Brontzezko domina eskuratu du Kirolgi OBBk 19 urte azpiko Espainiako txapelketan

Karkara 2017ko mai. 4a, 15:52
OBBko bateatzaile bat asteburuan Espainiako Txapelketa jokatzen.

Pasa den asteburuan Kirolgi OBB Katalunian izan da, 19 urte azpiko Espainiako Txapelketa jokatzen, eta hirugarren postuan sailkatu da sofbol taldea.

19 urte azpiko Espainiako Txapelketan hiru partida jokatu zituzten oriotarren sailkapen fasean, Kataluniako Proyecte, eta Valentziako Fenix eta Antorcharen aurka. Lehen partida galdu bazuten ere, beste biak irabazi egin zituzten, eta finalerdia jokatzeko sailkatu ziren.

Finalerdian Sant Boi taldea izan zuten aurkari. Partidan zehar oriotarrak markagailuan aurretik izan baziren ere, azken unean kataluniarrek aurre hartu zieten, eta OBBk finala jokatzeko txartela galdu zuen.

Bartzelonako Viladecans taldearen aurka jokatu zuten oriotarrek 3. eta 4. postua erabakitzeko partida, eta OBB 5-1 gailendu zen partidan, hirugarren postua lortuz.

Taldeko arduradunek jokalarien "ilusioa, borrokatzeko grina, erasorako indarra eta defentsan eginiko lana" nabarmendu dute. Gainera, Uxue Modre jokalari gazteak erasoan eta Amaia Larrazak pitxeoan egindako lana aipatu dute; azken horri, txapelketako pitxerrik onenaren saria eman zioten.

Hurrengo partida

Igandean Orioko OBBk Kataluniako Sant Boi taldea izango du aurkari Orioko Mendibeltz Zelaian. Lehen partida goizeko 11:00etan hasiko da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!