Jon Mujika: "Kofradia zaharrari irtenbidea ematea ezinbestekoa da"

Karkara 2017ko ots. 28a, 08:00
Jon Mujika, Orioko kofradiako presidente berria

Berdelaren kanpaina hastear dira Orioko itsasontziak, eta sektorearen nondik-norakoak hizpide izan ditu Jon Mujika Orioko kofradiako presidente berriak.

JON MUJIKA - Orioko kofradiako presidente berria
 
Aste honetan abiatuko duzue berdelaren kanpaina, eta azken asteetan itsasontziei azken ukituak ematen aritu zarete. Zertan datza prestaketak?
Itsasora atera aurretik itsasontziek segurtasun arauak betetzen dituztela ziurtatu behar izaten dugu. Kanpaina hasi aurreko egunetan Espainiako Gobernuaren Itsasoko Kapitaniako ikuskatzaileak pasatzen dira itsasontziz itsasontzi, dena behar den bezala dagoela ziurtatzeko; segurtasunarekin zerikusia duen xehetasun guztiak errepasatzen dituzte.
Ikuskatzaileek baimena ematen digutenean, sareak, arrain kaxak, sokak eta beste hainbat tresna sartzen eta beren tokian jartzen hasten gara, itsasora ateratzeko itsasontziak prestatzen, alegia.
 
Aurten beste urtetan baino lehenago abiatuko al duzue berdelaren kanpaina?
Urte batetik bestera aldaketak egoten dira. Duela lau-bost urte, otsailaren erdialdean ere abiatu genuen berdelaren kanpaina. Berez, berdela urtarrila hasieratik harrapatu dezakegu, baina gu berdela gure kostaldera sartzen denean ateratzen gara arrantzara. Oraindik ez da berdelik agertu, beraz, lasai gaude.
 
Orduan ez dakizue egunotan berdelik harrapatu duzuen?
Ez, ez dakigu. Dena dela, gaur gauerditik aurrera antxoa arrantzatu dezakegu, horregatik baldintzak egokiak direnean itsasora aterako gara, antxoa, berdela edo sardina harrapatzera. Normalean garai honetan berdela izaten da, baina iaz martxoan hasi ginen antxoa arrantzatzen.
 
Zer espero duzue berdelaren kanpainan?
Berdela arrantzatzeko kuota txikia dugu guk. Bere garaian gehiegi harrapatu genuelako   isuna jarri ziguten, eta lehen genuen kuota txikia oraindik eta txikiagoa bihurtu zen. Gutxi gorabehera itsasontziko 100.000 kilo harrapatu ditzakegu; berdela badago hiru-lau egunetan harrapatzen dugu hori.
 
Beraz, arrantzaleon ekonomian pisu gutxi du berdelak?
Egia da berdela gero eta hobeto ordaintzen dela, estimazio pixka bat hartu du arrain horrek azken urteetan; iaz, esaterako, batez beste 70 zentimotan saldu genuen berdel kiloa. Dena dela, tona gutxi ditugunez, gure ekonomian pisu gutxi du.
Badaude bost-sei lagun dituzten itsasontzi txikiak, eta horiek guk hainbeste tona harrapatu dezakete itsasontziko. Horientzat berdelaren kanpaina garrantzitsua izan daiteke.
 
Montserrat Berria itsasontziko ontzijabea izateaz gain, Orioko Kofradiako lehendakari berria ere bazara. Zer moduz hartu duzu kargua?
Egoerak bultzatuta hartu behar izan dut kargua. Orion itsasontzi gutxi gara, eta ontzijabe gazteena ni naizenez, ni aukeratu naute. San Pedro jaien bueltan izendatu ninduten Orioko Kofradiako lehendakari, eta kargua lau urterako da. Ilusioz hartu dut, baina ardura ere bada. 
 
Zein da Kofradiako presidentearen lana?
Bilera askotan parte hartu behar izaten du kofradiako lehendakariak. Orain, esaterako, kofradia zaharrarekin zer egin dezakegun aztertzen ari gara; erakunde askok esku hartu behar du gai horretan, eta bileraz bilera gabiltza.
 
Lehendakari bezala, zerbait aldatu nahiko al zenuke?
Nik uste dut une honetan kofradia zaharrari irtenbidea ematea ezinbestekoa dela. Eraikina erortzen ari da, eta uste dut garrantzitsua dela eraikina ondo jartzea ahal den eperik motzenean. 2004an hasi ginen gai horrekin, eta hurrengo hiru urtetan gaia konpontzea nahiko nuke.
Bestetik, garrantzitsua iruditzen zaigu portuan draga lanak egitea ere.
 
Arrantza kuoten gainean aldaketarik egotea nahiko al zenuke?
Gai hori Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federaziotik lantzen dugu. Erakundean gaiaz asko dakiten profesionalak daude, eta haiek jorratzen dute gaia. Guk beren proposamenen inguruan iritzia ematen dugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!