"Soldadutzan ikasi nuen sukaldean"

Jon Agirresarobe 2017ko mar. 2a, 08:23

Herri baten bizimodua errezeta liburutan jasotzen da. Lagunarteko otorduak; etxeko jan ohiturak; baratza, ibaia eta itsasoa; jatetxeetako sukaldeak... ikasteko lekuak dira denak. Mahaiaren bueltan gauza asko egin daitezke. Interesgarrienak bi: jan eta berriketan egin. Goazen Orioko errezeta liburua idaztera.

Saltsa guztietako perrexila da Bixente, sukalde gizona inor baldin bada. Orion ezagutu dugu beti, nahiz eta jaiotzaz Oiartzuarra izan. Jubilatu berritan amaren zainketan murgilduta dabil, baina ia egunero etortzen da Oriora.

Oriotar bat nahi duen lekuan jaiotzen da, antza denez.

Oiartzungo Arragua auzoan jaio nintzen, autopistako irteeran, Mamut ondoan. Talaia izena zuen aitaren jaiotetxeak, hantxe jaio ginen bost seme-alabak. Gaur izen bereko industria-poligonoa dago bertan. Ama Arizkungoa da, Baztangoa, handik dator Karrikaburu.

Nolatan tokatu zinen Orion?

Oiartzundik Irungo Oiartzun kalera joan ginen bizitzera, ezkondu berritan. Ondoren Zarautzera etorri ginen. Herreran egiten nuen lan, lankide nuen Ramon Garnateo. Bera  Oriora ezkondu zen. Auto berean joaten ginen lanera, eta Orion gelditzeko ohitura hartu genuen. 

Zer aurkitu zenuen ijito herrian?

Hasieran Ramonen familiarekin eta lagunekin gelditzen nintzen, gero Aldapako lagun gehiago ezagutu nituen. Koadrila ere egin nuen herrian, jator askoa: Gurmesindo Carrascal, Eugenio Caballero, Pedro Jose Lertxundi eta konpainia. Jende jator asko dago Orion, harrera onekoak zarete.

Zenbait herritar Aldapa elkartea sortzen ari ziren Oriora etortzen hasi zinean. Hor hasi zen guztia.

Hala da. Gogoan dut bazkide dezentek ordu asko sartu zituztela lokala prestatzen. Etxe blokea egin zutenean lokala erosi zuten, gaur egun bodega dagoen lekutik harri mordoxka atera zuten. Bazkideen artean egin zuten obra zibila eskuz; gazteok ez genuen gauza asko egin.
1981. urteko maiatzean inauguratu zen lokala. Aldapa sortzeko 70 bazkide fundatzaile behar zituzten. Bi falta ziren eta azken hamabost egunetan eman genuen izena. Bitxia da: bazkideen zerrendan izen-abizenak alfabetikoki daude jarrita, 69. eta 70. izan ezik. Ramon eta biok gara, Garnateo eta Lasa. Prestamoa eskatu zen bazkide batzuen artean. Gastuak estaltzeko hamabost bazkide berri sartu ziren, bazkide gazteagoak, denera 85.
Halere asko aldatu da elkarteetako martxa, baita Aldapakoa ere. Lehengo zorroztasunik ez dago gaur egun, elkartea zaintzen diktadoreak genituen lehen. Gogorrak, gazteei gogor egiten ziguten.

Geroztik hamaika otordu egin eta prestatu duzu bertan. Nondik datorkizu sukalderako joera?

21 urterekin soldadu joan nintzen, derrigortuta, argi geratu dadila. Kintoen arteko zozketan Madrilera tokatu zitzaidan. Marinara, teletipista deitzen zitzaien irrati estazio batera bidali ninduten, San Sebastian de los Reyesen hirian. Nire adineko hernaniar bat zegoen bertan, bistaz ezagutzen nuen. Lasa zer egiten duk hemen? Hik esan sukaldaria haizela. Sarjentoak sukaldera bidali ninduen. Komandanteak behin baino gehiagotan galdetu zidan aurrez non aritu nintzen sukaldean. Lintzirin hotelean jardundakoa nintzela erantzuten nion, baina gezurra izan.
Egunero 30-40 laguni jaten ematen genien. Burgosko sukaldari bat izan nuen maisu. Hark erakutsi zidan garbantzuak, paellak eta abarrak egiten.

Sukaldean eta kirol proben antolaketan ikusi izan zaitugu.

Udaleko kamioi gainean beti. Gaur korrikalariak, bihar txirrindulariak. Halere, gustura sukaldean egoten gara. Aldapako bazkide berriei erakusten gozatu izan dut. Aldapan bertan eta plazan hamaika otordu prestatutakoak gara: herri bazkariak, arraunlariak, futbolariak, lagunak… Handienak Bisiguaren eguneko marmitakoa eta Karkarako urteurren bazkaria prestatu genuenekoa. Hori bai, beti taldean. GR121 Gipuzkoako zatia egiten ezagutu nituen Jexux Antonio Makazaga, Koldo Arruti, Pako Imaz eta koadrila.

Zuena da lasaitasuna sukaldean. Laurogei laguni jaten eman behar eta ez duzue txikiteorik galtzen.

Jende kopuruaren arabera antolatzen dugu menua, lasaiago ibiltzeko. Rolak banatuta dauzkagu: Makatza da nagusia, Koldo sukaldari maisua, errieta egiten duena.
Kazuelan gauza bat ongi egiten ikasten baduzu, besteak ere ateratzen dira. Sekreturik ez dago, maitasuna jarri behar zaio. Guk ez dakigu ezezkoa esaten, giro ona daukagu eta horrek lagundu egiten du.

Lehiaketa batzuk ere irabazi dituzue?

Bisigu lehiaketan parte hartzea gustuko dut. Lehen edizioan ere han ginen, duela urte mordoxka. Bigarrenean Eugenio Caballero zena eta biok irabazi genuen, sukaldari ona zen hura. Aldapa Elkartean dago saria paretean jarrita. Berriz Bisiguaren Eguna egiten hasi zirenetik bi edo hirutan irabazi dugu, iaz Makatza eta biok.
Goiko Kaleko festetan tortila patata lehiaketa jarri zuten. Igande goizetan hamaiketakoa egiten dugunez aurkeztu egin nintzen. Han ere ia beti aurrena edo bigarren. Behin Nafarroan genuen egun pasa, tortila eginda utzi nuen goizean eta gerora enteratu nintzen orduan ere irabazi genuela. Etxera ez zen saririk iritsi. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!