Joseba Tapia: "Musika eskola da haur askok musikarekin duten lehen erlazioa"

Karkara 2017ko eka. 8a, 10:05
Joseba Tapia trikitilariak 'Larreko Eskolatik: trikitixarekin gozatzeko apunteak' liburua aurkeztuko du gaur. (Noaua aldizkaria)

Gaur arratsaldean abiatuko dute Bizitzaldiak zikloa Orioko Gaztetxean, Joseba Tapiaren hitzaldiarekin.

Joseba Tapia (Lasarte-Oria, 1964) trikitilariak Larreko Eskolatik: trikitixarekin gozatzeko apunteak liburua aurkeztuko du gaur 19:00etan, Orioko gaztetxean. Bizitzaldiak zikloaren barruan antolatu dute saioa.
Zer gai jorratuko duzu Orioko hitzaldian?
Larreko Eskolatik: trikitixarekin gozatzeko apunteak liburuaren inguruan jardungo naiz saioan. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen enkarguz egin nuen liburua, irakaslegoa gustura ez zegoelako. Irakasleak kexu ziren gaur egungo haurrek ez zutelako ikasten, eta horri erantzuna emateko irakasleei laguntzeko gidatxo bat sortu genuen. Lau urte pasa nituen liburua lantzen, eta trikitixaren irakaskuntzaren inguruko hausnarketa bat egin nuen, irakasleentzat baliagarri izan daitekeena.
Zer hobetu daiteke trikitixaren irakaskuntzan?
Konparatu dut guk nola ikasi genuen trikitixa, eta musika estilo hori Euskal Herritik kanpora nola irakatsi den. Desberdintasun batzuk antzeman ditut. Egun musika eskoletan irakasten da musika, baina lehen hemen eta baita rock munduan ere, musika ulertzeko beste filosofia bat landu izan da. Lehen nerabezarotik aurrera ikasten hasten ginen trikitixa, eta gaur egun askoz lehenago hasten dira haurrak. Faktore desberdinak kontuan hartuta, proposamen desberdin batzuk egin ditut.
Askotan haurrak txikiak direnean hasten dira musika tresna ikasten, eta denborarekin aspertu egiten dira.
Bai. Garai batean musika beste modu batera bizi genuen, erromerietan eta dantzaldietan pil-pilean baitzegoen. Gaur egun, haur askok musikarekin duten lehen erlazioa musika eskolan izaten da, eta oso zaila da musika eskolak haurrarengan musikarekiko zaletasuna sortzea. Ni gaztea nintzenean musika asko nuen inguruan; adibidez, etxean kantatzeko ohitura genuen eta erromeriak ere baziren. Giro horrek guztiak sortu zidan niri musikarekiko maitasuna eta trikitixa ikasteko gogoa. Gaur egungo haurrek eta gaztetxoek, ordea, ez dute ispilu hori inguruan, eta oso zaila da musika eskolak haurrarengan musikarekiko irrika sortzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!