Anna Arque: "Gure Esku Dago izenak oso ondo islatzen du herritarrok prozesu honetan dugun indarra"

Karkara 2017ko mai. 7a, 11:45
Anna Arque

Anna Arque i Solsona, Kataluniako Kontsultaren aldeko Koordinakunde Nazionaleko kidea da. Gaurko herri galdeketan begirale lanak egiten ari da, eta Orioko bozkalekuen irekiera ekitaldian izan da kataluniarra.

ANNA ARQUE - Herri galdeketan nazioarteko begiralea

Gaurko herri galdeketa herri mugimendutik sortu da. Faktore hori garrantzitsua al da prozesuak aurrera egin dezan?

Ezinbestekoa da. Gure Esku Dago izenak berak oso ondo islatzen du herritarrok prozesu honetan dugun indarra. Eskoziako galdeketa desberdina izan zen; kasu horretan alderdi independentistak erabaki zuen galdeketa bultzatzea, baina ez zuen behar adina babes sozial izan. Euskal Herriko eta Kataluniako mugimenduak herritik sortu dira, eta horrek indar garrantzitsua ematen die.

Herritarren mobilizazioak alderdi politikoen jardunean eragina izango al du?

Prozesu luzea da, baina beste aukerarik ez dute alderdi politikoek. Katalunian esaterako, herri galdeketek kataluniarrek barruan zeramaten independentziaren aldeko sentimendua maila publikora atera zuten. Zenbait belaunaldirentzat independentzia tabua zen, galdeketek herri mugimendua sortu zuten eta egunerokoan beldurrik gabe independentziaz hitz egiten hasi ziren herritarrak. Lehen ere independentziaren alde geunden, baina ez zen hitzez adierazten. Independentziaren aldeko hautua herritarren iritzi soil izatetik, nahi kolektiboa izatera pasa da. Herritarrak ahaldundu egin dira. Katalunian bezala, Euskal Herrian ere estatu burujabe batez hausnartzeko espazioak sortu dira, eta uste dut horrek eragina izango duela politikan ere.

Garrantzitsua al da estatu burujabe baten aldeko prozesuaren gidaritza parlamentuak hartzea?

Tokiak tokiko parlamentuek argi izan behar dute herritarrek aukeratu dituztelako dutela nazioaren gidaritza. Beraz, herritarren gehiengoak autodeterminazioa eskatzen badu, parlamentuak ofizialki prozesu hori bideratu behar duela uste dut. Izan ere, hori da herritarren nahia akzio politiko loteslea izateko bide bakarra.

Zein dira bide horretan aurkitzen diren oztopo nagusiak?

Euskal Herriko prozesua oso konplexua da, eta gaia sakondu dudan arren, nahiago dut hausnarketa hori tokian tokiko eragileek egitea, faktore askok eragiten baitute. Katalunian esaterako, uste dut oztopo nagusia herritik sortu dela. Espainiar estatua Katalunian errotuta dago, eta Katalunia independente baten aurkako erresistentzia Katalunian bertan sortu diren dinamikek bultzatzen dute. Hamarkadetan zehar, autogobernua edo nazionalismo autonomikoa moduko kontzeptuekin benetako egoera ezkutatu da, eta herri galdeketek gabezia horiek azeleratu dituzte. Izan ere, autogobernua ez da benetakoa, nazioak erabakitzeko eskubiderik ez badu.

Nik uste dut dinamika oztopatzaileak gainditzen direnean eta herritarren gehiengoak independentziaren aldeko hautu garbia egiten duenean, Espainiak ezingo diola oztoporik jarri prozesuari.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!