Asteroko azoka, Orioko historiaren parte: zer zen eta zer da?

Karkara 2017ko urt. 30a, 11:16

Urte mordoxka da era bateko edo besteko azokak egiten direla Orion. Denboran atzera eginda, jatorria izan daitekeenetik gaur egungo  merkatura arteko bidea egin dugu. Irakurri, irakurri! Merke merke!

Asteroko azokaren jatorria ziurtasunez berrestea zaila da Orion, erretako udalarekin galdu baitziren dokumentu asko. Herriko ekoizpena herritarren oinarri zen garaietan sortu zireneko ustea nahikoa zabaldua dago; nekazaritza alorrean, etxeko beharrak asetuta, baserritarrek beren uztak eta abereak herrigunera jaisten omen zituzten saltzeko; hori zuten beren ekoizpenen merkaturatze-bidea.

Arrantzari eta ontzigintzari lotutako herria dugu Orio, baina nekazaritzak ere izan zuen bere garrantzia. Marta Trutxuelok  Orio historian zehar lanean jaso zuenaren arabera, XVI. eta XVII. mendeetako eskasiak itsasoarekin zerikusia zuten jardueretan eragin zuen bereziki, eta nekazaritzari ekin zioten oriotarrek beste irtenbide baten bila. XVII. mendearen 20ko hamarkadatik aurrera, hortaz, nekazaritzari esker hasi zen berpizten Orioko ekonomia eta XVIII. mende bukaera arte oriotarren ekonomi-iturri garrantzitsuenetarikoa izan zen. Esate baterako,  642 biztanle zituen Oriok 1787an eta horietatik 548 ziren nekazariak –Floridablancaren Zentsuan jasoa–. Arrantzaren eta ontzigintzaren susperraldia eta gatazka politikoak tarteko, gainbehera egin zuen pixkanaka. Bizirauteko beste bide batzuk hartu zituen nekazaritzak –lanberritzearekin jarraituz, Kontzejuarenak ziren errentako lurrak, errotak, etxaldeak eta lur-sail propioak salduz... – eta jardunari eustea lortu zuen etxerako adina atereaz, horretarako egokiena baserri-bizimodua zelarik.

Azokak herrian

1852. urtekoa da Orioko Udal Artxiboetan  asteroko azokari buruz dagoen agiririk zaharrena. C-100.2 dokumentuaren arabera, 1852ko uztailaren 9an eman zuen Tolosako Batzar Nagusiak Orion  abere-azoka egiteko baimena. Hileko azken larunbatetan inguruko baserritarren ganaduak Orion egoten ziren hortaz, salgai. Urte batzuen poderioz, ganadu azokarentzako bereziki altxatako plaza egitea erabaki zuen Orioko Udalak. 1883ko udal aktan jasoa dago nola udalak baldintza pleguak kaleratu zituen errio inguruan zegoen Ondarduguia eremuan helburu horretarako plaza egiteko. 

Ganadu-merkatuari buruz ezer gutxi dakigu. 1949ko udal akta batean ganadu azoka larunbatetan egiten jarraitzen dela aipatzen da, eta goizean egitetik, goiz eta arratsaldez ospatzera pasatzen dira.

Bestalde, Gipuzkoako Gobernadore Zibilak 1917ko otsailaren 18an sinatutako agirian eman zion astean behin, larunbatetan, merkatua egiteko baimena Orioko alkateari. Udalak Casa de los Arcos delakoa egokitu zuen horretarako, mahaiak eta aulkian jarri eta paretak zurituta. Eta martxoaren 3an inauguratu zuten.

Hiru urte eta gero, eta ondorengo urteetan, plaza estaltzeko eskaerak, behin eta berriz ageri dira Udal aktetan. Ez dakigu zer pasa zen ordura arteko asteko azokarekin, baina merkatua Herriko Plazara eramateko saiakerak ageri dira.   Hainbat eztabaidaren ondoren, Portuko Zuzendaritzaren arautegia dela-eta, 1925eko abuztuaren 20an, ostegunarekin, inauguratu zuten merkatu berria, Esteban Orbegozo arkitektoak diseinatutako estalkiarekin.

Tasei dagokionez, postua jartzeagatik (1,5 pezeta), eserleku bakoitzeko, otar edo paketeko, oilo, oilasko edo ahate pareko, antxume edo arkumeko, larru pieza bakoitzeko eta ehizako piezako (0,05 pezeta) ordaindu behar izaten zuten azokako saltzaileek 1927an. Plaza erabiltzen uzteagatik eta azokako saltzaileei emandako zerbitzuengatik Udalak azokatik jasotzen zuen diru-sarrera eskasa argudiatuta, tarifak bikoiztu egin zituzten 1949an.

Martxa ona hartua izango zuen azokak urteen poderioz, 1952ko uztailean merkatua astean bitan egitea adostu baitzuten udal ordezkariek. Herriarentzako eta herritarrentzako onuragarria izango zela azpimarratu zuten. Ostegunetan egiteari laga zitzaion, asteazken eta larunbatetan egiteko.

Jakietatik arropara­

Artisautza eta jaki postuak biltzen zituen hasierako azokak. Jendartearen ohiturekin batera, postuak ere aldatuz joan dira eta gaur egun, arropak presentzia nabarmena du ostegunetako azokan. Kultura eta Merkataritza teknikariaren esanetan, postuen aniztasuna zaintzeko konpromisoa badago, baina sortzen diren hutsuneak betetzeko garaian, arropa-saltzaileak bakarrik daude merkatuko zuloak betetzeko prest. Horixe pasa da gazta-saltzailearekin ere. Bi belaunaldi oso eman ditu Zabala gaztak gurean, eta iaz agurtu gintuen. Ez da beste gazta-saltzailerik etorri.

Merkaturatzeko bideaz gain, azokek bizia ematen diote herriari, tokian tokiko ondare soziala eta kulturala osatu izan baitute urtez urte –Begiristain, Malagon eta Oñederra, 2016–. Baina, jendearen kontsumitzeko modu berrien eraginez, azokako eta herriko merkatarien arteko tira-birak sortu eta Orioko salmenta ibiltaria erregulatzen duen ordenantza argitaratu zuen Udalak 2015eko ekainean.

Azoka, estu eta larri

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!