Alex Maroto: "Ez da urrutiko lurralde batera joan behar ate deigarriak aurkitzeko"

Karkara 2017ko mai. 10a, 16:05
Alex Maroto, Orioko Kultur Etxean jarri duen argazki erakusketan.

Alex Marotok munduan barrera aurkitu dituen ate berezien argazkiekin erakusketa zabaldu du Orioko Kultur Etxean, Bideko ateak izenburupean.  Erakusketa hilaren 19a bitartean irekita izango da, 10:30etik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara.

ALEX  MAROTO - 'Bideko ateak' erakusketaren egilea

Zer ikus dezakete oriotarren erakusketan?

Bideko ateak erakusketan ezagutu ditudan hainbat herrialdetan atentzioa eman didaten ateen irudiak jaso ditut. Ateak bere osotasunean ikusteaz gain, atalaseko elementuak edo ateen xehetasunak ere irudikatu ditut, morroiloak edo atearen burdineria esaterako.

Nola sortu zitzaizun ateen inguruko erakusketa osatzeko ideia?

Nik bidaiatzen dudanean argazki asko ateratzen ditut. Egun batean, bidaietako argazkiak ikusten ari nintzela ohartu nintzen ateen argazki asko nituela. Aztertzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen horietako askok formatu handiagoan aurkezteko kalitatea bazutela. Kasualitatez sortu zen ideia, nik argazki horiek atera nituenean ez nuen ateen inguruko erakusketarik egiteko asmorik eta. Gaiaz hausnartu nuen, eta erakusketa bat jartzeko argazki aukeraketa bat egin nuen.

Zer sentiarazten dizute ateek?

Ateek sentipen berezia sorrarazten didate, bi espazio, bi mundu edo bi energia banandu edo lotu baititzakete. Gogoan dut haurra nintzenean nire jaioterrian lagunekin jolasteko kalera ateratzen nintzenean sentitzen nuena; ateak edo gortinak familia giroa eta kalea banatzen zituen.

Atek bat deigarria gertatzen zaidanean begira geratzen naiz; argazkia ateratzen diot, eta batzuetan asko hurbiltzen naiz, ate horrek helarazten duena sentitzeko. Ateek historia asko izan ohi dute, eta denboraren arrastoak antzeman daitezke horietan.

Erakusketan jaso dituzun ateak elkarrengandik oso desberdinak dira.

Bai. Batzuk koloretsuak dira, beste batzuk aitzinakoak, eta badaude tokian tokiko kultura adierazten dutenak ere. Erakusketan badago Boloniako katedraletik gertu dagoen etxe bateko letoizko tinbre multzo baten argazkia. Kafe bat hartzen ari nintzen terraza batean, eta inguruari begira nengoela deigarria iruditu zitzaidan txirrin multzoa. Bertara gerturatu nintzen, eta argazkiak atera nizkion. Oso espaloi estua zen eta etengabe jendea pasatzen zen bertatik, baina behar adina denbora itxaron nuen argazkiak atera arte. Aitzinako bizilagunen abizenak letoian grabatuta ditu txirrin multzoak, oso bitxia da. Denboraren arrastoa ikusi daiteke argazkian, oso argazki poetikoa da.

Erakusketan jaso dituzun ate guztiak atzerrikoak al dira?

Ez, Orioko Goiko Kalean ateratako argazkiren bat ere badago erakusketan. Ez da urrutiko lurralde batera joan behar ate deigarriak aurkitzeko.

Argazkilari profesionala al zara?

Ez, argazkilari amateurra naiz. Artearen hainbat diziplina atsegin ditut, batez ere argazkilaritza, poesia eta literatura. Bideko Ateak erakusketan esaterako, hainbat argazkik nik idatzitako poesia bat dute lagun.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!