“Arraunlariak pertsonak dituk… pertsonak!”

Iñigo Gaiton 2017ko eka. 2a, 11:50
Argazkia: Egiguren Argazkiak

Goizeko hamarrak Arraunetxen, astearte buruzuria. Jon Salsamendi elkarteko beste prestatzaile batekin ari da berriketan bulego batean. Bien artean 60 urtetik gorako esperientzia dute arraun munduan, eta sakon ari dira entrenamenduez eta planifikazioaz hizketan. Bat-batean elkarri begira geratu dira, isilik, algoritmo konplexu bat deszifratu balute bezala: Arraunlariak... pertsonak dituk! Pertsonak! Esaldi horrek itxi du bilera.

Estropalarien alor psikologikoa lantzeak garrantzia handia du Jonentzat. Arraunak asko emateaz gain, kendu ere izugarri egiten du. Nik bizpahiru ordu ematen ditut egunean arraunlariekin, baina beste momentuetan egiten dutena ez dut ikusten. Lana, familia, lagunak, bikotekideak… Sentimenduek eragin zuzena dute kirol errendimenduan. Nik jakin egin behar dut arraunlari bat benetan errealizatua sentitzen den egunero entrenatzera datorrenean. Arraunak desgaste fisiko eta psikologiko handia eragiten du, eta horrek estropalariei sortzen dien satisfazio maila neurtzea ezinbestekoa da. Giza faktoreak inportantzia izugarria du nire lanerako metodoan.

Itsasora

Arratsaldeko bostetan, Arraunetxe sarreran neska-mutil koxkor talde bat kontu kontari ari da, norbaitek atea ireki zain. Eskolako motxila etxean utzi, bokadilo handia jan eta bizikleta hartuta etorri dira errioaren beste aldera. Senior mutilak kotxez datoz, ogitartekoa jan gabe. Jon trainerua jartzen ari da, talde osoa klubera iritsi bitartean. Gero, borobilean jarri, beroketa ariketak egin eta bi enbarkazio uretaratzeko agindua eman du: trainerilla eta trainerua.

Barra muturrean koska handiak daude uretan, eta trainerillako aurrekalariak lanak ditu ipurdia tostan mantentzen. Ezeroso hartu dute bi tripulazioek ipar mendebalderanzko norabidea. Eguzkia udatiar ageria da Getariako Arratoiaren gainean, itsasoak urdin ilun kolore dotorea du, eta bata bestearen atzetik datozen olatuek trabeska jotzen dituzte bi txalupak. Estanparen ederrak eta arraunlarien sufrikarioak aurrez aurre egiten dute talka. Kresala behar diagu! Errioan nik ere egingo nikek oraindik arraunean!

Joaldi batzuren ostean, bi tripulazioei geratzeko agindua eman die Jonek. Ez zaio gustatu ikusi duena. Horrela jardun baino, hobe diagu gitarra jotzera joan! dio, serio demonio. Aurpegi garratzak leuntzeko, azken hitzen tonua atseginagoa da. Zerbait gaizki antzematean, esan lasai, orain hitz egin beldurrik gabe. Gauzak uretan argituz gero, etxera lasai joango gaituk!

Rock and roll gehiago!

Bi tripulazioak ordubetez aritu dira olatuei trabeska arraunean, eta azken txanpa poparean jo dute tentsioa askatu eta sentsazio onarekin lehorreratzeko. Rock and roll gehiago! Itsasoa bihurritzen denean guk ere erradikalagoak izan behar diagu! Irratian edo telebistan entzunda ematen ez badu ere, Jonek makarra puntua dauka distantzia motzetan. Arraunlariak zirikatzeko ironiara jotzen du sarri, baina milimetrora kontrolatzen du esandako hitz oro.

Agur esan aurretik zaleei mezuren bat bota nahi dien galdetu diogu. Bai, oriotarrak traineru horiarekin harro sentitzea lortu nahi dugu, entrenatzailearen, patroiaren edo arraunlarien abizenei erreparatu gabe. Gu saiatuko gara horretarako motiboak ematen, gogor ari gara lanean. Ea garai batean bezala herriko balkoiak eta estropadak horiz janztea lortzen dugun!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!