Bartzelonan herriko arrastoei segika

Herri baten bizimodua errezeta liburutan jasotzen da. Lagunarteko otorduak; etxeko jan ohiturak; baratza, ibaia eta itsasoa; jatetxeetako sukaldeak... ikasteko lekuak dira denak. Mahaiaren bueltan gauza asko egin daitezke. Interesgarrienak bi: jan eta berriketan egin. Goazen Orioko errezeta liburua idaztera.

Oporretatik bueltan, San Jordi bezperetan, gelditu gara arrosen eta liburuen hirian. Bart ze lo ona, ederki deskantsatu dugu. Indarberrituta, goizetik iluntzera kilometro asko egin ditugu. Tipi-tapa oinez, tapaz tapa tabernaz taberna. Tripai bai zor turismo gidak markatu dizkigu erremediorik gabe ezagutu beharreko jatetxeak. Euskal usaia emana diote askori. Orio izenekoak ere badira bi, Madrilen eta Valentzian beste bana. Goazen barrura. Ez da eguneko sorpresa bakarra izango.

Urrutira nabarmenak dira bi Orio tabernak: Francesc Cambo 33an Katedraletik gertu dago bat,  Sant Jaume plaza ondoan bestea. Egiten hasita berdinak egin zituzten. Sabaian trainerua, herriko plazan zortzikoa bezala. Ikerketak zabalik jarraitzen du, baina seguru samar esan digute Ikazetarenak edo Ixarrarenak direla bi ontziak. Paretetan Donostiako Estropaden iragarpen kartelak, eta traineru horiaren bi argazki. Estriborra koloretan: Txabola, Etxabe, Goñi, Iriondo, Etxeberria eta Sarasua. Baborra zuri beltzean: Orbañanos, Puertas, Gaztañazpi, Aizperro, Frances, Urbieta eta Altxerri. Laurogeita hamargarren hamarkada amaierako traineru irabazlea da. Argazkiei begira ari garen bitartean Mikel Laboa ari da kantuan, atzetik datoz Amaia Zubiria, Etzakit, Zazpi Eskale, Tapia eta Leturia eta beste zenbait. Euskal Presoen aldeko aldarrikapen kantuak ere bai tartean.

 

 

Euskara entzun bai, irakurri eta usaindu nekez. Eramateko idatzita irakurri daiteke kartan, gainontzekoak katalanez, ingelesez eta gaztelaniaz azalduta daude. Bi zati nabarmen bereiztuak dituzte lokalak eta eskaintzak: taberna eta jatetxea, pintxoak eta menua. Zerbitzari prestuak eta azkarrak lanean, euskaldunak garela usaindu eta txakolina eskaini digute. Lau euro ordaindu dugu ardo zuri kopa. Azken kolpea eman berritan, edukazio handiz kendu digute kopa mahai gainetik. Jatekoen artean ez digute Xixarioko bisigurik edo Makatza, Bixente eta Koldoren marmitakorik eskaini mantal horidun zerbitzariek. Eskaintza zabalean bitan agertzen da Orio hitza. Orioko txistorra frijituta jartzen du batean; Orio entsalada da bigarrena.

 

 

Sagardi kateak daramatza Orio eta beste hainbat taberna kate, denak pintxo eta tapa eskaintza zabalekoak. Mordoxka daude Bartzelona osoan. Baina ez da multzo bakarra. Txapela katea da hedapenean dabilen bestea. Lau daude, gutxienez, Bartzelonan bertan: bi Gracia pasealekuan, Catalunya plazan eta Mercat Princessa izenekoa Born auzoan. Itxuraz berdin-berdinak lehen hiruak, antza handia du laugarrenak. Gizonak agertzen dira marko beltza duten argazkitan. Artzainak, apaizak, kaletarrak, arrantzaleak; denak nahasian. Denak txapela buruan. Tartean Joxe Agirresaroberen bi argazki, motor txikian agertzen da Joxe Torretxo.

Argazkiaz galdetuta Gabriele tabernako gerenteak inguruko lankideak bildu ditu gure aurrean. Nagusia falta da, baina bi dira teoriak. Bakarren batek gogoan zuen katearen nagusia Orion izan zela oporretan eta Joxe Torretxok motor txikian erakutsi ziola errioa eta herria. Beste lankide baten iritziz dekoradorearen ideia izan zen txapelen argazkiak jartzearena. Biak ere izan daitezke. Pentsatzen jarrita gure osabak biei egingo zien irribarre: nagusiari eta dekoradoreari.

Jatorrak dira Txapelako langileak. Berriketan ari garela doan atera digute pintxoa. Lotsatu ere egiten da bat, eta lagun zahar bati galdetu diogu zer egiten den horrelakoetan. Hura ohituta dago gonbidatua izaten. Azkar eman digu erantzuna: musu-zapia aho bueltan pasa eta ospa.

Orioko argazki eta santutegiak bai, baina bila aritu gara eta ez dugu Bartzelonan Orio edo Aiako sukaldaririk aurkitu. Zuen pisten zain gelditzen gara, berriz itzultzeko.

Orio jatetxea, Bartzelona. Orio entsalada: euskal letxuga eta hegaluze mendezka

Osagaiak

Letxuga
Tipulina
Tomatea
Hegaluze mendrezka
Piper txikia edo pipermina
Olioa
Gatza
Ozpina

Nola egin

Ez du sekretu handirik. Letxuga eta tipula basea sendo samarra da. Lau izkinetan tomate zati handiak, tomate ertain baten laurdena ertz bakoitzean. Hegaluze mendrezka eta piperrak oliotan egon dira, plateraren erdian kokatzen dituzte bat bestearen gainean.Olioarekin eta gatzarekin gozatuta dago gehienbat; letxugaren behe aldean dago gozagarri guztia. Jalea konturatzen denean errez nahastuko du mahaian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!