Boluntario bila dabil Berdin-Berdinak elkartea

Karkara 2017ko mar. 8a, 19:42

Elkarteak Berdinduz programa jarri zuen martxan Orion 2016ko urrian, desgaitasun fisiko edo intelektualen bat duten haur eta gaztetxoek kirola berdintasunean egiteko.

Orion haur eta gaztetxo ugari daude, desgaitasun fisiko edota intelektualen bat dutenak: buruko gaixotasunak, autismoa, bestelako desgaitasun batzuk… eta haur horiek zailtasunak izaten dituzte herriko kirol elkarteetan normaltasunez parte hartzeko. Berdinduz programaren bidez, haur eta gaztetxo horiei baliabideak eskaintzen dizkie Berdin-Berdinak elkarteak, kirola berdintasunean egiteko aukera izan dezaten.

Proiektuaren funtsa sinplea da: laguntza-premia daukan gaztetxoari boluntario batek laguntzen dio, kirol aktibitatean parte hartu dezan bere ezaugarri eta gaitasunen arabera. Boluntarioez gain, programak koordinatzaile bat dauka (Ibai Zubizarreta oriotarra), eta berak gestionatzen ditu dauden beharrak eta giza-baliabideak.

 

 

Berdinduz programak bost hilabete daramatza martxan eta, denbora tarte horretan, herriko hainbat gaztetxori eman dio laguntza, hasieran apuntatu ziren boluntarioen bitartez. Orain artean,  Berdin-Berdinak elkartea gai izan da detektatu diren beharrei erantzuteko; ordea, azken aldian zailtasunak izan ditu sortutako premia guztiei erantzun egokia emateko, eta boluntario gehiago lortu nahi ditu.

Boluntarioak lortzeko deia

Sortu diren premiei egoki erantzun ahal izateko, boluntario gehiago lortzeko deia egin du Berdin-Berdinak elkarteak.

Boluntarioek prest egon behar dute proiektuari astean ordubete emateko, haur edo gaztetxo bati kirol aktibitate batean parte hartzen laguntzen, betiere Berdin-Berdinak elkartearen gidaritzapean. Edonork egin dezake boluntario lana, eta elkarteak gustura hartuko ditu beren burua eskaintzen duten laguntzaileak, proiektua sendotzeko beharrezkoak baitira. 

Interesatuek, idatzi berdinduz.orio@gmail.com helbidera edo deitu 606595806 telefono zenbakira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!