Sinadurak biltzen ari dira udalak haurrek jolasteko gune estali bat egin dezan

Karkara 2017ko mai. 11a, 14:57
Haurrak parkean jolasean.

Parke estalia edo haurrek jolasteko tokia eskatu diote gurasoek Orioko Udalari. Ez dute erantzunik jaso, eta herrian bildutako sinadurekin eskaera formala aurkeztu nahi dute udalean

Orion haurrek jolasteko parke eta gune mordoa badago ere, negu partean eguraldi txarra egiten duenean nora joan ez dakitela aurkitzen dira herriko guraso asko eta asko. Gurasoentzat Euskal Herriko negua «luzea» izaten da, eta «herrian ez dago haurrentzat parke estalirik». Horren aurrean, oriotar talde batek sinadura bilketa abiatu du. «Hotza, euria eta haizea egiten du neguko egun askotan, eta haur txikiak ditugunok etxean geratu behar izaten dugu, egun horietan haurrak jolasteko gune egokirik ez dagoelako herrian».


Ekimena bultzatu duen guraso taldeko kideak Orioko Udalarekin harremanetan jarri ziren, herriko gurasoek zuten arazoa azaltzeko. «Parke estali bat edo, beste hainbat herrietan egin duten moduan, haurrek jolasteko toki bat egokitzea eskatu genien». Ez dute erantzunik jaso, eta sinadura bilketa abiatzea erabaki dute.


Taldeak argi utzi nahi du «guraso guztiek» bizi duten arazoa dela. «Ez da gure kapritxo bat. Guk ez dugu nahi gure etxe azpian parke estali bat egiterik. Orioko haurrek neguan jolastu dezaten azpiegitura egoki bat egitea nahi dugu». Guraso taldearen esanetan, Orion eskatzen ari diren parke estalia ez da «ezohiko» zerbait, «inguruko herri askotan ere mota horretako proiektuak egiten ari baitira».


Udalaren erantzun ezaren aurrean, sinadura bilketa abiatu zuten negu partean, eta Aste Santuko oporren ondoren heldu diote berriz ere gaiari. Herritarrek Nahikari Haur Dendan, Sukia tabernan, Karela kiroldegian, Haurreskolan eta herriko ikastetxeetan eman diezaiokete atxikimendua ekimenari, izen-abizenak eta NAN zenbakia zehaztuta. Bildutako sinadurekin eskaera formala aurkezteko asmoa dute udalean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!