Orioko haurrek Victoria Eugenia antzokian ikuskizuna eskainiko dute, Do Re Ni egitasmoaren barruan

Karkara 2017ko eka. 7a, 17:30
Gaur goizean Donostian aurkeztu dute Do Re Ni emanaldia. Irudian Xabier Lizaso saioan parte hartuko duten hainbat haurrekin. (Aiora LarraƱaga/Hitza)

Gaur aurkeztu dute Donostian Xabier Lizasok zuzentzen duen proiektuaren ikuskizuna. Gipuzkoa osoko 500 haurrek parte hartuko dute larunbateko saioetan, tartean oriotarrek.

Haurraren garuna musikaren bidez estimulatzea du oinarri Xabier Lizasok zuzentzen duen Do Re Ni egitasmoak. Ikasturtean zehar Gipuzkoa osoko hamabost ikastetxetako 0-7 urte bitarteko haurrek parte hartu dute ekimenean, eta larunbatean ikasturte bukaerako ikuskizuna eskainiko dute Vitoria Eugenia antzokian; tartean izango dira Orioko haurrak ere.

Bostehun haur inguru igoko dira Vitoria Eugeniako oholtza gainera, bi saiotan banatuta. Musika, dantza, kantua eta antzerkia uztartuko dituzte, eta Andoni Egaña bertsolaria eta Xabier Lizaso musikaria eta ikertzailea izango dituzte gidari. Talde desberdinek ikastetxean prestatutako saiotxoak eskainiko dituzte, eta denek elkarrekin hainbat kanta ere abestuko dituzte. Lehen saioa 11:00etan izango da, eta bigarrena 12:45ean.

Musikaren bidez garuna landuz

Xabier Lizasok aurkezpenean adierazi duenez frogatuta dago, ez dagoela beste ekintzarik musikak bezain beste garuna garatzen laguntzen duenik. Behin eta berriz errepikatu behar dira abestiak haurraren garunean eragina izan dezaten, eta hori lantzen dute Do Re Ni proiektuan. Kantuen, dantzaren, arte eszenikoen bidez estimulatzen dute haurren garuna. Askotan gurasoei eta irakasleei kosta egiten zaie ulertzea proiektuaren helburua ez dela haurrek ikastea, haur horien garuna estimulatzea baizik. Horretarako testuinguru atsegina sortzen dugu, eta haurrek ondo pasatzen dute.

Aurten Do Re Ni egitasmoaren lehen ikasturtea izan da, eta uste baino harrera hobea izan duela aitortu du Lizasok, eta zenbait ikastetxek beren curriculumean txertatu dute egitasmoa. Izan ere, oriotarraren esanetan hainbat onura ditu musikak haurrarengan. Musikaren lanketak haurren nortasuna lantzen laguntzen duela azaldu du Lizasok. Bide horretan, proiektuaren helburua ez da musikariak sortzea, musika oinarri hartuta haurren sortzaile izaera handitu nahi dugu, beste hainbat jardueren garapenean laguntzeko, azpimarratu du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!