Jon, ibiliko al gara?

Iñigo Gaiton 2017ko eka. 2a, 12:18
Argazkiak: Egiguren Argazkiak

2005.urtetik egon da Orioko Arraun Elkartetik kanpo Jon Salsamendi, eta urte hauetan curriculum bikaina osatu du Astilleron eta Bermeon. Herriko mutilen traineruak haize freskoa behar zuelako deitu zioten iazko udazkenean, eta baiezkoa eman ostean, gustura dago taldeak egun daraman martxarekin. Abizenei erreparatu gabe, oriotarrak txaluparekin harro sentitzea du helburu.

“Aurten ibiliko garela uste dut ”

Jon Salsamendi
Orio AEko entrenatzailea

Azken urteetan emaitza onak eman dizkion lanerako metodo bat dauka Jonek, eta Orion hori txertatu nahian dabil.   Asmatu edo ez, argi izan du hasieratik lana nola egin; besteak beste,  umiltasuna eta anbizioa uztartuz.

Nolatan itzuli zara Oriora?

Zirkunstantzia asko elkartu dira. Arraunarekin zerikusi   zuzena duten arrazoiez gain, kontu pertsonal batzuk ere izan dute eragina. Hala ere, erabakia guztiz profesionala izan dela azpimarratu nahi dut.

Curriculum bikaina egin duzun azken urteetan, Oriok irabazitako bandera kopuruak beheranzko inertzia garbia izan du. Nola ikusi duzu hori distantziatik?

Nahikoa lan izan dut egon naizen taldeetako martxarekin, eta ez dut traineru horiari begira egoteko astirik izan. Egia da azken urteetan ez direla bandera garrantzitsu asko irabazi, baina beheranzko inertzia hori ez da hain nabarmena. Egon dira urte politak ere.

Ados, baina denok dakigu Orioko arraunzaleek zer eskatzen duten.

Beno, horrek badu irakurketa positiboa ere. Lehen irabazi edo galdu terminoekin bakarrik neurtzen genituen estropadetako emaitzak. Orain bigarren edo hirugarren postu bat baloratzen ere badakigu. Ari gara ikasten.

Iazko denboraldia lur jota bukatu zuten arraunlari batzuk. Irailean zurekin bildu ziren ia arrauna urtebetez uztekotan zirela, eta iritzia aldatu zenien.

Ez nien fabula edo ipuinik saldu, ez eta emaitza edo banderarik agindu. Zenbaki eta datuekin objektiboa izaten saiatu nintzen, errealista, eta lanerako modua zein izango zen argi ulertu zuten. Askok ilusioa berreskuratu dute, eta hori da garrantzitsuena. Ikusiko dugu honek udan nora garamatzan.

Printzipioz denboraldi bakarrerako etorri zara.

Beste elkarteetan aritu naizenean ere beti hartu dut urtebeterako konpromisoa, hau ez da berria. Emaitza onak eman dizkidan lanerako metodo bat daukat sortua, eta hori aplikatu nahi dut hemen. Agian ez dut asmatuko, baina ez dut frogak egiten jarduteko astirik.

Metodo bat?

Bai, lanerako plangintza bat. Denboraldia etapa desberdinez osaturiko prozesu luzea da. Etapak bukatzean helburuak bete diren aztertzen dut. Lortu ez badira, ez naiz hurrengora pasatzen. Eskolan bezala, kurtsoa edo azterketak berriz     egitera bidaltzen ditut arraunlariak.

Arraunlariekiko kontrol handia izatea suposatuko dizu horrek.

Bai, eta taldeko guztiekin komunikazio ona edukitzea ere bai. Prestaketa prozesuko gauzarik txikienari arreta eman eta etengabe gainbegiratzeari garrantzia izugarria ematen diot. Horixe da nire sekretua.

NEGUKO LANA

Zer balantze egiten duzu neguaz?

Gustura nago entrenamenduetan lortutako datu eta emaitzekin. Ez dugu arazorik izan fase bakoitzeko helburuak lortzeko. Honek sinplea dirudi, baina ez da beti hala izaten.

Arraunlarientzat estimulu gehiegirik gabeko hilabeteak izango dira horiek, ezta?

Bai, horregatik saiatzen naiz etengabe arraunlariak konfort zonatik ateratzen. Entrenatzen denak adinako garrantzia du entrenatzeko moduak.

Zein indargune ditu aurtengo koadrilak?

Teknikoki mutil finak dira, oso arraunlariak. Urdaibaikoekin edo Astillerokoekin konparatuz indar gutxiago dute, baina erresistentzia handiagoa. Motor ona dugu traineruan.

Eta ahulgune nabarmenik bada?

Beren potentzialean konfiantza gehiago izaten ikasi behar dute, beste traineruei beldurra galtzeko.

TEKNIKA

Kortarekin eman zenuen eliteko arraunera saltoa, Jose Franciscorekin ere ibili zinen Astilleron... Zer motatako arraunketa txertatu nahi duzu Orion?

Arraunketa estiloez jardutea oso modan dago, eta jendeak oharkabean teknikaz baino estetikaz hitz egiten du. Palada bakoitza ziklo bat da, eta hor keinu bat edo gehiago nabarmenduta, arraunketa mota jakin bat izatea lor dezakezu. Jendeak batzuetan estetikoki gauzak nabarmentzen ditu errendimenduan zein eragin duten jakin gabe. Arraunketa politak ez dizu beti azkarrago joaten lagunduko.

Jon, hitz egin argiago.

Arraunketak hiru neurgarri ditu: luzera, potentzia eta maiztasuna. Hiru faktore horiei ahalik eta etekin handiena atera behar zaie. Hanketako azkazaletatik hasita buruko azken ileraino, gorputz osoa aprobetxatzen irakasten ari naiz palada luze eta indartsuagoak jotzeko. Agian estetikoki ez da arraunketarik politena, baina mutilei esaten diedan bezala, gure kirola ez da patinaje artistikoa. Helmugara aurrena iristen denak irabazten ditu estropadak.

Uretan atake biziagoa ari omen zara eskatzen.

Bai. Palada bakoitzean gauza asko neur daitezke: indarra, azelerazioa, potentzia, abiadura... Arraun pala uretatik ateratzen den momentua da palada bakoitzeko unerik azkarrena. Motelena, aldiz, arraunak ura ukitzen duena, atakekoa alegia.  Enbarkazioa geratu egiten da, nolabait esateko. Ontzia ahalik eta gutxien geratzeak izan behar du helburua, arraunari gehiago nola tira pentsatzen jarri aurretik. Ez gara ari atake indartsu edo bortitzagoa lantzen, azkarragoaren bila baizik.

Aurreko urteekin konparatuz, itsasoan gehiago ari zarete entrenatzen.

Arrauna itsas kirola da eta estropadarik garrantzitsuenak itsaso zabalean jokatzen dira. Gure ibaia zoragarria da aulki mugikorrerako, baina ur gutxi duenez, traineruan jarduteko gogorra egiten da. Errioan ibilita erresistentzia asko lantzen da, baina txispa galdu ere bai.

Aranberri patroia abila da itsasoan.

Bai, gozatu egiten du olatu artean. Badakigu zer eskatu elkarri, komunikazio bikaina dugu. Mirari txikia da Gorka gurekin egotea, suertez pieza askok egin dute bat.

HELBURUAK

Taldea banderetatik 23 segundora zegoela esan zenuen iazko urrian. Orain, zenbatera gaude?

Lehengo denboraldiko estropadetatik ateratako bataz besteko zifra da. Iritzi kategoriko bat emate aldera, distantzia hori  jaitsi dela esan dezaket, eta gehiago moztu behar genuke gauzak ondo joanez gero.

Ezin dugu helburu zehatzez hitz egin oraindik?

Ez, ez litzateke errealista. Hala ere, Oriori %100ean ohorezko txandetan aritzea eskatu behar zaiola esan dezaket.

HARREMANAK, HASERREAK, ORBAINAK

Azken 20 urteetan jende dezente joan da arraun elkarteko atzeko atetik.

Erabaki potoloak hartzean ezin izaten da denekin asmatu. Gauzak aurrez aurre hitz egin behar dira, errespetuz. Guztiok gara pertsonak, denok ditugu sentimenduak, eta errazegi ahazten gara horretaz. Urte askotan sentsibilitate falta handia egon da arraun elkartean.

(…)

Ondorengo esaldia orokorregia da, baina gauza asko azaltzen ditu: niri aulki mugikorrak lagunak eman dizkit, eta traineruak kendu. Orain, arraunarekin aldrebestutako harreman pertsonalak berreskuratzen saiatzen ari naiz, erlazioak normaltzen. Lan orduetatik kanpo arraunaz ahazten ikasi dut, eta horrek jendearekiko tratuan beste perspektiba bat izaten lagundu dit; noski, distantzia horrek entrenatzaile hobea ere egin nau.

Ibiliko al gara aurten?

Bai.

Denboraldia banderarik irabazi gabe bukatzea frakasoa litzateke?

Bai.

 

“Arraunlariak pertsonak dituk… pertsonak!”

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!