Sakelako telefono zaharrak biltzeko kanpaina jarri dute martxan, Orion

Karkara 2017ko eka. 13a, 15:16
Sakelako telefonoak

Orioko Herri Ikastolako ikasleek eta Alboan erakundeak abiatu dute egitasmoa. Eskuko telefonoekin lortzen duten dirua Kongoko Errepublika Demokratikora bideratuko dute

Orioko Herri Ikastolako ikasleek  sakelako telefono zaharrak biltzeko kanpaina abiatu dute, Alboan gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean. Ikastolako DBH 3. mailako ikasleek Gizarte Zientzietako proiektu baten bidez eskuko telefonoen ekoizpenaren atzean ezkutatzen den errealitatea ezagutu dute. «Indarkeria eta esplotazioa sufritzen ari dira Kongoko herritarrak» azaldu dute Orioko Herri Ikastolatik.
Herritarrak gaiarekin sentsibilizatzeko eta egoera horri irtenbidea ematen laguntzeko, Kongoko herritarren alde sakelako telefono zaharrak bilduko dituzte, Alboan elkartearen Gatazkarik Gabeko Teknologia proiektuaren barruan. Kanpainarekin ezagutzera eman nahi dute sakelakoek, tabletek eta ordenagailuek Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko gerrarekin duten lotura. Era berean, indarkeria geldiarazten laguntzeko lankidetza aukerak ere proposatzen ditu proiektuak. Behin mugikorrak bildutakoan, Alboan elkarteak jasoko ditu,eta horiek diruaren truke aldatuko dituzte. Azkenik, bildutako diru guztia Kongoko Errepublika Demokratikoko herritarrei laguntzera bideratuko dugu.


Hilaren 22ra arte
Pasa den ostiralean abiatu zuten eskuko telefonoen bilketa, eta hilaren 22a bitartean egongo da martxan. Proiektua arrakastatsua izan dadin, oriotarren laguntza ezinbestekoa dela jakin badakite gazteek: Zenbat eta gailu gehiago jaso, Kongoko herritarrentzat diru gehiago bilduko baitugu.
Beraz, oriotarrek etxe bazterrean ahaztuta dituzten eta erabiltzen ez dituzten sakelako telefono zahar edo apurtuak Orioko Herri Ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako idazkaritzaren eta Lehen Hezkuntzako irakasle gelaren kanpoko aldean jarri dituzten kaxa batzuetan uzteko eskatu dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!