“Ebaluazioaren kontzeptua zabalduz, azterketei presioa kendu behar diegu”

“Ebaluazioaren kontzeptua zabalduz, azterketei presioa kendu behar diegu”

Ruben Iglesiasek urteak daramatza hezkuntzako hainbat alorretan lanean. Aurten, LAB sindikatuaren eskutik, ebaluazioaren gaia sakon lantzen dihardu, hezkuntza iraultzeko giltzetako bat hori delakoan.

Ebaluazioa kalifikazioarekin nahasten da sarri, notekin, eta ikasle guraso zein irakasleek presioz bizi dute. Ebaluatzeko modua aldatuz gero, hezkuntzaren ikuspegi orokorra irauliko genuke dio Rubenek konbentzituta. Pertsona osotasunean hezi eta ebaluatu behar da.

Ia denok bizi izan dugu presiopean azterketa garaia.

Hala da, bai. Familietan tentsio egoera handia sortzen da, ikasleez gain guraso asko ere urduri jartzen baitira. Azterketei karga kendu nahi diegu, ikasleak modu zabalagoan ebaluatzeko. Helburua beharrean, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren pieza bat gehiago izan behar du ebaluazioak,  ikaslearen ikasketa prozesua hobetzen lagun  dezan.  

Ebaluatzeko sistema aldatzea hezkuntza iraultzeko giltza delakoan zaudete.

Gaia beti egon da pil pilean. Ikasturte honetan garrantzia handia du bereziki, LOMCEk eta Heziberrik inplementatutako kanpo probak egingo baitira. Bestalde, PISAko emaitzak ere atera ziren neguan, EAEko hezkuntzaren kalitatea jaitsi dela esanez. Zer da, baina, emaitza hauetan neurtzen dena? Eta nola? Galdera hauek mahai gainean jarri eta eztabaida piztuta, hezkuntza eredu berria sortzen hasteko oinarriak finka ditzakegula uste dugu.

Ebaluazioa eta kalifikazioa. Zertan bereizten dira?

Kalifikatzea ikasleen jarduna nota batekin laburbiltzea da. Guztion gaitasunak ezberdinak izanik, ikasleak estandar beren baitan kalifikatzen ditugu. Pertsonalki, irakasle gisa oso zaila egiten zait ikasleen jarduna egungo parametroetan neurtzea. Azterketa bat suspenditu duen ikasleak, adibidez, izugarrizko garapen pertsonala izan dezake hiruhileko horretan. Hori da neurtu beharrekoa, bidean egindako ahalegina balioan jarriz.

Beste ikasle batek kolpe zorririk jo gabe 8 bat atera dezake, berez azkarra delako. Baina horrek, ikasi du zerbait? Pertsona bezala garatu al da? Ebaluazioa kalifikazioa baino kontzeptu zabalagoa da, eta guk ikasleen garapenari lagunduko dion ebaluazio sistema berria aldarrikatzen dugu.

Nola egiten da hori?

Oinarria ikasle, irakasle eta gurasoen eskema mentalak birsortzean dago. Azterketa eta kalifikazio sistema tradizionalak barruraino sartuta ditugu denok: familiak ohituta daude etxean buletin bat jaso eta horren arabera seme-alaben ibilbide akademikoa epaitzen.

Buletinek idatziz egindako azterketen notak izan ohi dituzte oinarrian.

Bai, eta kasu gehienetan etsamin horiek memoriaz ikasteko gaitasuna neurtzen dute.
Zoriontsu izateko eta bizitzan aurrera egiteko garrantzitsuagoak izan daitezkeen kapazitateak ere ebaluatu behar dira: kreatibitatea, erabakiak hartzeko autonomia, erlazioak kudeatzeko gaitasuna...

Nola neurtu daitezke horiek?

Familia, hezitzaile eta ikasleen arteko harremanak indartu eta behaketa bidez. Adimen emozionala da heziketa egoki baterako motorra, eta ikasleak mentalki orekatuta egon behar du ikasteko, gustura, zoriontsu. Gurasoen banaketak, heriotzak, gaixotasunak, sexualitatearen kudeaketa... errendimendu akademikoan eragin zuzena duten faktore asko daude, eta ebaluazio sistema eraginkor batek horiek guztiak hartu beharko lituzke kontuan.

Ikasleen notetan eragiten duten beste faktoreak ere aztertu behar direla diozue.

Berritzeguneak, inspektoreak, hezkuntza proiektuak...  ez  dira behar beste kontrolatzen, eta kalifikazioen zama ikasle eta irakasleen gain geratzen da. Ez da zilegi.

Dagoeneko ari zarete ikastetxe pilotu batzuekin lanean.

Bai, Hego Euskal Herriko 20 ikastetxetan. Oraingo ebaluazio sistemaren ezaugarrien inguruko entzute eta hausnarketa fasean gaude. Hezitzaileek ebaluazioa nola bizitzen duten jakin nahi dugu lehen eskutik, zein hutsune edo gabezia dituen identifikatzeko. Irakasle askok diotenaren arabera, egungo ereduak goia jo du, zaharkituta geratu da. Elkarlanean, ebaluazio sistema berri baterako oinarriak finkatzen ari gara.

Legeak ematen al digu aukerarik herri gisa nolako kanpo ebaluazioa nahi dugun erabakitzeko?

Momentu honetan ez, Espainiako eta Frantziako estatuen legedien barne baikaude. Ebaluazio sistema berria ezin dugu nahieran diseinatu, mugak dauzkagu. Argi dagoena zera da, gure helburura iristeko desobedientzia ariketa txikiak egiten jarraitzea besterik ez zaigula geratzen.

( ... )

Hau guztia Iruten filosofiaren baitan kokatzen dugu. Orain dela bizpahiru ikasturte herrian landu genuen Orioko Curriculuma proiektutik eratorritako kontzeptu edo lan-metodologia da: hezkuntza komunitatea saretuz, kanpotik ezarri nahi dizkiguten legeei guk sortutako proiektuekin aurre egitea aldarrikatzen dugu.
­­

Kasu honetan, Euskal Herriak ebaluaziorako tresna edo egitura propioa sortzea da xedea. Guk erabaki behar dugu zer irizpide edo parametroren baitan sortu nahi dugun sistema hori: ikasleen zoriontasunari eta kohesio sozialari begira,  harreman osasuntsuak izateko gaitasuna kontuan hartuz, kreatibitateari behar duen garrantzia emanez...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!