Puntu guztiak aho batez onartu ziren astearteko plenoan

Karkara 2017ko eka. 1a, 10:35

Iñigo Arruti Agirrek zinegotzi kargua zin egin zuen eta 2016ko aurrekontuen likidazioa onartu zen, besteak beste.

Ohiko bilkura egin zuen udalbatzarrak pasa den asteartean, maiatzaren 30ean. Bederatzi puntu landu zituzten plenoan eta guztiak aho batez onartu ziren.

Lehenbizi, Iñigo Arruti Agirre zinegotzi izendatu zuten, karguari uko egin zion Miriam Uranga Egurzaren ordez. Kredentzialen berri eman eta zin egin ostean, aho batez onartu zuten Arruti zinegotzi izatea.

Bigarren puntuan Udalaren 2016ko aurrekontuaren likidazioa onartu zuten martxoaren 31ko 160/2017 Alkate Dekretuaren bidez. Hauek dira likidazioaren emaitzak: gastu orokorretako diruzaintza gerakina 6.330.117,68 eurokoa da eta aurrekontuaren emaitza positiboa 553.629,16 eurokoa izan da.

Karela kiroldegiko taberna-kafetegian ostalaritza zerbitzuak ustiatzeko eskubideen lagapena onartu zuten ondoren. Orain arte eskubide hori zuenak uko egin zion 2016an beste bati lagatzeko ustiaketa, baina bigarren horrek ere uko egin zion. Ordezko bat aurkitu dute orain: Maria Loreto Pozo Gonzalez izango da taberna-kafetegiaren arduraduna 2023ko azaroaren 25era arte.

Orioko parke eta lorategien mantentze zerbitzuen kontratazio publikoa esleitu zuten laugarren puntuan. Enviser S.A.U enpresak lortu zuen puntuazio onena eta harri esleitu zaio kontratazioa. Mantentze zerbitzuen kostua 156.140,58 eurokoa izango da, B.E.Z. barne.

Bosgarren puntuan Zaragueta eskola bigarrenez handitzeko lanen kontratazioa onartu zuten. Moyua S.L. enpresa izango da lanak egingo dituena eta horien kostua 370.232,39 eurokoa izango da, B.E.Z. barne.

Antilla hondartzako 1. zenbakidun eraikina okupatu eta ostalaritza zerbitzuak emateko kontzesioa landu zuten gero. Idazkariak jakinarazi zuenez, bi proposamen bakarrik aurkeztu ziren lehiaketara, eta horietako bat atzera bota zuten baldintzak betetzen ez zituelako. Baldintzak betetzen zituen proposamenari eman zitzaion, beraz, kontzesioa; azken horrek uko egin dio, ordea, esleipenari. Horregatik guztiagatik, hutsik geratu da hondartzako 1. zenbakidun eraikinaren kontzesio administratiboa.

Orioko Udalaren eta Urola Kostako Udal Elkartearen artean zerga-datuak uzteari buruz sinatuko den lankidetza hitzarmena eta Udal elkartearen estatutuen aldaketa onartu zituzten, aho batez, zazpi eta zortzigarren puntuan. Ondoren, azken puntuan, Orioko herriko 2018 urteko jaieguna ekainaren 29a izango zela onartu zuten.

Eskari eta galderen atalean, Ana Priede PSE-EEko zinegotziak hainbat galdera egin zizkion alkateari. Herri honetan txirrindulari itzuliak nola antolatzen diren galdetu zion lehenbizi. 2016an Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia eta 2017ko Bidasoa Itzuliaren informazioa hedabideetatik jaso dutela zioen Priedek, eta 2018an ere Euskal Herriko Itzuliaren amaiera Orion egiteko asmoa dagoela ere kanpotik jakin duela; zer arazo dago gai horiek batzordeetatik ez pasatzeko?

Alkateak erantzun zion 2016ko itzuliaren gaia kiroletako batzorde informatzailetik pasa zela eta itzulia pasata batzordean lantzeak ez zuela ezer konpontzen erantzun zion EH Bilduko Emeterio Iribarrek. Horrez gain, Bidasoako Itzulia udaletik kanpo antolatu zela esan zuen alkateak –Oriotarrak kirol antolakuntzako elkarteak eta Bidasoako Itzuliak antolatu zutela– eta 2018an Itzulia egiteko aukerarik badago gaia batzorde informatibora eramateko konpromisoa hartu zuen.

Parke estaliaren inguruan egin zuen bigarren galdera: Priedek aipatu zuenez, egunkarian irakurri zuen parke estaliaren gaia lantzeko herritarrekin parte-hartze prozesu bat egin nahi zela eta berak ez zekiela ezer horri buruz. Azalpenak eskatu zituen. Jose Anjel Zalduak otsailaz geroztik Udala Foru Aldundiarekin elkarlanean dagoela azaldu zuen, herri partaidetzako prozedurak ezagutu eta lantzeko. Proposamenak biltzen dituenean batzordera eramateko intentzioa duela azaldu zuen alkateak.

Horren harira, harridura erakutsi zuen Iribarrek: partaidetza prozesua frontoiaren kokapenarekin egingo zela eta lehentasuna horrek duela adostua zutela esan zuen. Hori zergatik ez den planteatu galdetu zuen Iribarrek.

Hirugarren galdera bat egin zuen Priedek. Aurrekontuak onartzean EAJk kronograma bat aurkeztu zuela azaldu zuen, ekintzen zerrenda eta horiek egiteko epeekin. Adibide bat hartu zuen zerrendatik: arrisku puntuen identifikazioa eta lanketa martxoaren 31rako aurreikusita zegoela eta bi hilabete pasata oraindik ez dakiela ezer gaiaz.

Alkateak gaia nola dagoen begiratuko duela eta hurrengo udalbatzarrean erantzun bat emango ziola esan zuen. Horren harira, Iribarrek kronograman dauden eta landu ez diren beste hainbat puntu ere aipatu zituen: Plan Orokorra, lurpeko edukiontziak, behar sozialen ikerketa...

Udalbatzarrarekin amaitzeko, herritar batek galdera egin zuen publikotik: urrian frontoiaren kokapenaren inguruko herri galdeketa egitea aurreikusita dago. Nola dago gaia? Horri buruz ezer ez zekiela erantzun zuen Zalduak eta EAJko Angel Del Hoyok baieztatu zuen asmoa, eta lanean ari direla erantzun zuen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!