Txertoen arriskuak ezagutzeko hainbat tailer eskainiko dituzte asteburuan Orion

Karkara 2017ko api. 19a, 16:31

Xavier Uriarte Llorente medikuntzan lizentziatuak emango ditu tailerra; Uriarte birgaitzean aditua da, eta graduondokoa du Osasun Publikoan.

Mandalara Elkarteak hainbat tailer antolatu ditu astebururako Orion. Xavier Uriarte Llorente medikuntzan lizentziatuak eskainiko ditu; hau birgaitzean aditua da eta graduondokoa ere badu Osasun Publikoan. Horrez gain, Txertatze Askatasunaren Ligako presidentea da, eta txertoak, neurologia, minbizia eta elikadura gaiak ardatz hartuta hainbat liburu idatzi ditu. Gainera, Bartzelonako eta Gironako unibertsitateetan medikuntza naturista ikastaroak koordinatzen ditu.

Denera hiru saio eskainiko ditu adituak Orion. Bestalde, ostiralean doako hitzaldia emango du Donostian,  Txertoen inguruko hausnarketa askatasunetik izenburupean.

Apirilaren 22a, larunbata

- 10:00etatik 14:00etara, Haur ekologia gaia landuko du. Saioan osasuna eta gaixotasunaren inguruko kontzeptuak argituko ditu, eta botikek eta txertoek izan ditzaketen arriskuak azalduko ditu.

- 16:30etik 20:30era, Oinarrizko hazkuntza eta pediatria naturista izango du hizpide.

Apirilaren 23a, igandea

- 10:00etatik 14:00etara, Elikadura ekologikoa eta sendagai naturalak gaia jorratuko du.

Saioren batean parte hartu nahi dutenek, Mandalara Elkartearen webgunean eman behar dute izena aldez aurretik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!