Miriam Urangak zinegotzi kargua utzi du

Karkara 2017ko api. 6a, 12:30
Miriam Uranga apirilaren 5eko udalbatzarrean

Oraineko bozeramaileak esker hitzak izan zituen sei urtetan zehar bidelagun izan dituen pertsonentzat.

Atzo iluntzean ez ohiko udalbatzarra egin zuten Orion, eta bileran jakinarazi zuten Miriam Urangak uko egin diola zinegotzi karguari, erantzukizun handiagoa duen lanpostua eskaini diotelako. Profesionalki salto handia da, eta egoera berrian ezinezkoa izango zait nire lanbidea eta zinegotzi lana ezkontzea. Orain udal taldeak oraindik ez du jakinarazi nor izango den Urangaren ordezkoa Orioko Udalbatzan.

Uranga sei urtez izan da Orioko udaleko zinegotzia, eta esperientzia interesgarria eta aberasgarria izan dela nabarmendu du. Udalaren funtzionamendua eta politikagintza barrutik ezagutu ditut. Oso aberasgarria izan da herritarrekin izan dudan gertutasuna. Gertutasun hori ezinbestekoa da udalaren egunerokoan, eta uste dut bultzatu egin behar dela.

Balorazioa
Oraineko bozeramaileak esker hitzak izan zituen sei urtetan zehar bidelagun izan dituen lagunentzako.

Eskerrak eman zizkien Beñat Solaberrieta alkate ohiari, laguntza eman dioten udaleko teknikari eta langileei, Orioko merkatariei eta Arkupe elkarteari, baita gainontzeko udal taldeetako kideei ere; eta aipamen berezia izan zuen EAJko Angel del Hoyo, EH Bilduko Emeterio Iribar eta PSE-EEko Ana Priede zinegotzientzat. Orain plataformako kideak ere eskertu zituen Urangak, beregan konfiantza izateagatik eta emandako laguntzagatik.

Urangak Orioko Kanpina izan zuen hizpide bere azken udalbatzarrean. Azaldu zuen, aurreko agintaldian aldaketa nabarmena eman zela Orioko Kanpinean. Eskerrak eman nahi dizkiet Orioko Kanpina osatzen duten guztiei: zuzendari, zaindari, garbitzaile, harrerako langile, bezero finkoei eta Boga-Bogako kideei. Zuek egin duzue Orioko Kanpina handia. Lan bikaina egin duzue eta jarraitu horrela.

Kritiketatik ekintzetara
Urangak azaldu zuen zinegotzi kargua utzi badu ere, Orain taldearen itzalean lanean jarraituko duela. 2011n siglarik gabeko talde baten beharra ikusten nuen; orain udala barrutik ezagutua, beharra handiagoa dela sentitzen dut. Herritarrei mezu bat luzatu nahi diet: kalean, parkean edo tabernan egiten diren kritika antzuek ez garamatzate inora. Kritiketatik ekintzetara pasa behar dugu; denon artean kaleko hitzak udalera eraman behar ditugu, entzunak izan daitezen. Hori da parte hartzea bermatzeko bide bakarra.

Apirilaren 5ko udalbatzarrean bozkatu ziren gainontzeko gaiak

1.- Martxoaren 8ko 75/2017 alkate-dekretuaren berri ematea. Dekretu horren bidez 1/2017 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea onartzen da, ordainketa-kredituak txertatzeko modalitatean, 2016ko aurrekontutik indarrean dagoen 2017ko aurrekontura.

2.- Onartzea, egoki bada, Udalaren aurrekontu propioari dagokion 2/2017 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea; kreditu aldaketa kreditu gehigarrien modalitatean egina dago. Aho batez onartu zen.

3.- Onartzea, egoki bada, 2017ko lehenengo konpromiso-kredituen espedientea. Aho batez onartu zen.

4.- Onartzea, egoki bada, baldintza administratibo partikularrak, Orioko Zaragueta eskola bigarrenez handitzeko lanak kontratatzeko, prozedura irekiaren bidez. Lanak Juan Eizmendi eta Ana Saneiro arkitektoek idatzitako proiektuaren arabera egingo dira. Aho batez onartu zen.

5.- Onartzea, egoki bada, baldintza juridiko eta ekonomiko-administratiboak, honako kontzesio administratiboaren kontratazioa arautzeko: Orioko Antilla hondartzako 1. zenbakidun eraikina okupatu eta bertan Udalak baimendutako ostalaritza zerbitzuak emateko kontratua. Aho batez onartu zen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!