Ane Arruti: “Bete egiten nau kantu bat sortzeak, sentsazio berezia da"

Iñigo Gaiton 2017ko eka. 8a, 16:56

Arrutiko Intxaurrak izenarekin sinatzen eta kantatzen ditu abestiak Ane Arrutik (Zarautz, 1985), eta ostiralean kontzertua eskainiko du kultur etxean. 2012.urtean jo zuen aurrenekoz oriotarron aurrean, Etxeluze Gaztetxean. Ordutik bizitza asko aldatu zait, baina musika bizitzeko moduak eta, batez ere, sortzen ditudan kantuek, kutsu bera mantentzen dute.

Nondik datorkizu musikarako sena?

Familiatik. Ahaide asko musikari loturiko mila saltsetan ibili dira betidanik, eta etxeko ospakizunetan postreak atera orduko hasten gara kantu kantari. Koadrilan ere badugu horretarako ohitura.  

Eta noiz sortu zenuen zure lehen kantua?

2011.urtean, eta hara, bera izan da gerora jendeari gehien gustatu zaiona.

“Lonja Zarra" izena duena.

Hori da.

"Hit" batekin hasi zinen, indartsu.  

Bai, gero denak gainbeheran joan dira kar kar kar...

Letra, melodia, akorde jolasen bat... Zeri heltzen diozu lehenik kantu bat konposatzeko?

Normalean melodiari. Doinuren bat bururatzen zaidanean, telefonoan edo eskura dudan gailuren batean grabatzen dut. Musika itxuratu ostean hasten naiz letra egiten. Hori kostatzen zait gehien.

Kantugile ezagun batek dio berarentzat abesti baten %60a letra dela, eta gainontzekoa musika. 

Bai, izan daiteke. Niri ere ez zait gustatzen errazkerian erortzea, eta horregatik kostatzen zait hainbeste letren kontua, inportantzia handia ematen diedalako. Anari asko miresten dut horretan, gaitasun izugarria du barrenak ukitzen dituzten letra eta melodiak uztartzeko. 

Musikari dezentek sufritu egiten dute sorkuntza prozesuan eta zuzenekoetan.

Niretzat musika ondo pasatzeko hobbya da, gozatu egiten dut konposatzen. Bestela ere, egunerokoan badira aldartea okertzen diguten nahikoa kontu. Abesti berri bat bukatzen dudan bakoitzean beteta sentitzen naiz, sentsazio berezia da.

 

                                    

 

Zein dira abestietan jorratzen dituzun gaiak?

Aspaldi sorturiko kantu pare batean parranda giroko bizipenak eta lagunartea, maitasun erromantikoa ezbaian jartzen duen letraren bat ere badut, beste batzuk ilunagoak dira, intimoagoak…  

Azken aldian egindakoek gizakiok emozioak azaltzeko ditugun zailtasunez hitz egiten dute, jendeak gutaz pentsatu eta esango dutenaren beldurrez estaltzen ditugun sentimenduez; itxurakeriaz, kalera ateratzean jartzen ditugun oskolez.

"Se canta lo que se pierde...", zioen Machado poetak.

Bai. Ezti mengel kutsurik ez duten abesti alaiak sortzea zailagoa da niretzat ere.

Letretan zutaz hitz egiten duzu? Asko biluzten zara?

Nitaz baino gehiago, inoiz sentitu ditudan emozioez; alegia, zuk, nik, denok ditugun sentimenduez. Abestiak jendaurrean kantatuko ditudala jakinda, ez naiz gehiegi ere biluzten, babes neurriak hartzen ditut kar kar kar...

Bakarrik ateratzen zara oholtzara. Ez duzu kantuak banda batekin jotzeko tentaziorik izan?

Askotan pentsatu dudan gauza da, baina beti hortxe geratu naiz, tentazioan, azken pausua eman gabe. Aurrerantzean, auskalo!

Zein musikari dituzu kuttunen?

Anari, Napoka Iriako Miren Narbaiza, Mor More zarauztarrak... Nazioartean, PJ Harvey eta Patti Smith.

Zer eskainiko diguzu Orioko kontzertuan?

Ordubete inguruko saioa izango da. Maketako bizpahiru kantu joko ditut, eta berri xamarrak diren denak. Batzuk oraindik sortze prozesuan daudela esan dezaket, bukaera probisionalekin. Ea nola ateratzen diren! 

Argazkiak: Emarock

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!