Maria Auxiliadoraren Afrikako abenturak (II)

Karkara 2016ko abe. 29a, 16:51

Orioko herriko Goiko Kaleko karkara batean, mutiko bat dabil, gaueko iluntasunean argitzeko, eskuan kriseilu bat duela; bapore bateko txotxoa da eta oihuka ari da: Maria Auxiliadora, seietan irteera!

Maria Auxiliadora arrantzontzia leku askotara ailegatu zen, urrutira, baita Afrikako Senegaleko kostaldera ere. Fikziora ere iritsi zen, Andu Lertxundik zuzendutako Kareletik filmera. Pelikula horren hasiera da Orioko herriko Goiko kaleko txotxoarena, eskuan kriseilu bat zuela, oihuka, arrantzaleak itsasora joateko esnatzen zebilenarena.

Lehen bidaiako odisea

1961eko urriaren 9an itsasoratu zen Maria Auxiliadora Orioko moilatik, barruan arrantzaleak eta arrantza-tresna guztiak zituela. Ordurako, atunak utziak zituen euskal kostaldeko urak, eta haren atzetik joatea erabaki zuten Mediterraneora, Algeciras aldera. Han, pare bat marea egin zuten; gero, eguraldi txarra sartu eta portura jo zuten.

Eguraldiak onera egin zuenean, berriro itsasoratu ziren, baina ordurako zerrotea ere desagertua zen hango uretatik. Itsasontzi gehienek denboraldia bukatutzat ematea erabaki zuten. Maria Auxiliadorako arrantzaleak berriz arrantza gosez zeuden artean. Estanis beteranoa etxera itzultzearen aldekoa zen, baina semeak gazteak ziren eta eskifaiako gehienak ere bai. Denak ez zetozen bat hartu beharreko erabakian.

Juanito Larrañaga Xarpasek Dakarrera joatea proposatu zuen, Senegalera. Bera lehendik ere han ibilia zen, Dakarreko arrantza-bankuetan, eta bazekien han arrain asko izaten zela. Auxiliadorako gehienak bat etorri ziren Xarpasekin, eta proba egitea erabaki zuten, hara joatea, Kanarietatik barrena.

Kanaria Handiko Las Palmasen lehorreratu ziren, gasolioa eta bibereak hartzeko. Marinako Komandantzian erretenitu egin zituzten. Ontzian ez zihoan kostako patroirik inor, araudiaren kontra. Bertako bat hartu behar izan zuten berriro itsasoratzeko. Orduan bai, orduan Dakar aldera jo zuten.

Ez ziren ondo moldatu gizon harekin. Haren lan egiteko modua eta oriotarrena ez zetozen bat. Eztabaida handiak eta garratzak izan zituzten. Azkenean, erabaki zuten gizon hura lehorrean uztea, adostutako diru-saria ordaindu eta gero. Dakarren utzi zuten.

Xarpasen larrialdia

Afrikan ez zegoen hobeto hasterik. Egun gutxitan goraino bete zuten baporea arrainez, bere mugaraino –32.000 kg.–. Arraina Dakarren lehorreratu zuten.

Itsasoan ustekabeak gertatzea normala da. Dakarreko arrantza-gunean zirela, konturatu ziren egurrezko txanelak pitzadura handi samarrak zituela eta ura sartzen zitzaiola. Txanelekoa, hala ere, Xarpas, moldatzen zen nola edo hala bere xukaderarekin. Gau batean, hala ere, txanela gizona barruan zuela uretan utzi zuten, itxituraren erdian, bere traste guztiekin –bateriak, argitarako fokuak, arraunak, xukadera, beita...–.

Baporea arrantzarako prestatzen ari zela, txanelean ura sartzen hasi zen, asko. Hondoratzen hasi zen, eta Xarpas larritzen, argiek erakarrita inguruan tiburoiak zebiltzala ikusita. Xarpasek bapore aldera jo zuen, arraunean, aldi berean ura xukatuz, baina ezinean.

Egoera larritzeko, baporeak matxura txiki bat izan zuen eta sarea ixteko maniobra bertan behera geratu zen. Xarpas ere jabetu zen horretaz. Baporeko gizonak ere bai Xarpasen egoeraz. Trantze benetan larria eta arriskutsua izan zen hura, baina azkenean lortu zuten Xarpas baporera onik igotzea. Egoera hartan, arrantzaleetako bat baino gehiago gogoratu zen txikitan ikasitako otoitzez.

Dakarreko abentura

Itsasoan larri tiburoien artean, baina lehorrean ere larri, burokraziaren erdian. Arazoak. Senegal frantsesen kolonialismotik askatu berria zen, eta hango egoera politikoa nahiko gorabeheratsua zen.Orduan Senegalek ez zeukan inolako harreman komertzialik ez politikorik Espainiarekin eta horren ondorioz ezin zuten arraina, Dakarreko arrain-bankuetan harrapatua, han saldu.

Saiatu ziren arazoa konpontzen, horretarako jo behar ziren ateak jotzen. Baina ezin. Beraiek ezin saldu arraina eta gainera beren diruarekin ezin ezer erosi. Gauzak trukatzen ere ez zieten uzten. Egoera larria zuten. Bibereak eta erregaia ahitzen hasita, egun gutxi batzuetarako besterik ez zuten. Gasolioa motor laguntzaile bat martxan jartzeko bakarrik zeukaten, argiak, irratia eta gainerako aparailuak pizteko balio zuena. Jatekoak errazionatzen hasi ziren. Eskerrak baporeko baserritar batek gordea zuen zaku batean ogi zaharra, kanpaina bukatutakoan baserrira eramateko; hura banatu behar izan zuten.

Egunak pasa ahala, etsitzen hasi ziren. Egoera txarra zuten: egonezina, haserreak, etsipena; eta, gainera, epidemia bat zabaldu zen, infekzioa eta garauak, Algecirasen inolako txertorik hartu gabe jo zuten Dakar aldera. Egoera kaotikoa bihurtu zen, baporeko arrantzale asko gaixotu egin ziren. Baporeko jangela, bertan ama birjinaren irudia zeukana, erizaintzako gela bihurtu zen. Hantxe zaintzen zituzten arrantzaleak, gero eta maizago ateratzen zitzaizkien erlakiztenetatik.

Jaungoikoa oriotarren alde

Gauzak horrela zeudela, igande batean arraza zuriko bikote bat ikusi zuten moilan pasean, haur txikiekin. Bikotea ere harritu egin zen han Espainiako bandera zuen barku bat ikusita. Ontzira inguratu ziren, interesa erakutsiz. Berriketan hasi ziren. Panamako enbaxadorea zen, Santanderkoa bera, familiarekin pasean zebilena. Haiek berehala konturatu ziren oriotarrek ezer gutxi zekitela Senegaleko egoera politikoaz.

Enbaxadoreak atera zituen egoera latz hartatik. Hurrengo egunean, han zen berriz, kamioiak, bibereak, baimen berezi bat, eta behar zen guztiarekin. Arraina saldu ahal izan zuten eta gainera inguru hartan arrantzan segitzeko baimena eskuratu, beste marea batzuk egiteko.

Ezkutuko arrantzalea eta platano berdeak

Ailegatutako bibereen artean, platano sorta eder bat ere bazen, artean heldu gabeak, berde samar. Gizonak artean gose ziren, asetu gabe zeuden. Gau hartan, guardia egiten ari zena, gero sustoaren ondoren aitortu zuenez, platanoak jaten hasi zen, bat bestearen atzetik. Biharamunean, sukaldaria ohartu zen han platano asko falta zela, eta arrantzaleen artean susmoak eta esamesak hasi ziren, txantxetan errua hango hegaztiei emanez, baina jakin bazekiten platanozalea baporean zegoela, beren artean. Agudo argitu zen egoera. Handik ordu gutxitara arrantzale batek koliko izugarria zuen. Gizona larri jarri zen, beldurtu egin ziren haren osasunaz, baina mutilak hobera egin zuen; hori bai, ez zen libratu beste arrantzaleen txantxa eta adar jotzetik.

Sierra Leonara bermeotarrekin eta lekeitiarrekin

Beste marearen bat ere egin zuten. Egun batean, itsasoan zirela, jakin zuten irrati bidez Euskal Herriko hainbat bapore hara joatekoak zirela arrantzara, Bermeoko 13 eta Lekeitioko 3. Baimendutako eta antolatutako kanpaina baten barruan joan ziren Bizkaiko ontziak. Seigarren kanpaina zuten hura. Aurrekoak Dakarren eginda, oraingoan hegoalderago zihoazen, Sierra Leonara, hango hiriburu Freetown izango zuten lehorreratzeko portua.

Oriotarrak asko poztu ziren, soldaduskan ezagututako gazteak topatu zituzten etorri berrien artean. Kanpainaren berri jakinda, Orioko ontzikoak harremanetan jarri ziren Míster John Tasso Van Camp Sea Food Company konpainia amerikarraren arduradunarekin, eta lortu zuten, paperak beteta, beraiek ere aukera izatea Sierra Leonako kanpainarako.

Oriotik abiatu zirenetik zazpi hilabete pasatuta bukatu zuten Sierra Leonako azken kanpaina eta itzuli ziren etxera.

Tiburoiak eta naufragioa

Afrikako zona hartan tiburoi asko ibiltzen zen ontziaren inguruan. Behin, ontziaren patroia kareletik pixa egiten hasita, tiburoi batek salto egin zion, ur txorro haren iturriaz jabetzeko asmotan. Sarasuak atzera egin eta ozta-ozta libratu zen tiburoiaren erasoaz.

1962ko otsailaren bukaera aldean, itsasoan zirela, Maria Auxiliadorak laguntza eman behar izan zion Bermeoko San Pancracio ontziari, haien naufragioan. Gaua zen, itsasoa bare, goizeko hirurak aldera, guardian zegoen Martxiel Urkizuk ikusi zuen nola inguruan ziren Bermeoko bapore haieta- ko bat gainera zetorkiela noraezean. Ikaratuta, oihu egin zuen baporea hondora dihoala. Bapore hura sutan zetorren, kontroletik kanpo, zuzenean beraien gainera.

Marrua entzunda, oriotarrak denak altxatu ziren beren kamainetatik, eta Estanis patroiak marru egin: arranka mo torra. Motoristak motorra martxan jarri eta abante eginda lortu zuten San Pancracioren talka saihestea. Gainerakoan, txokea gertatuko zen eta biak hondora joan.

Ondoren, atzera egin eta laguntza eman zieten: lehenengo, sua itzaltzen eta, gero, baporean ura sartzen zela ikusita, kubiertan zeuden sare, kanabera eta gainerako tresna guztiak Maria Auxiliadorara pasatzen. Inguruan, bitartean, tiburoiak zain. Larri ibili ziren, baina lortu zuten gizon guztiak bapore batetik bestera pasatzea.

Bermeotarrek Orioko baporetik ikusi zuten, begiak malkotan zituztela, nola beren ontzia hondoratzen zen Afrikako ur haietan.

Lehorrera iritsita, San Pancracio ontziko bibereak eta gizonak gainerako bapore guztien artean banatu zituzten. Maria Auxiliadorari sukaldaria egokitu zitzaion, Julen. Gizon hark kontatu zien oriotarrei hura bere hirugarren naufragioa zuela. Oso gizon eta sukaldari ona zen Julen eta harreman estua sortu zen haien artean. Bermeon lehorreratu zutenean, malko asko ziren oriotarren masailetan.

Oriora iritsi zirenekoa

Orion itsasoratuta 1961eko urrian Algeciras aldera abiatu zirenean, gabonetan etxeratzeko asmotan ziren. Bizpahiru hilabete itsasoan. Baina gauzak bestela joan ziren eta 1962ko maiatzaren 5ean bueltatu ziren herrira.

Itsasoan izan ziren bitartean, karta bidez jakiten zuten Orion Auxiliadorako arrantzaleen berri. Afrikan zebiltzan arrantzaleen gaineko albisteak berehala zabaltzen ziren okindegi, denda eta tabernetan, eta batez ere eskabetxerietan –orduan herrian asko zeuden–. Bikarioak berak ere gogoan izaten zituen, elizako sermoi eta otoitzetan.

Herritarrek bazekiten Maria Auxiliadora zer egun eta zer ordutan lehorreratuko zen Orion. Langileak eskabetxeria eta tailerra utzi eta kalera atera ziren, baita haurrak eskolatik ere. Jende asko bildu zen barran, arrantzaleei ongi etorria egiteko, eta haiekin batera moilaraino etorri, baporeko arrantzaleak pozez gainezka agurtuz.

Elizako kanpaiak jotzen ari ziren, festa-egun handietan bezala. Itxaferoak bota zituzten zerura, estropalariek bandera irabazitakoan bezala. Fabrika eta tailerretako sirenak ere joka hasi ziren, kofradiako kanpaia bezala. Eta moilan amarratuta zeuden baporeek, beren bozinak. Herrian ziren eta, ongi etorriak animatuta, Maria Auxiliadora ere sirena jotzen zuela iritsi zen moilara. Urte batzuk lehenago –1957-58–, antzeratsu gertatu zen Madre del Cantabrico baporea Dakarretik itzuli zenean.

Baporeak itxura kaskarra zuen momentu hartan. Ez zuen antzik zazpi hilabete lehenago itsasoratu zen barkuarena. Ia ez zitzaizkion koloreak antzematen, herdoilduta, zikina...

Emozio handiko ongi-etorria

Ongi etorria borobiltzeko, musika-banda bakarrik falta zen, eta Aiestaran alkate jaunak udaletxean harrera egitea. Egun zirraragarria izan zen arrantzale haientzat eta beren senideentzat, baita herritar askorentzat ere. Sentimentala esaten zuen baporeko arrantzale batek, Martin Aizpuruak, begietan malkoak antzematen zitzaizkiola, hunkigarri eta ahaztezina.

Hurrengo egunetan baporea pintatu eta txukundu egin zuten, eta lehen egunean bezala utzi. Eta arrantzan segitu zuten Oriotik.

Garai hartan arrantzaleek zuten kezketako bat zen lana urte guztian izatea itsasoan. Auxiliadora horretan saiatu zen, itsasoko kanpainak luzatzen. Horretarako, bitan banatu zuen pertsonala, 15 egun inguruko mareetan txandatzeko. Arrantzako hiru moduak erabiltzen segitu zuen: zerkoa, kanabera eta arrastea.

Horrela jarraitu zuen baporeak urte batzuetan, sarasuatarren eskuetan. Gero, gorabehera batzuen ondoren, azkenean baporea saldu egin zuten, garaiko milioi bat pezetaren truke. Baporea Oriotik A Coruñako Santa Uxia de Ribeirara aldatu zen. Geroztikakorik ez dakigu ezer bapore harena.

Historia, zientzia eta literaturako izen handiko pertsona askorentzat, XIX mendeko bela-ontzi handiak dira gizakiak sekula egindako izaki perfektuenak eta ederrenak. Perona bat d ator haiekin. Eta beste horrenbeste esango luke, ontzi motordunei dagokienez, sarasuatarren Maria Auxiliadorari buruz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!