Abiatu dute Kukuarri Astea

Karkara 2017ko mai. 23a, 16:48

Astean zehar mendizaletasunarekin lotura duten hainbat jarduera izango dira Orion, Talai Mendi Mendizale Elkarteak antolatuta.

Astelehenean abiatu zuen Talai Mendi Mendizale elkarteak Kukuarri Astea. Iaz izan zuen arrakasta ikusita orientazio proba antolatu zuten lehen egunean, eta haur eta guraso ugari bildu zen hitzorduan. Gipuzkoako Orientazio Taldeko kide batek zuzendu zuen jarduera; herrian zehar hamabi baliza ezkutatu zituen, eta parte hartzaileek taldeka baliza horiek aurkitu behar izan zituzten mapa baten laguntzarekin.

Jolasa hasi aurretik orientazioaren inguruko oinarrizko azalpenak eman zituen GOT taldeko kideak; mapa ulertzeko hainbat gomendio eman zituen, baliza zer den azaldu zuen eta jolasaren nondik norakoak agertu zituen. Ondoren, talde bakoitzak bere estrategia zehazteko bost minutu izan zituen, eta 18:00ak inguruan altxorraren bila atera ziren korrika parte hartzaileak.

KUKUARRI ASTEKO EGITARAUA

GAUR, ASTEARTEA
19:00
Bideo-emanaldia Talai Mendiren lokalean: Oporrak familian: Kataluniako Pirinioetan Idurre Lizarralde, Haritz Otaño eta Adur Otaño.

BIHAR, ASTEAZKENA
17:00 - 20:00
Slackline Herriko Plazan.

MAIATZAK 25, OSTEGUNA
17:30
Eskulanak haurrekin Talai Mendiren lokalean. Plaza mugatuak dira eta parte hartu nahi dutenek Iturain estankoan eman behar dute izena.

MAIATZAK 26, OSTIRALA
19:00
Jokin Lizeaga mendiko korrikalari eta prestatzailearekin solasaldia Talai Mendiren lokalean.

MAIATZAK 27, LARUNBATA
16:00 - 19:30
Kiroldegiko rokodromoa adin guztietako haurrek erabiltzeko prestatuko dute.
16:00 - 19:30 Elizako paretan eskalatzeko eta yumareatzeko aukera izango du nahi duenak.

MAIATZAK 28, IGANDEA. KUKUARRI EGUNA
11:00
Tontorreko gurutzean, elizkizuna. Ondoren, salda eta pintxo beroak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!