Elene Tamayo: "Itsasoa faltan sumatzen dut, eta hori nire lanetan ikusten da"

Karkara 2017ko ots. 7a, 12:32

Erakusketa jarri du Elene Tamayok Kultur Etxean. Otsailaren 3an, ostiralean, egin zuen estreinaldia eta hilaren 24ra arte egongo dira bere ilustrazioak ikusgai.

Txikitan margoak beti eskuetan izaten zituen Elene Tamayok, eta argi zuen sormenarekin loturiko zerbait egin nahi zuela. Ilustrazioak egiten ditu orain, eta horiek erakusgai ditu Kultur Etxeko areto nagusian, otsailaren 24ra bitarte.

Nola hasi zinen ilustratzen?

Batxilergo artistikoa egin nuen nik, eta betidanik marraztu izan dut. Gero sorkuntza eta diseinuko gradua ikasi nuen, amaitu berri dut. Graduan arte eta diseinu espresio desberdinak lantzen genituen eta gehien gustatu zaidana ilustrazioa izan da. Horregatik, orain, ilustrazioko masterra egingo dut Valentzian.

Zer da ilustraziotik gehien erakartzen zaituena?

Oihal batean margotzen duzunean, margotzeagatik egiten duzu. Ilustratzen duzunean, berriz, gauza gehiago kontatzen dituzu nahi duzun modura. Eta diseinu mundura gehiago dago bideratuta: liburuak egiteko, botilen etiketak diseinatzeko... kuadro bati ematen ez dizkiozun erabilerak eman ahal zaizkio ilustrazioari.

Ilustrazioa marrazketaren alor bat da eta niri arkatzarekin marraztea asko gustatzen zait. Horrez gain, liburuen ilustrazioa gustuko dut.

Liburuxka bat egin duzu gradu amaierako lanerako

Bai, hori da nik egin nahi dudana; lan oso polita da. Liburu osoa nik egin nuen: ilustrazioa, testua eta maketazioa.

Gaia aukeratzerako orduan, artearen eta zoriontasunaren artean zegoen harremanaz hausnartu nahi nuen. Horrela, autolaguntzako liburuetara iritsi nintzen eta liburu horietatik motibazio esaldiak aukeratu nituen. Hortik abiatuta, ilustrazioak egin nizkien esaldiei.

Zein teknika erabiltzen dituzu ilustratzeko?

Arkatza, akuarela, tenpera, tinta txinatarra, errotulagailuak... denetik erabiltzen dut, asko gustatzen zait teknikak nahastea. Estanpazioa ere erabiltzen dut, eta orain bordatuak ere egiten hasi naiz. Beti gauza bera egiten aspertu egiten naiz eta berritzea gustatzen zait.

Lehen aldia al da erakusketa bat jartzen duzuna?

Madriden denda eta taberna banatan jarri dut erakusketa, han askotan jartzen dituzte erakusketak tabernatan. Baina lehen aldia da hemen, Orion, erakusten dudala nire lana.

Niretzako Orion erakusketa jartzea oso berezia da, garrantzitsua. Erronka handia izan da niretzako, presio handia izan dut.

Zuhaitz eta animalia asko ikusten dira zure lanetan. Naturarekin inspiratzen al zara?

Erakusketa, berez, miszelanea bat da, urtean zehar egin ditudan lanen bilduma. Baina bai, nire inspirazioa natura da: landareak, zuhaitzak, animaliak... Naturak asko inspiratzen nau, batez ere itsasoak. Baleak marraztea asko gustatzen zait, eta baita elefanteak ere: animalia handiak izanagatik ere, gaizki pasatzen dute gizakiongatik.

Zure helburua, beraz, ilustratzaile izatea al da?

Bai, graduan denetik pixka bat ikasten duzu, baina espezializatzeko beharra sentitu dut nik. Horregatik aukeratu dut masterra egitea, ilustrazioan sakontzeko eta euskarri desberdinetan ilustratzen ikasteko: kartelgintza, etiketa-diseinua, animazioa... aukera handiak ematen ditu.

Madrilen bizi zara orain

Bai, seneka beka batekin joan nintzen eta han geratu naiz, aukera gehiago dagoelako han. Asko sentitzen dut faltan itsasoa, eta hori asko ikusten da nire marrazkietan.

Egin al dituzu, dagoeneko, diseinuak profesionalki?

Poltsa batzuentzako diseinuak egin ditut, eta baita kartel batzuk ere. Gero, hainbat enkargu ere egin dizkidate, eta erakusketa gutxi batzuk. Erakusketa honetan ere salgai daude lan batzuk.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!