Taupadak kolpe direnean

Karkara 2016ko abe. 29a, 16:36

Indarkeria matxistaren biktima da Ainara Castro Larrañaga. Ezabatu ezin den orbaina eta sendatu ezin den zauria utzi dizkio bizitakoak.

Ainara Castro: “Ez da ahazten, baina horrekin bizitzen ikasten da”

Maitasunaren izenean kolpeak –fisikoak nahiz psikologikoak– jasotakoa da Ainara Castro. Kolpe bakoitza isilpean gordetzen zuen eta, gainera, kolpeak jasotzean bere buruari botatzen zion errua. Jasotako kolpeek, biolentziak, inolako justifikaziorik ez duela onartzea kosta bazitzaion ere, orain argi dauka hori.

Maitasunaren izenean kolpeak –fisikoak nahiz psikologikoak– jasotakoa da Ainara Castro. Kolpe bakoitza isilpean gordetzen zuen eta, gainera, kolpeak jasotzean bere burua kulpatzen zuen. Jasotako kolpeek, biolentziak, inolako justifikaziorik ez duela onartzea kosta bazitzaion ere, egun argi ikusten du. Argi hitz egin du bizitako guztia eta birgogoratzea kolpea izan den arren, terapia ere izan dela aitortu du.

Noiz hasi zen amets gaiztoa?

23 urterekin, ni baino 27 urte zaharragoa zen gizon bat ezagutu nuen. Momentu horretan maitasun falta handia nuen.

Maitasunaz ari garenean, normalean, bikoteen arteko maitasunaz ari gara. Zu ere maitasun falta horretaz ari al zara?

Bai, hori da. Ordurako lau urteko alaba bat nuen. Alabak hiru urte zituenean bukatu zen bere aitaren eta nire arteko harremana. Bakarrik sentitzen nintzen, psikologikoki behea jota nengoen, gaizki.

Eta gizon hori helduleku moduko bat izan zen, ezta?

Bai. Bera nire zaintzaile edo babesle moduan ikusten nuen.

Zeneukan desoreka horretan orekatzen lagunduko zintuen pertsona moduan ikusten zenuen, alegia.

Hori da. Hasiera batean bai.

Baina gero ez zen horrela izan, ezta?

Hiru edo lau urte pasa zirenean guztia aldatu zen. Ezin nuen inora bakarrik joan, ezin nuen inorekin hitz egin. Berarekin joan behar nuen toki guztietara. Berak esaten zuenaren arabera, gizon guztiek inbidia sentitzen zuten bera nirekin zegoelako, eta, hori, gizonezkoek begiratu egiten nindutelako ondorioztatu zuen.

Eta zu noiz ohartu zinen hori guztia ez zela maitasuna, posesioa eta indarkeria matxista baizik?

Hasiera batean berak pila bat maite ninduela uste nuen, eta babes hori maitasun horren ondorio zela. Zazpi urte elkarrekin igaro eta gero lehen bultzada eta masailekoak hasi ziren. Oso agresibo jartzen zen.

Indarkeria psikologikotik fisikora pasa zen.

Ez nuen ulertzen zergatik zuen jarrera hori nirekin, nik ondo tratatzen bainuen. Eguna ondo hasten zuen, umoretsu; baina, orduek aurrera egin ahala, umorea txartzen zitzaion. Janaria lurrera botatzera edo min egitera iritsi zen.

Eta gertatzen zen guztia zuretzat gordetzen al zenuen?

Nik ez nuen ezer ere ez kontatzen. Ez nuen inor arduratu nahi. Lotsa ere sentitzen nuen. Familiak aurretik esana zidan gizon hori ez zela egokia. Ez zitzaien batere gustatzen.Nik ez nien kasurik egiten. Orduan, kontra egin eta gero bizi nuena kontatzea berei arrazoia ematea ere izango zen.

Baina zu kontziente al zinen arrazoi zutela ala laguntza behar izan zenuen hori argi ikusi ahal izateko?

Ez, orduan ez. Behin medikuarenera joan nintzen, berak besotik tira eginda min egin zidalako. Hiru egun pasa nituen etxean, baina sendatzen ez zenez, medikuarenera jo behar izan nuen. Bi ubeldura nituen besoan eta medikuak hori ikustean gaiari tira egin zion eta negarrez hasi nintzen. Psikologoarenera bidali ninduen eta tratamenduan hasi nintzen psikologoarekin eta psikiatrarekin. Begiak irekitzen hasi nintzen orduan, baina berarekin jarraitzen nuen.

Zergatik? Beldurragatik?

Beldur handia sentitzen nuen, bai. Akabatu egingo ninduela esaten zidan, mendi batean zulo bat egin eta hor sartuko ninduela. Oso izaera txarra zuen. Ni, aldiz, oso isila eta lotsatia nintzen. Nirekin nahi zuena egiten zuen.

Erlazioa uzteko beldurra sentitzen nuen. Beldurraz gain beste hainbat sentimendu ere sentitzen nituen. Maite ere egiten nuen...

Egiten zuen guztia eginda ere, maite egiten zenuen...

Asko, gainera. Nahiz eta denborarekin maitasun hori joan egin den, pixkanaka-pixkanaka. Iraindu ondoren, barkatzeko esaten zidan, ez zidala berriz ere egingo. Nik beti sinetsi egiten nion.

Adituen laguntza, beraz, ezinbestekoa izan zen arazoari adarretatik heltzeko, ezta?

Bai. Adituen laguntza ezinbestekoa izan zen, baina baita alabarena ere. Alabak bi alditan ikusi ninduen negarrez. Gizon horrekin ez nengoela ondo esan zidan. Eta zure alabak hori esatea oso gogorra da.

Alaba nola tratatzen zuen zure bikotekideak?

Oso-oso harreman gutxi zuten. Nire alabak ez zuen berarekin erlazionatu nahi. Egunean zehar eskolan egoten zen eta iluntzetan aton-amonen etxean. Arratsalde batzuetan nirekin egoten zen, baina baita familiako beste kideekin ere. Nik ez nuen nahi alabak kontu horiek ikustea, orduan, ezkutatu egiten nuen. Dena den, batzuetan alaba gurekin egoten zen. Bera gurekin egoten zenean iraindu egiten ninduen, baina ez ninduen jotzen.

Eta noiz erabaki zenuen harremanarekin bukatzea?

Jipoi handiena eman zidanean. Txikiteatzerajoan zen. Gero, etxeratzean, bultza eta lurrera bota ninduen. Ostikoka eta irainka aritu zen. Berriz ere kalera joan zen eta orduan nik eskatu nuen laguntza . Hor konturatu nintzen ezin nuela horrela jarraitu. Salaketa jarri nion eta medikuak ere ikusi ninduen. Atxilotuta eman zuen gaua. Hurrengo egunean epaiketa izan genuen eta 18 urteko kartzela zigorra jarri zien. Sei urtez ezin zuen nigana hurbildu, 300 metroko distantziara. Dena den, azken arau hori bi alditan hautsi du.

Epaiketa gehiago izan dituzue, beraz...

Bai.

Orduan, bukatutzat eman zenuenean ez zen bukatu...

Ez. Oraindik beldurra daukat. Ni akabatu arte ez zela geldituko esan zidan eta. Baina orain Alacanten nago eta Oriora joaten naizen bakoitzean egungo bikotekidearekin joaten naiz.

Hara, Alacantera, bizi berri baten bila joan al zinen?

Ihesi etorri nintzen, hemen lagun bat dudalako. Nire egungo senarra ere hemen ezagutu dut. Berak aurrera egiten lagundu dit. Babes handia izan da niretzat. Ezagutu eta gero Zumaiara joan ginen bizitzera, han bi urte egin genituen, baina bueltan etorri gara, duela gutxi, gaixorik dagoen familiarteko senide bat zaindu eta lagundu egin behar dugulako. Oso pozik nago hemen, Monovar izeneko herrian.

Babestu zaituen arren, horrelako egoera bat jasan eta gero, emakumeak autonomoa izan behar duela ere ikasiko ze nuen?

Bai, hori ikasi dut. Kostata, baina bai. Orain sekula egin ez dudan hori egiten ari naiz, 39 urte eta gero zoriontsua naiz.

Askatasunak ematen dizu zoriontasuna?

Aske, hori da hitza. Begietako benda eta esku muturretako sokak kendu ditut. Orain libre sentitzen naiz.

Denok merezi dugu aske izatea, eta inork ez nik pasa dudana pasatzea. Hemendik esan nahiko nieke ni bezalako egoera bizi duten emakumeei ez isiltzeko.

Isiltasunak akabatu egin dezake bat, ala?

Kasu gehienetan bai. Eta, irmoki diot, argi izan behar dugula biolentzia matxistak ez duela inongo justifikaziorik.

Garrantzia ematen diozu isilpean ez gordetzeari...

Bai, nik isilpean gorde nuelako. Ez nuen etxean esan, eta damu naiz, berek jakin egin behar zutela iruditzen baitzait.

Azkenean isiltasun hori haustea erabaki zenuen. Horretarako bide asko daude: larrialdi zentrora joatea, telefonoz deitzea...Denak dira isiltasuna baino hobeak, ezta?

Noski. Beti laguntza eskatu behar da, kontatu. Zeren biolentzia gero eta gehiagora joaten da. Irainekin hasten dena jipoiekin bukatzen da. Barkamena eskatu arren, aldatuko dela esan arren; hori ez da horrela izaten. Okerrera joaten da.

Kontatzeak berak sendatzen laguntzen du?

Laguntzen du, terapia modukoa da. Bizitakoa gogorarazten dudan bakoitzean negar egiten dut. Ez da ahazten. Denborak guztia sendatzen duela esaten da. Ez dakit horrela den. Nire kasuan ez dut ahaztu, baina horrekin bizitzen ikasi dut.

Eta alabak? Zurekin bizi al da?

Bai. Oso harreman ona du nire bikotekidearekin. Bere aitaren familiarekin, ordea, ez du harremanik. Orion izan zen bisitan irailaren 15ean, aiton-amonekin.

Zu azkenekoz noiz etorri zinen?

Azaroan. Lagun bat bisitatzen izan nintzen. Ea laster itzultzen naizen.

Faltan sumatzen dituzu gertukoak?

Bai. Tarte hau aprobetxatu nahiko nuke nire anai-arrebei eta ilobei maite ditudala esateko. Gainontzeko senideei ere eskuminak bidali nahiko nizkieke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!