Mugaminak

Arrate Illaro 2017ko ots. 1a, 12:21

Asko dira azken urteotan Mediterraneotik heldu zaizkigun berriak, baina ezer gutxi nekien nik Zipreri buruz. Lehengoan Kultur Etxean proiektatutako Mugaminak dokumentalak, ordea, uharte horretako errealitatea ekarri du gurera: munduko beste herri askotan bezala, Zipren familiak eta norbanakoak dira gatazka politikoen eta botere indarkeriaren biktima.

Xuban Intxausti zuzendaria, Amets Arzallus bertsolaria eta gainontzeko lantaldea Pafos hirira joan ziren iazko udan, bertako poeta eta inprobisatzaileekin elkartu eta hango berri izatera. Errespetuz eta tentuz jakin dute biktimen mina eta egoeraren gordina azaleratzen. Eta ausardiaz aritu dira, aldi berean, Euskal Herriko gatazkari buruz. Bertsoa, poesia eta ikus-entzunezkoak uztartuta, zer hausnartua emango dion joan etorriko bidaia batean murgiltzen dute ikuslea.

Donostia 2016ko Europa Transit enbaxadaren baitan gauzatu da Mugaminak, 50 minutuko dokumentala. Ikusi nahi duenak EITB Nahieran atarian du aukera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!