Euskalduna eta erosketako poltsa

Zure lurra maite baduzubezalako esloganekin itsutzen gaituzten bitartean, eusko labeleko tomateek ez dute lurrik ukitzen.

Jakina da, identitatea zerbait aldakorra dela, gu eta besteen arteko harremanean eraikia. Ondorioz, baita euskal identitatea ere, historia erreparatuz gero, garai batean, garrantzitsua hidalgo izatea zen, ondoren Aranarekin, abizenak, arrazak ziren garrantzitsu, eta azken hamarkadetan, hizkuntza da muga eraikitzeko ezaugarririk garrantzitsuena.

Hala ere, egun, neoliberalismoaren haritik, aldatzen ari da, edo behintzat hizkuntzaz gain kontsumoa gehitu zaio. Egun, kontsumitzaile bezala hautematen eta kokatzen gara munduan, fribolitatera iritsi delarik. Etengabeko kontsumo neoliberaletik harago, norbanakoaren ardura erosteko unean amaitzen dela iruditzen zaigu. Haurrak eskolara eraman eta bueltan produktu perfektu gisa jaso nahi ditugu, kontsumo zabor sortzaile batean birziklatzea aukera bat dela iruditzen zaigu...

Azken hamarkadetan, turismo exotikoaren ondorioz identitatea ere kontsumitzera igaro gara, hasieran nolabai teko folklore bezala, ikusi, Iparraldean, nolako oroigarriak saltzen diren, edo nolako turismo iragarkiak egiten ditugun Hegoaldean. Baina hau urrutirago joan da, jada ez da nahikoa beste gauzen artean euskaraz hitz egitea, euskalproduktuak erosi behar dira. Ni ez nago bertakoa erostearen aurka, nire aburuz garaian garaikoa eta bertakoa erosi behar da. Arazoa, gure kulturaren ardura erosketen arabera antolatzean datza eta bertako produktuak saltzeko eredu eta mezuetan. Hau da, era kontziente batean sortu, birsortu zein kontsumitu behar dugu identitatea.

Horregatik ipintzen dizkiot kakotxak euskal diodanean, marka handien esloganen harira erosten dugu, gure identitatea eraikitzen dugulakoan, zure lurra maite baduzubezalako esloganekin itsutzen gaituzten bitartean, eusko labeleko tomateek ez dute lurrik ukitzen. Beraz, bertako produktuak dagokien garaian era kontziente batean kontsumituz eta bertako kultura sustatuz, ekologikoago, sostengarriago eta demokratikoagoa den eredua bultzatzen dugu. Eta ez, iragarkietan ikusi ondoren, supermerkatu handienera joanaz, kaiku edo eusko label markapean plastikoz inguraturiko jakiak erosiz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!