Eskualdeko enpresek lidergoa lantzeko komunitatea sortu du UKUEk

Karkara 2017ko mai. 12a, 15:47
Lidergo komunitateko parte hartzaileak

Hilean behin bilduko dira parte hartzaileak, eta bertan esperientziak partekatuko dituzte.

Gaur Epartaidetza Komunitatea proiektua abiatu du Urola Kostako Udal Elkarteak, EDEL erakundearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan. Enpresa lehiakorrak lortzeko bidean lidergoa “ezinbestekoa” dela uste du UKUEk, eta enpresetan pertsonen kudeaketan lidergoa duten eta erabakiak hartzen dituzten profesionalei formazioa eskaini nahi die.

Mondragon Unibertsitateko Nerea Lizarragak aurkezpenean azaldu duenez, espazio desberdinak izango ditu komunitateak. “Komunitatea bera izango da horietako espazioa bat. Hilean behin bilduko dira parte hartzaileak, eta bertan esperientziak partekatuko dituzte. Horrez gain, formazioa ere eskainiko zaie lidergorako ezinbestekoak diren gaitasunak garatu ditzaten”.

Bestetik, hobekuntza taldeak sortuko dira parte-hartzaileen artean. Bertan, parte-hartzaile bakoitzak bere erronka edo helburu zehatzak azalduko ditu, eta erronka horiek martxan jarriko dituzte. Enpresa liderrek uneoro gaian adituak diren teknikarien aholkularitza izango dute bere proiektuak garatzeko. Ekimenarekin ikasitakoa enpresetan praktikan jartzea lortu nahi du UKUEk.

Testuinguru berria
Urola Kostako Udal Elkarteko teknikariek azaldu dute, enpresen lehiakortasunaz hitz egiten denean “ezin dela” teknologia soilik kontutan hartu. “Etorkizuneko enpresa eta erakunde aurreratuez ari garenean pertsonez hitz egin behar dugu; erronka berriak dituzte enpresek eta horiek gainditzeko konpetentzia berriak eskatzen zaizkie profesionalei”. Ildo horretan, udal elkarteak beharrezkoa ikusi zuen enpresetan erronka berriei aurre egiteko lidergoa lantzeko ikaskuntza komunitatea sortzea. “Jakin badakigu pertsonen kudeaketa ez dela lan erraza, eta eskualdeko enpresetan  bakartasun sentimendua nagusitu da azken urteetan lidergoa beren esku duten langileen artean”, adierazi dute udal elkartetik.

Hasiera batean, eskualdeko hamar enpresek parte hartuko dute komunitatean, baina prozesuan zehar beste enpresa batzuk ere batu daitezkeela zehaztu dute arduradunek.  Gaur hasi eta urriaren amaiera arte luzatuko da ekimena. Dena dela, udal elkarteko teknikariek jarraipena eman nahi diote proiektuari, eta denboran iraunkorra izango den komunitatea sortzea dute helburu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!