Ia 400 korrikalari, Zaragueta Eskolako Kros Txikian

Karkara 2017ko ots. 6a, 11:55

Korrika saio ederrak egin zituzten ikasleek, ipar haizeak eta euri zaparradek utzitako tartetan

Atzo burutu zen Zaragueta Herri Eskolak urtero antolatzen duen Kros Txikiaren 8. edizioa. Eman indarra zure seme-alabei lelopean, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek lasterraldi bizi-biziak egin zituzten hondartza inguruko kaleetan. Antolatzaileak gustura agertu ziren, besteak beste, krosaren aitzakiarekin Lasarte, Usurbil, Aia, Zarautz eta Orioko haurrak elkartzea lortu zutelako.

Gainera, aipatu zutenez, lasterketak izandako parte hartzaile kopuruarekin harrituta geratu ziren, eguraldi txarra tarteko, jende gutxiago espero baitzuten: Zortzigarren edizio hau nola joan den ikusita, oso pozik gaude, urtez urte Kros Txikiak ekimen gisa hartu duen gorputzarekin. Pozgarria da herri eta ikastetxe ezberdinetako ikasleak elkarrekin lasterka eta goiz-pasa ederra egiten ikustea. Eskerrak eman nahi dizkiegu krosa antolatzen lagundu diguten gurasoei, eta noski, parte hartzaile guztiei.

Ikasleak txandaka egin zituzten lasterketak, adinaren arabera luzera ezberdineko zirkuituetan. Txikienek gurasoei eskutik helduta egin zituzten lasterketako metroak, irribarre, arnasestu eta negar zotin bakanen baten artean. Ordea, korrikalarien adina gora zihoan heinean, lasterkariak gogotik ahalegindu ziren zirkuituko metroak ahalik eta azkarren egiten.

Denak itzuli ziren pozik etxera, tripan zulo ederra eginda, eta denak, txapeldun.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!