren. 

Batetik, kontratazio organoa Orioko udalbatzarra izango dela adostu zen. Kontratazio mahaia alkateak, idazkari kontu-hartzaileak, udal arkitektoak, EAJko zinegotzi batek, EH Bilduko beste batek, Orain plataformako kide batek eta Ana Priedek osatuko dute. Idazkaria administrazioko teknikaria izango da. 

Bestetik, kontratuak lau urteko iraupena izango duela zehaztu zen. Bi aldeek adosten badute, kontratua sei urteraino luzatu ahal izango da, gehiago ez. Guztira, urteko, 173.714,10 euroko kostua izango du.

Kiroldegiko taberna eta Antilla hondartzako 2. eraikina hirugarren batek ustiatuko dute

Titular aldaketa egingo da Orioko Karela kiroldegiko taberna-kafetegian Udalak baimendutako ostalaritza zerbitzuan. Aurrerantzean beste batek kudeatuko du taberna-kafetegia. Aurrekoaren eskubide eta betebehar berdinak izango ditu eta kontratuaren iraupena ez da aldatuko, hau da, 2023ko azaroaren 25 arte izango du tabernaren ardura.  Orioko Antilla Hondartzako 2. zenbakidun eraikinean ere titular aldaketa egingo da. Honek ere aurrekoak zituen baldintza berberak izango ditu. Bi aldaketak onartu ziren 13 aldeko botorekin, hots, aho batez.

Guztiak euskara babestearekin ados

Euskararen aldeko aiitorpen instituzionala onartu zuten ondoren, aho batez. Datorren abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela-eta euskara babestearen alde agertu ziren alderdi guztiak. Labur esanda, euskara eta euskal kultura babesteko konpromisoa hartu dutela zioen adierazpenak. Horretarako, norbere buruari galdera bat egitea proposatzen du idatziak: Zer egin dezaket nik euskararen alde? Adierazpenen sinatzaileek galdera hori erantzuna eman nahi dietela gaineratu dute, betiere euskara indartzeko helburuarekin, euskara hizkuntza bizia izateko xedearekin.

Azaroaren 25eko adierazpenaren harira

Azaroaren 25ean Udalak adierazpen instituzionala kaleratu zuen hedabide batean, Udala osatzen duten alderdi guztien izenean. Iribarrek alkateari esan zion horrelako adierapen bat argitaratu aurretik beste alderdiekin kontrastatu behar dela eta guztion babesa izan behar duela.  Aurten, publiko egin denean jakin dute adierazpenaren berri. Gerora izan dugu horren berri, publizitatean 300 euro ordaindu eta adierazpena denon izenean joan denean. 

Azaroaren 8an gai horren inguruko mozio bat sartu genuen. Asmoa ahalik eta adostasun handiena lortzea zen. Baina, oraindik, ez dugu mozioaren erantzunik jaso, esan zuen Iribarrek. Zalduak onartu zuen azaroaren 8an sarrera bat egin zutela, baina, bere ustetan, hori ez zen mozio bat. Iribarrek argitu zuen mozio-zirriborroa zela. Dena den, Zalduak adierazpen bat zela uste zuenez, esan zuen horren gainean eztabaidatzeko bildu egin behar zutela eta Iribarren egindako sarrera zenez, berak egin behar zuela deialdia. 

EH Bilduk ez du kiroletako batzordean parte hartuko

Udaletxeko langile bati, duela lau urte-edo, expediente bat zabaldu zitzaion. Bere betekizunak edo eginbeharrak zuzen egin ez zituelako, azaldu zuen Iribarrek. Expedientea diputazioko aholkularitzara tramitatu zela esan zuen. 2015ean gai horren inguruko ebazpena iritsi zela gaineratu zuen eta ordutik 13 hilabete pasa diren arren, alkateak ez duela neurririk hartu salatu zuen. 

Ikusita aspaldi zuzendu beharreko gaia dela eta guk honen aurreran erantzukizun bat dugula, erabaki bat hartu dugu. Aurrerantzean, expediente honen inguruan neurririk hartzen ez den bitartean, ez dugu kiroletako batzordean parte hartuko, esan zuen Iribarrek.

Alkateak esan zion pasa den legealdian bultzatutako expedientea dela. Eta, plenoaren aurretik esan zion moduan, erabakia berak hartuko duela argitu zion. Idazkariak expediente horren gaineko informea bidaltzen didanean hartuko dut erabakia. Aurreko alkateak expedientea irekitzeko erabakia hartu zuenez, orain nik hartuko dut erabakia. Eta, lehen esan dizudan moduan, ez zait ongi iruditzen guztia aztertu baino lehen epaiketa parelelo bat egitea. Batzuetan langilea zaindu behar denean, lehendabizikoak zarete hori azpimarratzen; baina, gustukoa ez duzuenean, bere izena zikintzeko epaiketa paralelo bat egiten ere lehenak zarete. 

Guk ez dugu borondate txarrarekin hartu erabaki hau. Gu Udaletxera lan egitera etorri gara, zinegotzi moduan parte hartzeko eta gure iritzia emateko. Horretan buru-belarri gabiltzala badakizue, gure jarrera gustatu ala ez. Baina guretzat ez da batere egokia, gai hori oraindik bideratu gabe dagoenean, batzorde horretan pertsona horrekin jardutea, argitu zuen Iribarrek. Eta gaineratu zuen: ez da gustuko neurri bat izan, baizik eta halabeharrez hartu beharrekoa.

Orioko kontu orokorren fiskalizazioa publiko egingo da

Duela pare bat hilabete Orioko diru kontuen auditoria bat egin zutela esan zuen udalbatzarrera bertaratutako batek. Udal gobernuak bertako iritziak oriotarrei emateko asmoa duen ala ez galdetu zuen jarraian. Joxe Anjel Zalduak idazkariari ea hori legala zen ala ez galdetu zion. Idazkariak baietz erantzun zion, publikoa zela. Zalduak webgunean oso-osorik zintzilikatuko zutela esan zuen.

Alkateari babesa adierazi dio EAJk

Azken egunetan argitaratu diren adierazpenen harira, EAJko taldekideek babesa adierazi nahi izan die Joxe Anjel Zaldua alkateari. Aitziber Camposek irakurri zuen jeltzaleek idatzitako testuak honela zion:

Azken egunetan Orioko alkate denaren aurka egindako adierazpen batzuen harira, Orioko EAJren taldea osatzen dugunok zera adierazi nahi dugu: Udal talde honek, alkatea buru dela, legealdi honetan hainbat eta hainbat gai atera ditu aurrera. Hauek guztiak aurrera eramateko udal talde guztiaren lana dago atzetik eta lan horren ondorioz Orioko herriari onura ekarriko dien hainbat ekimen etortzen dira udal batzarretara alkatearen eskutik. Gaiak aurrera eraman ahal izateko, ezinbestekoa da beste udal taldeekin hitz egin eta adostasunak bilatzea. Denok nahi dugu onena gure herriarentzat eta orain artekoak argi utzi du guztiok gaudela eztabaida eta akordioetako prest. Ahalik eta adostasun maila altuena lortzea da gure asmoa. Udal talde honek argi du egunerokoan hobetu ditezkeen elementuak egon badaudela, eta horretan gabiltza egunero, gure herriak merezi du eta gure onena ematea. 

Bide batez, komeni da mahai gainean jartzea gure herrian bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzea helburu dugunean, alderdikeriak eta pertsonalismoak alde batera utzi behar diela. Amankomunean dugun helburu honi ez dio batere onik egiten norbanakoen desperstijio hutsa bilatzen duten adierazpenek. Honek ez dio ezer onik ekarriko herriari. Agian alderdi batzuei bai, baina Oriori ez; eta hori da gu gehien kezkatzen gaituena.

Erlazionatuak

Udalbatzarra 2016-11-29

Orio

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!

Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!