Puntu guztiak aho batez onartu ziren ezohiko bilkuran

Karkara 2017ko eka. 28a, 09:32

Ekainaren 26an, astelehenean, egin zen bilkura.

Astelehenean, ekainaren 26an, ezohiko bilkura egin zuen udalbatzarrak. 19:30ean hasi zen plenoa eta azkarra izan zen, gorabehera handirik gabea.

Lehen puntuan Antilla hondartzako 1. zenbakidun eraikina okupatu eta bertan Udalak baimendutako ostalaritza zerbitzuak emateko kontratua esleitzea onartu zuten. Aurreko bilkuran landu zuten gaia: bi proposamen bakarrik aurkeztu ziren lehiaketara, eta horietako bat atzera bota zuten baldintzak betetzen ez zituelako. Baldintzak betetzen zituen proposamenari eman zitzaion, beraz, kontzesioa; azken horrek uko egin zionez, hutsik geratu zen eraikinaren kontzesio administratiboa. Hori ikusita, atzera botatako proposamena egin zuen pertsonak proposamen berri bat aurkeztu zuen Udalean. Baldintza guztiak betetzen zituenez, hari eman zaio kontzesioa.

Bigarren puntuan Orioko Udalaren eta Berkolike Kultur Elkartearen artean izenpetu beharreko Etxeluze udal eraikinaren lagapen hitzarmena sinatzea onartu zuten. Udalaren eta elkartearen eskubide eta betebeharrak zerrendatu ondoren aho batez onartu zuten alkateari hitzarmena sinatzeko ahalmena ematea. Ana Priede PSE-EEko zinegotziak ez zuen bozketan parte hartu.

Hirugarren eta laugarren puntuetan, 2017rako lanpostu zerrendaren aldaketak eta Udaleko 2017rako lan eskaintza publikoa onartu zituzten hurrenez hurren. Hiru plaza jabetzan betetzeko oinarriak onartu zituzten azken hiru puntuetan, guztiak aho batez: Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasun Politika departamenturako maila ertaineko teknikari plaza bat, Turismo, Merkataritza eta Ostalaritza departamenturako maila ertaineko teknikari plaza bat eta udal kanpineko zuzendari plaza bat.

Eskari eta galderen atalean, Priedek hartu zuen hitza eta alkateari esan zion oso berandu iritsi zirela hiru lanpostuak. Legegintzaldi hasieratik alderdi guztiak ados ginen hiru lanpostu horiek atera behar zirela, baina bi urte beranduago iritsi dira pliegoak. Pertsonaleko batzordeburu bezala ardurak hartzea eskatu zioten gainontzeko alderdiek. Zalduak, alkate bezala, erantzukizuna berea zela onartu zuen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!