Sanikolasak

Ramon Erkiziak eta Xabier Aramendik irabazi dute txapela

Karkara 2016ko abe. 6a, 11:49

Sanikolasetako lehen egunean jokatu ziren frontenis txapelketako finalak. Arratsaldeko 19:00etan hasi ziren finalak, txupinazoa baino lehen.

Aimar Galarraga Orioko pilota arduradunak esan duenez, atzokoan, bi partida ederretaz gozatu ahal izan zuten frontoira azaldu zirenek. Ederrak bezain gogorrak izan zirela gaineratu du; edo partiden gogortasunak egin zituela eder, hobe esanda.

Lehenengo partiduan 3. eta 4. postuak erabaki ziren. Jon Agirresarobek eta Igor Agirregomezkortak Mikel Elustondoren eta Haritz Larbururen kontra jokatu zuten. Lehen bikotea izan zen irabazlea, 30-21 nagusituta. Galarragak azaldu duenez, huts gutxien egin duen bikotea izan da garailea. Hala ere, tanto amaiera polit asko ikusi ahal izan dituzte pilotazaleek.

Ondoren, finala jokatu zen. Partidua oso gogorra izan zela azaldu du Galarragak, gogorra eta luzea. Galarragak berak Xabier Ostolazarekin batera Ramon Erkiziaren eta Xabier Aramendiren aurka jokatu zuten. Azken bikote hau izan zen garailea, txapelduna. Ia ordubeteko iraupena zuen partidua jokatu genuen, azaldu du txapelketaren arduradunak. 30-24 emaitzarekin irabazi zuten Erkiziak eta Aramendik.

Irabazleek txapela preziatua eta arkume erdia jaso zuten txapeldunek. Galarragak eta Ostolazak kopa eta hiru txuleta jaso zituzten; hirugarren sailkatuek, Agirresarobek eta Agirregomezkortak, baserriko oilaskoa eta txistorra; eta, laugarren sailkatuek, Elustondok eta Larburuk, txahal saiheskia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!