Sanikolasak

375 jokalari inguru 3x3 txapelketan

Karkara 2016ko abe. 12a, 14:19

90 talde eta 375 jokalari inguru izan dira aurtengo 3x3an. Partaidetza iazkoa baino txikiagoa izan arren, pozik daude antolatzaileak. 

Aurten sanikolasetako azken egunean, abenduaren 8an, ostegunean, 3x3 txapelketa antolatu zuen ZASTek.  Txapelketan 90 taldek eta 375 jokalari inguruk hartu dute parte. Iaz baino jende gutxiagok hartu du parte aurtengoan. Horren arrazoia egutegia izan daitekeela argudiatu dute antolatzaileek; beste urteekin alderatuta, ordutegia arraroa izan baita.

Parte hartzaile kopurua txikitu arren, emakumeen parte hartzea azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Seniorretan talde mistoak egitea derrigorrezkoa da, baina kategoria txikiagoetan, talde misto ugari ikusi ditugu aurten. Hori ezohikoa dela azaldu du antolakuntzak. Emakumeen presentzia horrek poztu egin dietela gaineratu dute. Emakumeen partaidetza eskertzeaz gain, Retabet.es Gipuzkoa Basketi eta Txuri Urdin izotz jauregiari ere eskerrak eman nahi izan dizkiete.

Saskibaloi jokalariak ez direnak ere irabazle

Talde irabazle guztietan saskibaloitik aparteko jokalariak egon dira. Hau da, futbolariak, eskubaloi jokalariak eta abar txapeldunen taldeetako kide izan dira. Horrek egiten duela txapelketa hau berezi, aitortu dute antolatzaileek. Lagunarteko giroa baita garrantzitsuena, gaineratu dute.
 
Gurasoen jarrera ere eskertzekoa da. Txapelketa hasieran azaldu zitzaien haurrek beren kasara jokatuko zutela, ezin zela entrenatzailearen paperetik jardun, azaldu dute antolatzaileek. Animatu. Besterik ez egiteko eskatu zitzaien gurasoei. Eta errespetatu zuten. Eskola kiroleran larunbatero aplikatzeko moduko portaera izan zutela gaineratu dute.. 
 

Gabonetako kanpusa 

 
ZASTek gabonetan txikienentzat kanpusa antolatu duel. Horren inguruko informazioa www.zast.es atarian argitaratuko da datozen egunetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!