J.M. Perona: “Armarrietan oinarrituz, ikuspegi berri batetik aztertu dut XVI. mendeko ontzien arkitektura”

Iñigo Gaiton 2017ko mar. 9a, 16:39

Mirada a las Naos Vascas del s. XVI. Arquitectura naval, diseño y trazas liburua Aquariumean aurkeztu berritan, bizpahiru galdera azkar egin nahi genizkion Jesus Mariri. Kontu bat eta bestea dela, uste baino gehiago luzatu zitzaigun berriketa.  

- Sortzaile amorratuak zarete Peronatarrak. Batek trainerua egiten badu, anaiak egurrezko maketa, iloba bat orkestran badabil, bestea txarangan bazterrak harrotzen... Nondik datorkizue sorkuntzarako grina?

Ez dakit ba... Gure familian beti izan dugu lanerako joera handia: hemen, zerbait nahi bada, egin beharra ziok … Barrenari entzun eta zerbaitetan gogoz jarduteko joera duena, saiatuta, azkenean luzitzen da zerbaitetan.

- Itsasontzien maketak egiten jardun zara urte luzetan. Nondik datorkizu afizioa?

Ontzigintzaren inguruko jakin-mina mutil kozkorretan piztu zitzaidan. Gurasoekin Kontxako estropadak ikustera etorri, eta arratsaldean, Aquariumean sartzen ginen arrainak ikustera. Itsasontzien maketen sailera igo ginenean, jo eta ma geratu nintzen. Hura gauza!

Garai hartan, Orioko denden erakusleihoetan kartzelan zeuden presoek egindako baporeen maketak ere jartzen zituzten ikusgai. Valentin Ikazeta Ixarra-ren modelo ederrak ere ikusten nituen, orain Orio Shop denaren eskaparatean. Orduak pasatzen nituen haiei begira, liluraturik.

Bestalde, uda pasatzera bi neska etorri ziren Madrildik gure etxera, eta bat itsasontzien delineantea zen. Hark dokumentu asko pasa zizkidan ontzioletakoak: arrastako ontzien planoak, atuneroenak ... Hura kristorena izan zen niretzat.

Gero, Arin eta Embilenean egurrarekin lanean nenbilela, baporeen modelismoari buruzko liburu bat iritsi zitzaidan eskuartera. Orduan hasi nintzen lehen maketak egiten.

- Mirada a las Naos Vascas del s. XVI. Arquitectura naval, diseño y trazas aurkeztu berri duzu. 

Bai, argitaratzen dudan lehen liburua da. Ontzi museoak Maria Auxiliadora Orioko arrantzontziaren biografia publikatu zidan Itsas-memoria aldizkarian, baina liburua, hauxe da aurrenekoa.

- Zenbat denbora behar izan duzu liburua osatzeko?

Bueno, bateko eta besteko, hamar urte inguruko enredoa izan da kar kar kar ....

- Zer jaso nahi izan duzu bertan? Eta zein helbururekin?

Euskal Herrian, eta batez ere Gipuzkoan, armarrietan itsasontzien figura dezente daude. Aditu askok aztertu dituzte irudiok, eta miresten ditut hauen ekarpenak, baina ikerketok ez daude eginda ontzien ikuspegi arkitektonikotik. Lan horietan faltan bota ditudan elementu teknikoen inguruko informazioa sortzen saiatu naiz, armarrietako ontzien irudiak maketak egiten pilatu dudan jakintza espezifikotik aztertuz.  

Liburuan, azken finean, hipotesiak planteatzen ditut, baina oinarri teknikoetatik abiatuta sortuak. 

- Zein izan da sorkuntza prozesuko faserik nekezena?

Informazioa bildu eta ondorioak atera ostean, dena modu txukun eta argian ordenatzea. Datuak interpretatzeak ere buruhauste dezente sortu dizkit.

Azken hamalau hilabeteetan ere lan handia izan dugu, editorialari entregatu aurretik guztia argitaratzeko modu txukun eta erakargarrian jartzen. Pentsatzen nuen nire golkorako, ez dek aterako, ez dek aterako ... Baina beno, eskutan dugu azkenean.

- Ikerketa fasean topatutako zerbaitek harritu zaitu? Sorpresaren bat?

XVI.mendeko nao-ei buruz eduki dezente argitaratu da urtetan zehar, baina lanok testu asko dute normalean, eta zehaztasun tekniko gutxi. Ontzien ezaugarri teknikoei buruzko hutsune asko topatu ditut, eta horrek harritu nau gehien.

Gabezia horiek betetzen saiatu naiz liburu honekin. Mende horietako ontzien kontratuetan, datuak etab. agertzen dira, baina zenbakiekin planimetria bat ez baduzu egiten, adibidez, edo itxura grafikoa ematen ez badiezu, ezin duzu benetan erakutsi bapore haien dimentsioa.

Ahalegin handia egin dut liburuari kutsu didaktiko eta bisualagoa ematen, orriak plano, irudi eta halakoekin jantziz. Ondorioetara nola iritsi naizen ere argi azaltzen dut, urratsez urrats.

Berriz esan nahi dut, nik liburuan idatzitakoak hipotesiak direla, aurrera begira bide berriak ikertzen lagun dezaketen datuak.

- Orion baditugu armarri ederrak, Goiko Kalen.

Bai, eta balio historiko izugarria dute. Zaintza berezia behar lukete, ez Oriokoek bakarrik, Euskal Herri osokoek baizik. Liburuan irakurleak topatuko ditu armarrien kontserbazioari buruzko nire iritzi eta adierazpenak.

- Proiektu berriren bat baduzu eskuartean?

Momentuan, deskantsatu egin nahi dut denbora batez. Aurrera begira, badut aspalditik lantxo bat zintzilik, eta horri helduko diot agian: Madrilgo itsas museorako egin nuen Nuestra Señora de la Concepción y las Animas galeoiaren maketak liburu honen tankerako azalpen teoriko bat eskatzen du, eta beti egitekotan, beti egitekotan ... Modeloa osatzeko erabilitako dokumentazio eta planoak hartu beharko nituzke berriz, eta pixkanaka, liburua ontzen hasi ... Ikusiko dugu!

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!