“Tolosan ez da babarruna beratzen jartzen”

Jon Agirresarobe 2017ko api. 11a, 10:27

Herri baten bizimodua errezeta liburutan jasotzen da. Lagunarteko otorduak; etxeko jan ohiturak; baratza, ibaia eta itsasoa; jatetxeetako sukaldeak... ikasteko lekuak dira denak. Mahaiaren bueltan gauza asko egin daitezke. Interesgarrienak bi: jan eta berriketan egin. Goazen Orioko errezeta liburua idaztera.

Belauntzan jaioa, Tolosan hazia. Ekainean hamasei urte egingo ditu Orion. 2001. urtean etorri ziren Lierni Letamendia emaztea eta biak, Erriberan etxeak egiten ari ziren garaian. Jon Anderren tarta manzana ezaguna da herrian, etxe eta sozidade askotara iritsi da postrea opari. Guk Tolosako babarrunak egiten erakusteko eskatu diogu.

Sukaldaria zara ofizioz.

Etxetik datorkit. Amonak taberna zuen Ikaztegietan eta umetatik sukaldari lanetan ezagutu dut ama. Eskolapiotan ikasi nuen Tolosan; hamasei urterekin jatetxe batean hasi nintzen laguntzaile, Oñatiko Etxe-Haundin. Pisuan bizi nintzen lau lagunekin. Esperientzia ederra izan zen, han hasi nintzen postreak egiten ikasten.

Jatetxe ezagunetan egin duzu lan. Ofizio gogorra zuena.

Zumaiako Abegi- Lekun lan egin nuen urtebetez, Donostian Urbanon sei, Hotel Castillon ere mordoxka. Ordizian taberna ere izan nuen. Ostalaritzan jende asko ezagutzen duzu, hori da ederrena. Ezkondu eta umea izan genuenean familiaz gozatu nahi nuen, beraiekin egoteko aukera izan. Ostalaritzako ordutegiekin korrontearen kontra zoaz: etxekoek eta lagunek jai dutenean duzu lan gehien, eta zure jai egunean eskolan edo lanean ari dira denak.

Jatetxeak utzi dituzu, baina sukaldaritza ez.

Sukaldea gustatzen zait, ez nuen utzi nahi. Beste lan mota bat probatzeko aukera izan nuen Iruñean, zazpi urte egin nituen Casa Misericordia zaharretxean: adinekoentzat 550 bazkari eta afari ematen genituen egunero. Orain antzeko lana egiten dut Ottis-Zardoya enpresan, berrogei langile asetzea da nire lana. Eskolan edo enpresa batean sukaldari aritzea esker onekoa da, jendea gertuko sentitzen duzu. Jatetxean exigenteagoa da: ostatu batera joaten garenean inoizko ondoen jan nahi izaten dugu, eta hori asko eskatzea da. Esaterako, sagardotegi batera joan eta aurreko txuletaren oroitzapena daukagu, eta ahal dela azkena baino hobea nahi dugu.

Geroz eta gutxiago gabiltza jatetxeetan, eta exigenteak gara. Sinatzen al duzu baieztapena?

Gogoan dut duela urte mordoxka esaten zela Frantziako edo Europako ohiturak indartuko zirela gurean. Hala gertatu da, konturatu gabe etorri da. Lehen kalean ibiltzen ginen, tabernan eta jatetxean ibiltzeko kultura zegoen. Asko galdu da. Orion mugimendu pixka bat ikusten dut, bizi poza. Adibide bat: asko antzematen da arrantzaleak etxean daudenean, larunbat eguerdian edo ostiral iluntzean.
Bestalde, gremioan geroz eta profesional gutxiago daude. Gaur egun ostalaritzan lanean ari den jende asko ez da urte luzetan aritua, beste ofizio batzuetatik dator. Zurito bat edo kafe bat ateratzerakoan antzematen da hori.

Tolosa eta Orio. Alde handia al dago?

Tolosa handiagoa da, zerbitzu aldetik osatuago dago. Baina Orion bizitza kalitate oso ona daukagu, herri txikia da baina konpletoa: dena pauso batera dago, kalean ibiltzeko lasaitasuna, kirol aukera asko, itsasoa eta mendia bertan... Umeak ditugunok ondo dakigu hori. Esaterako, uda-udako egunak tristeak izaten dira barrualdean, Tolosaldeko eta Goierriko jendea kostara etortzen da.

Aurreko alean Bixente Lasak harrera herri ona garela aipatu  zigun. Hamasei urte eta gero, iritzi berekoa al zara?

Aitortuko dizuet hasieran kosta zitzaigula. Arrantzak lagundu zidan: ostiral arratsalde-iluntzeak barran egiten nituen kainabera hartuta, hiztun samarra naizenez pasarakoekin berriketan aritzen nintzen. Orduan ez genuen umerik eta bizi gutxiago egiten nuen Orion, aste barruan lan eta asteburuetan Tolosara joaten ginen. Unax semea jaio zenean erraztu zen sozializazioa:  bost hilabete zituenean ireki zuten haurreskola, gure semearen adinkideek eta gurasook estreinatu genuen. Parkean jendea ezagutzen joan ginen. Gaur egun gustura gaude Orion, lagun onak ditugu. Azken batean, onerako edo txarrerako, denak ezagutzen gara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!