Atxaga ez, Atxega

Jexux Mari Perona 2016ko abe. 29a, 16:27

Orioko herritarrek uste dute ni oker nagoela, baina adierazi nahi diet nire ahalegin apalean aztertu ditudala bai Orioko elizako bataio-partidak eta Udaleko errolda-zerrendak, baita balea arrantzatu zuteneko Udalaren akta-agiriak ere, eta Atxega behar du

Mila bederatzirehun ta lehenengo urtian, maiatzaren hamalaugarren egunian, Orioko herriko barraren aurrian, balea agertu zan beatzik aldian. Bost traineru joan ziran patroi banarekin, mutil bizkor bikainak guztiz onarekin, Manuel Olaizola eta Loidirekin, Uranga, Atxaga ta Manterolarekin.

Orioko azkeneko balea harrapatu zuten marinelei jarritako bertsoetan akats batbaino gehiago ageri da, eta azterketa sakon bat baino gehiago egin dute gai hauetan ni baino trebatuago direnek. Antonio Zabalaren Auspoa saileko Arrantzaleen bizitza liburuan ikus daiteke hori.

Niri bost patroietako baten abizenak sortzen dit kezka: Jose Eustaquio Atxega Martikorenaren lehenengo abizenak. Gizon hori nire urruneko senidea da, eta nik beti entzun izan diet guraso eta familiakoei haien aitona Jose Maria Martin Atxega Martikorena eta bere anaia Eustaquio izan zirela, beste hirurogei bat marinelekin batera, Orion 1901ean balea harrapatu zutenak.

Nahiz eta bertsoetan Atxaga abesten den, eta gaur arteraino ez diogun garrantzirik eman, uste dugu Atxegaren oinordekoe(o)k merezi dutela/dugula duintasunez, memoria historikoari onespena eginez, haien abizena Atxega dela aitortzea.

Orioko herritarrek usteko dute ni oker nagoela, baina adierazi nahi diet nire ahalegin apalean aztertu ditudala bai Orioko elizako bataio-partidak eta Udaleko errolda-zerrendak, baita balea arrantzatu zuteneko Udalaren akta-agiriak ere, eta gure Eustaquio denetan Atxega abizenarekin agertzen da.

Hortaz, zer dela eta jarri behar da Atxaga herriko horma, elkarteetako adierazpen, Orioko historiaren liburu, arraun liburu, kantu eta bertsoetan? Gainera, ez Orion ez inguruetan ez da inoiz Atxaga abizena duenik izan.

Ez al diogu, ba, bakoitzari dagokiona aitortu behar? Garai bateko norbait erratu bazen ere, gaur egungo familiakoen nahia hori da, eta dokumentuetan datu argiak daude. Nork konpondu behar ditu gaur egun, garai batean erratu zenaren oker mardul horiek?

Atxega Eleizalde, Murguiondo Atxega, eta Urretabizkaia Atxega familietako oinordekook eskatu nahi diegu Orioko herritarrei, herriko alkate jaunari eta arduradunei, saia daitezela Eustaquio Atxega eta haren senide Juana Francisca eta Jose Maria Martinena aintzat hartzen eta haien oroimena zaintzen, akats edo erru historiko potolo hori zuzenduz, haien benetako deitura jarriz: Atxega. Eskerrik asko.

Gertatua jarri dut egiaren alde, hau horrela ez bada familiari galde, bihotzez mindu eta saminduak gaude, gora Atxegatarrak esan beldur gabe.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!