“Bakarkakoa da judoa, baina beste baten laguntza ezinbestekoa da”

Karkara 2017ko urt. 30a, 16:19

Hamasei urterekin, Karela kiroldegiko harrobiak emandako judoken artean gerriko beltza lortu duen aurrenekoa izan da Eneko Eizagirre. Bere entrenatzaile Gorka Aristondorekin batera egin diogu elkarrizketa.

Aurreko urtea bukatu aurretik, azaroan, jantzi zuen estreinakoz gerriko beltza Eneko Eizagirre oriotarrak.

Nola joan da gerriko beltza lortu arteko prozesua?

E. Eizagirre:  Judoan 6-7 urterekin, txikitan, hasi nintzen. DBH 1ean  nengoela Lasartera joaten hasi nintzen judo egitera, Orion ez zegoelako nire adinerako talderik.  Ez nuen denerako tarterik izaten eta utzi egin nuen.  

Iaz, ordea,futboleko entrenamenduez gain kirol gehiago egin nahi nuen; hura gutxi iruditzen zitzaidan. Kiroldegian nire kabuz hastea pentsatu nuen, baina banekien ez nuela nire buruarekin sarri joateko konpromisoa hartuko eta judoan hastea erabaki nuen. Aitzakia horrekin heldu nion  berriz. Pixkanaka gero eta gehiago inplikatzen joan naiz. Dena den, ia hasieratik nuen gerriko beltza lortzeko asmoa. 

G. Aristondo: Gerriko beltza ateratzeko kata deitzen dena ikasi behar da. Lehen  tatamian ikasten zen, baina orain federakuntzak ikastaroak antolatzen ditu. Gerrikoa atera nahi duenarentzat errazagoa da, espezifikoki horretara joaten delako. Eta guk ez dugu denbora bilatu behar hori lantzeko, zeren orduak eskaini behar izaten zaizkio.

Noiz erabaki zenuen, beltzaren bila joatea?

E: Bigarren kirol moduan hasi nintzen eta aurreko urteko Aste Santuen  bueltan erabaki nuen serio hastea.

A: Gerriko beltza lortzea helburu genuen. Hasieratik zirikatu nuen nik. Serio entrenatzen ari dela ikusten dudana azterketara joatera animatzen dut. Enekok dena serio eta arduraz hartzen du. Horrez gain, adina ere bazuen. Izan ere, gutxienez 15 urte behar dira gerriko beltza lortu ahal izateko.

Denbora gehiago behar izaten da, hortaz, normalean?

A: Bai. Lasarten gerriko beltza prestatzen ari zen taldetxo bat geneukan, 8 lagunez osatutakoa. Azterketa hori egitera 2 bakarrik joan ziren; bat Eneko. Horrek esan nahi du besteak bidean geratu direla, badoaz aurrera, baina pixkanaka. Hurrengo azterketara joango dira, ekainean.

Enekoz oso harro nago, gerriko beltza lortu duen eta Karelatik atera den lehenengo judoka izan da.

Prestatzera beste herri batera joan behar izateak ez du judoken bidea errazten.

A: ez dugu lortu oraindik erabateko jarraitasunik. Ikaragarrizko judokak eta taldeak eduki ditugu, oso kirolari onak. Alebin arte iristen dira eta ondoren arraunera, futbolera… joaten dira. Eskubaloira joan zen aparteko belaunaldia ere izan genuen. Konpetentzia handia dago.

Judoari hel diezaioten saiatu eta saiatu ari gara. Noizbait taldetxo bat lortzen badugu aurrera egingo dugu. Ez dela ateratzen? Nik beti esaten dut daukadan jendearekin egiten dudala lana. Beste herrietara joateko aukera ematen dugu.  Enekok jarraitu egin du eta momentuz hor dago goi-goian.

Ikastaroak non egiten dira?

E:Tolosan egiten dira, asteburuetan. 6 ikastaro egin ditut nik. Bakoitza 4 ordukoa da.

G: Ikaragarrizko esfortzu pertsonala egin du Enekok. Esfortzu ekonomikoa ere aipatzekoa da. Azterketa, ikastaroak, pegatinak, lizentziak, bidaiak… Meritu handia dauka.

Era berean ikasketetan ere oso ondo dabil. Oso ondo antolatzen da.

E: antolaketa beharrezkoa da. Astean 3 entrenamendu saio egiten ditut Lasarten eta beste 2-3 fisiko Orion. Ikasketak, etxeko lanak, ingeles akademia, azterketak… antolaketa onik gabe ezin da aurrera egin.

Nolakoa da gerriko beltza lortzeko azterketa?

E: Epaimahai bat jartzen dute eta horien aurrean aritu behar duzu. Teoriari eta teknikei buruz galdetzen dute eta horiei erantzun behar izaten zaie.

A: programaketa bat izaten dute judokek. Hiru azterketa eredu egoten dira eta bat aukeratu behar izaten da. Teknika batzuk egin behar izaten dira gero: lurrekoak, zutikakoak eta Tokui Waza –gehien gustatzen zaizun teknika–, norberak bere teknikak nahieran konbinatuz. Bukatzeko Nage No Kata –konpetizio kata– eta ariketa batzuk egin behar dira.
Bakarkakoa da judoa, baina beste bat behar da zuk aurrera egiteko… horretxegatik egiten dugu agurra hasi baino lehen. Edozein ariketa egiterakoan eskerrak ematen zaizkio kideari norberari hobetzen laguntzeagatik eta alderantziz.
E: bikoteak aurrez aukeratzen dira, hitz eginda eta agendak bateratzea zaila izaten da.

Txapelketetan ere indartsu zabiltza.

E: Espainiako bigarrena naiz momentuan nire mailan; hortxe­ gabiltza aurrenekoa eta ni. Europako Koparako sailkatzeko aukera izan dut eta gutxigatik geratu naiz kanpoan.

Beste batzuen erreferente izan zaitezke Eneko.

A: hori da ideia, baina zaila daukagu. Gutxi dira judoarekin jarraitzen dutenak eta zintzilik geratzen dira azkenean. Taldetxo bat lortuko bagenu… Bitartean, Eneko eta biok hurrengo danaren bila joango gara tokatzen denean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!