Noemi Ostolaza: "Errefuxiatuentzat bi urteko harrera sistema proposatu dugu"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2017ko mai. 19a, 10:00
Noemi Ostolaza Getarian, asteleheneko hitzaldia eman aurretik. (Aiora LarraƱaga)

Eusko Jaurlaritzan errefuxiatuen gaia kudeatzeaz arduratu da oriotarra. Astelehenean gaiaren inguruko hitzaldia eman zuen Getarian, Elan-Euskadiren hitzaldi zikloaren barruan.

Nola sortu zaizu errefuxiatuen gaia lantzeko aukera?
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Gabinete Zuzendaria izan nintzen aurreko agintaldia. Sail hori oso zabala zen, bere gain hartzen baitzituen etxebizitza, lana, integrazioa eta Lanbideren inguruko gaiak. Errefuxiatuen gaiaren koordinazio lan mardulena departamendu horretan landu genuen. Aurreko agintaldian gabeziak eta hutsuneak identifikatu genituen, eta agintaldi honetan horiei irtenbidea eman behar zaie. Dena dela, agintaldi berrian egokia iruditu zaigu errefuxiatuen gaia giza eskubideen ikuspegitik lantzea, eta Elkarbizitza, Giza Eskubideak eta Kooperazioa Sailera pasa da. Aurreko agintaldian identifikazio lana egin nuenez, hilabete hauetan sail berriarekin kolaboratzen ari naiz.


Nola baloratzen duzu errefuxiatuen egoera?
Egoera larria da eta giza eskubideak ez dira betetzen ari. Hala ere, guk eskuduntza mugatua dugu. Asiloan ez dugu eskumenik, hori Madrilgo Gobernuaren esku baitago, eta guk egin dezakegun gauza bakarra da kolaboratzea.
Jendez betetako trenak Alemaniara iristen ikusi genituenean, uste genuen Euskal Herrira ere errefuxiatu asko etorriko zirela. Dena dela, Espainiako Gobernuak ez dio aparteko erantzunik eman ezohiko egoera honi, eta errefuxiatu gutxi iritsi dira. Espainian, orain arte,  4.000-5.000 asilo eskaera tramitatzen ziren urtean, eta aurreko urtean 15.000tik gora izan ziren. Hala ere, egoera berri horren aurrean ez da harrera sistema egokitu.


Errefuxiatuek zer nolako zailtasunak izaten dituzte nahi duten herrialdeetara iristeko?
Dublingo Hitzarmenak dio Europara sartzen diren lehen herrialdean egin behar dutela asilo eskaera errefuxiatuek, eta bi urtetan herrialde horretatik ezin dutela atera. Kontua da Greziara, Italiara edo Hungariara iristen ziren errefuxiatuek ez zutela hango asilo sistemetan sartu nahi, beren helburua Alemaniara eta iparraldeko herrialdetara iristea zelako. Egoera horren aurrean, Europako Batzordeak aurreikusi zuen Europako estatuek puntu kritikoak jartzea errefuxiatuak iristen ziren herrialdeetan, bertan asilo eskaera egiteko aukera izan zezaten. Dena dela, Greziak eta Italiak oztopo asko jarri dituzte horretarako, uste dutelako herrialdeek komeni zaizkien errefuxiatuak aukeratzeko modu bat izan daitekela sistema hori. 2015ean onartu zen puntu kritiko horiek martxan jartzea, eta 2016an erdiak zeuden martxan; Espainiak, esaterako, ez ditu jarri.


Espainiak beraz ez ditu asilo eskaera asko jaso?
Errefuxiatuek ez dute Espainiara joan nahi. Izan ere, bizitza kalitatea asko aldatzen da Espainiako lurralde batetik bestera. Deigarria da, Espainia Europako muga izanik, Europak jasotzen dituen errefuxiatuen %1ari soilik ematea diola asiloa. Etorkinak behin behinekoz barneratzeko zentroak ere badaude Espainian, baina horietako askotan ez dago aholkularitza juridikorik, eta ez da egiten asilo eskaerarik.


Zer egin dezake Eusko Jaurlaritzak horren aurrean?
Espainiako Gobernuak lehentasuna eman dio etxebizitzetan harrera emateko sistemari, eta hori ona dela uste dugu errefuxiatuen familia giroa eta beren intimitatea bermatzen delako. Hala ere, etxe hutsak egokitzen ez badira ez da errefuxiaturik etortzen. Plazak sortzen direnean Italia, Grezia, Libano edo Turkiako gobernuei espedienteak bidaltzeko eskatzen die Espainiako Gobernuak. Oso prozesu luzea da. Guk, Eusko Jaurlaritzatik, sistemari etxebizitzak eskaini beharrean, lankidetza hitzarmena egin dugu erakundeekin eta Alokabideko etxeak ere eskaini ditugu.


Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak hainbat proiektu proposatu dizkio Espainiari, ezta?
Ikusi genuen sistema horrek ez diola erantzunik eman errefuxiatuek bizi duten egoerari. Horren aurrean, alde batetik, San Egidio komunitateak Italian egiten duen bisa humanitarioen sistema egokia iruditzen zaigu. Hala ere, gu autonomia bat garenez ez dugu ahalmenik Libanorekin edo Turkiarekin hitzarmenak sinatzeko. Espainiako Gobernuak ahalbidetu behar ditu bisa humanitarioak.


Bestetik, beharrezkoa iruditzen zaigu Espainiako ohiko harrera sistematik aparte plaza gehiago sortzea. Orain arte Europak zehaztu du zenbat errefuxiatu hartu behar dituen herrialde bakoitzak. Ohiko harrera sistema hiriburu edo herri handietara mugatu da, gizarte arloko erakundeek hor dituztelako etxe gehienak. Dena dela, integraziorako ez da egokiena, ghettoak sor baitaitezke. Horregatik, guk behetik gora egindako proposamena aurkeztu diogu Espainiako Gobernuari. Bost mila biztanletik gorako udalei galdetu genien errefuxiatuak hartzeko ahalmenik izango luketen, eta 61 udalerrik baiezkoa adierazi digute. Izan ere, guk uste dugu herri bakoitzean errefuxiatu familia bat oso erraz integratu daitekeela.


Horrez gain, ohiko harrera sistema urtebetekoa da: sei hilabeteko harrera, eta beste sei hilabeteko integrazioa. Horren arabera, urtebetean errefuxiatuek autonomoak izan behar dute. Guk uste dugu hori ez dela erreala, eta proposatu dugun harrera sistema bi urtekoa da. Gure plana Espainiako Gobernuari aurkeztu diogu. Orain aztertzen ari dira, eta oraingoz ez dute ezezkorik esan.


Herritarrak errefuxiatuei laguntzeko kanpainetan eta erakundeetan parte hartzen ari dira. Zer moduzkoa iruditzen zaizu herritarren erantzuna?
Herritarren erantzuna oso ona izaten ari da, eta uste dut bide horretan jarraitu behar dugula. Izan ere, zenbait herrialdeetan errefuxiatuen eta etorkinen aurkako diskurtsoa indarra hartzen ari da. Zorionez, Euskadin ez dugu alderdi politikoen artean xenofobia mezua zabaltzen duen talderik. Dena dela, nire iritziz, beldurraren mezuari aurre egiteko modurik egokiena herri mugimendua da, eta Euskadin erantzuna oso ona izaten ari da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!