Emakumearen Nazioarteko Egunaren baitan, Jende-Katea osatuko dute herriko ikasleek

Karkara 2017ko mar. 3a, 14:22

Ikastetxeez gain, Saltxerak eta Errikotxiako ordezkariek ere hartuko dute parte martxoaren 8an egingo den ekimenean. Gaur izan da aurkezpen prentsaurrekoa Udalean.

Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Jende-Katea osatuko da herrian datorren asteazkenean. Berritzegunetik hiru jarduera antolatu dira Urola Kostako ikastetxeetan parekidetasuna lantzeko, eta horietako bat da martxoaren zortziko hau. Orion bezala, Zumaia, Zarautz, Getaria eta Aiako ikastetxeek ere egingo dute, mezu bateratua zabaltzeko.

Ekimeneko protagonista nagusiak, Zaragueta Herri Eskola eta Orioko Herri Ikastolako haurrak izango dira; guztira 720 inguru, LH1 eta DBH4 artekoak.

Goizeko hamaiketan, ikasleak mailaka sailkatu eta katea osatzeari ekingo diote Kultur Etxe paretik Bikamiotaraino. Hortik, Arkaitz tabernaraino segiko du lerroak, eta azkenik, katea ixteko, berriz Kultur Etxeraino helduko da.

Giza-Katea amaituta, manifestu bat irakurriko dute bi ikasleek, Xaltxerak talde feministako ordezkariarekin batera. Amaitzeko, Errikotxiako Rosi Lazkanok bertso batzuk kantatuko ditu.

Parekidetasunaren alde egiteko lan asko dagoela eta, ekimena herritarren kontzientziak astintzeko xedearekin antolatu da. Dagoeneko, Hezkidetza forotik bultzatuta, ikastetxeetan parekidetasuna lantzen ari direla ere adierazi dute.

Udalak deia luzatu die herritarrei, ikasleekin batera giza-katean parte har dezaten.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!