“Geroz eta gutxiago egiten dugu sukaldean”

Karkara 2017ko eka. 7a, 12:04

Herri baten bizimodua errezeta liburutan jasotzen da. Lagunarteko otorduak; etxeko jan ohiturak; baratza, ibaia eta itsasoa; jatetxeetako sukaldeak... ikasteko lekuak dira denak. Mahaiaren bueltan gauza asko egin daitezke. Interesgarrienak bi: jan eta berriketan egin. Goazen Orioko errezeta liburua idaztera.

Itziar Olasagasti San Sebastian
Arraunlariaren udako entsalada: pasta, oilasko bularkia eta tomatetxoak

Adinez zaharragoak badira traineru horian, baina 2010. urtean txalupa uretaratu zenetik tostartean ikusi dugu Nadeth Agirrrerekin eta Garazi Olidenekin batera. Hamaseigarren denboraldia du Itziar Olasagastik, bizitza erdia baino gehiago  darama arraunean. Giza Elikadura eta Dietetika graduatuak udan dezentetan prestatzen duen otordua ekarri digu. Lan ibilbidean eten bat egin eta Gorputz eta Kirol Ekintzen Sustapena ikasten ari da aurten. Ekaina da eta traineru denboraldia hasteko desiratzen dago.

Giza Elikadura eta Dietetika ikasia zara. Langai ere izan duzu. Han eta hemen sarritan entzuten dugu gizartean biderkatzen ari direla gizentasun kasuak.

Hala da. Ez da pisu kontua bakarrik. Gorputzaren konposizioa zaindu behar da, grasaren ehunekoa, gehienbat. Ehun kiloko pertsona osasuntsu egon daiteke. Anekdota hau askotan gogoratzen dut: Amerikarrek Vietnameko gerrarako herritarrak hautatzeko IMC indizea erabili zuten. Hona hemen ekuazioa: pisua zati altuera metrotan ber bi (kg/m2). Kanporatu egiten zituzten hogeitabostetik gora ematen zutenak. Alegia, futbol amerikarrean jokatzen zuten mutil gihartsuak ez ziren gerrarako balekoak. Grasa gutxi izan arren pisua zutelako.

Zein dira gizentasunaren kausak eta ondorioak?

Gizartea lodiagoa da egun, ikerketek garbi diote. Arrazoi nagusiak bi dira: elikadura eta sedentarismoa. Sukaldean geroz eta gutxiago egiten dugu: gure amonak pasatzen zuen denboraren hamarrena pasatzen dut nik. Aurrez prestatutako jakiak erabiltzen ditugu geroz eta gehiago. Gainera, dena da refinatua edo findua, ogia adibide nabarmenena.

Loditasuna, hipertentsioa, kolesterola, osteoporosia…asko dira ondorioak. Prebentzioan jarri behar dugu arreta. Parera datorkit duela gutxi Dietisten Elkarteak Urkullu lehendakariari egin zion galdera: Noizko dietista eta nutrizio adituak Osakidetzan? Gaur egun ez dago. Urkulluk erantzun zuen ez direla beharrezko, beste espezialitate bat sartu ordez egokiagoa dela medikuak eta erizainak formatzea.

Presa izaten dugu kiloak galtzeko. 

Garrantzitsuena, ordea, grasa galtzea eta elikadura ohitura osasuntsuak hartzea eta mantentzea da. Pisua azkar galduz gero laster berreskuratuko duzu. Astean kilo bat baino gehiago ez da komeni. Ez da kontua denboraldi batean zorrotz jardutea, epe luzean iraungo duten ohiturak hartu behar dira. Gure ofizioan dagoen intrusismoak ez du asko laguntzen: ikastaro batekin aditu bihurtzen da jendea, telebistan, sarean eta frankizietan argaltzeko dieta  eta produktu ugari saltzen dira. Jendea nahasteko besterik ez dute balio.

Arraunean asko zaintzen duzue pisua.

Aurten negua ezberdina izan da. Santi Zabaletarekin osorik egin dugun lehena izateaz gain, Rafa Gonzalez de Txabarri izan dugu ondoan prestatzaile fisiko lanetan. Beatriz Manchon piraguista olinpikoa daukagu jana zaintzen laguntzeko. Azken bi urtetan garrantzi handia eman diogu elikadurari. Dietak baditu bi garai: neguan proteinak eta udan karbohidratoak lehenesten ditugu. Estropada garaian garrantzitsua da bezperako afaria edo bazkaria, gorputzak asimilatzeko astia behar baitu. Makarroiak hutsak jaten ditugu askotan, oilasko bularkia eta arraina gero. Halere, proposatu berri dizuedan entsalada eta antzekoak dira ohikoenak gure etxean.

Badator arraun denboraldia. Avante!

Luzea dator  aurtengoa. Hogeitalau estropada izango ditugu. Ekainaren hamaikan Lekeition izango dugu lehen testa. Gipuzkoako Liga astebete geroago hasiko da Deustun. EuskoTren Ligarako sailkapen estropadak Orion eta Donostian izango dira, uztailaren zortzian eta bederatzian. San Juan oso indartsu ikusten dut: jende ona inguratu zaie eta koadrila zabala dute, arraunlari asko eta onak. Hibaika ere kontuan hartu beharko dugu, aurkaririk ez da faltako. Gu iazko tankeran gabiltza, dozena erdi alta eta baja izan ditugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!