Hibaika eta Hondarribia garaile XXIII. Oriaren Traineru Jaitsieran

Karkara 2017ko ots. 13a, 11:06

Zumaiak irabazi zuen beteranoen txanda, eta Zarautzek, jubenilena.

Ikuskizun ederra eskaini zuten larunbatean,  Orian behera lehiatu ziren 78 traineruek. Erlojupeko proba izanik, ontziak banan bana atera ziren; llagutak, jubenil mistoak, beteranoak eta emakumezkoak Saikolatik, helmugaraino 4.000 metroko ibilbidea osatzeko. Gizonezkoen senior mailakoak Mapiletik, 6.000 metro egiteko.

Emakumezkoen txandan Hibaika nagusitu zen, 14:17,34ko denborarekin. Bere atzetik San Juan (14:17,81) eta Orio (14:28,55) sailkatu ziren. 47 ehuneko eskasek erabaki zuten, beraz, III. Babyauto Bandera.

Gizonezkoetan Hondarribiak eraman zuen VI. Babyauto Bandera, helmugan 19:18,40ko denborarekin. Orioko A trainerua sailkatu zen bigarren, ia 15 segundora, kronometroa 19:33,30-an geratuz. Hirugarren postua Bermeorentzat (19:36,08) izan zen.

Aipamen berezia, txapeldunei banderak eman aurretik egin zen minutuko isiluneari. Aurreko astean zendu zen Hibaikako ordezkari Sabin Etxabegureni eskaini zitzaion.

Jaitsieran ohikoa den bezala, jende ugari gerturatu zen errio ingurura lehia gertutik jarraitzera. Arratsalde guztian zehar, lepo bete ziren zubia eta herritik Anibarko Porturainoko bazterrak. Estropada ostean, giro polita egon zen taberna inguruetan, eta gaua ondo sartuta ere, oraindik antzeman zitezkeen arraunlari eta arraunzaleen barre-algarak. Hasi da traineruen festa. 

 

Argazkiak: Joxeju eta Joxemari Olasagasti

Erlazionatuak

Oriaren jaitsiera: Arraunetxen

Karkara 2017 ots 15 Orio

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!