Etxeluze: eraikitze lanetan

Karkara 2017ko eka. 28a, 12:58

Gaztetxe baten agenda izaten da beti kanpotik ikusten dena, herrira irekitzen den leihoa. Horren guztiaren atzean dagoen lana da ikusten ez dena. Etxeluzeko asanbladak bi urte daramatza lanean, barrura begira, gaztetxeko proiektua sendotzeko.

Erradikalak gara, Berri Txarraken kontzertua, Bizitzaldiak, zine-forumak... indartsu ireki ditu berriz ateak Etxeluze gaztetxeak. Azken hilabeteetan hartu duen martxa, teilatu berria eta itxura berria askoren ahotan daude azkenaldian: dotore dago gaztetxea!

Proiektu handi ororen atzean beti daude pertsonak, eta Etxeluzeren atzean ere bada herritar gazte talde bat, gogoz lanean ari dena, proiektua aurrera ateratzeko. Zazpi urte beteko ditu gaztetxeak uztaila hasieran; gorabehera handiak izan ditu bere ibilbidean. Gaztetxe bat ez da bi egunetan eraikitzen, eta gaur ikusten den sendotasunaren atzean azken bi urtetako lanketak, hausnarketak eta negoziazioak daude.

Eraikinean egindako lanek markatu dute, gehienbat, azken bi urteetan gaztetxeko asanbladak izandako eboluzioa eta erritmoa. Bi fase izan dituzte lanek: 2015 amaieran hasi zen lehena  teilatuaren konponketarekin, eta urtebete ingurura bigarrena. Paretak, argindarra eta beste hainbat egokitzapen egin ziren fase horretan.

1. Fasea: teilatu berria, indar berriak

2015eko abenduan hasi zen Etxeluzeren segurtasunerako eta osasungarritasunerako lanen lehen fasea. 143.703,55€ko inbertsioa egin zen teilatuaren konponketan eta Eusko Jaurlaritzaren Gaztedi Sailaren diru laguntza jaso zuen Udalak lan horiek egiteko –21.700€–

Lehendik ere indarrak hartzen ari bazen ere, teilatuaren konponketak gazte asanblada indartu egin zuen. Gazte festak berreskuratzean antolakuntzan aritu ziren gaste asko asanbladan parte hartzera animatu ziren, eta horrek eragin handia izan du Etxeluzen, bertako kideen arabera. Garai batean ibilitako batzuk jarraitzen badute ere, belaunaldi berriak sartu dira eta aniztasuna dago asanbladan. Aniztasun horrek, eta eraikina erosoagoa izateak, asanblada sendotu du.

Teilatuko lanak martxan zirela asanbladak biltzen jarraitu zuen, gaztetxetik kanpo egon arren. Eraikina erabili ezin izateak aukera eman zion taldeari bertan egiten dituen gauzez hausnartzeko: baloreak, asanbladaren funtzionamendua, autogestioa... Udalarekiko harremanaz ere hausnartu zuten: barne proiektuaz hausnartzean naturalki sortu zitzaigun Udalaren jarrera ezagutzeko beharra.

Gaztetxetik deituta, alderdi guztietako ordezkariekin bilera bat egin zuten. Udalari bere intentzioak zein ziren azaltzeko eskatzen ari ginen, beraz, guk ere ezin genuen esku hutsik joan. Hitzarmen proposamen bat prestatu zuten; baita plano batzuk ere, eraikineko espazioei eman nahi zieten erabilerarekin. Hitzarmena, ordea, bigarren maila batean geratu zen momentuz, gaztetxea erabili ahal izateko higiene eta segurtasun baldintza batzuk bete behar baitzituen eraikinak.

2. fasea: negoziazio garaia

Obraren bigarren fasean eraikinaren barruko egokitzapen lanak egin behar zituzten: argindarra, komunak, paretak... Udalaren eta gazte asanbladaren arteko negoziazioak hasi ziren orduan. Bi proiektu jarri ziren mahai gainean, Udalarena batetik, eta gaztetxearena, bestetik. Eraikinaren zati bat Udalarentzat izateko ideia atera zen negoziazioetan. Zati batek Udalarentzat izan behar duela garbi nuen –dio Ana Priede PSE-EEko zinegotziak–: udal eraikina da, oso handia da eta egunen batean erabilgarria izan daiteke espazio hori.

Emeterio Iribarren –EH Bildu– ustez, Udal gobernuak ez zituen arrazoiak mahai gainean garbi jarri. Gazte asanbladak jarrera inmobiliarioa salatzen du gai horrekin: ez zaigu ariketa demokratikoa iruditzen zati bat kentzea zertarako den jakin gabe, espazio bati funtzio bat kentzen baitzitzaion.

Udalarentzat eszenatokiaren atzeko aldea izatea planteatu zen lehenbizi. Negoziazioen ostean, aurreko aldea hartuko zuela erabaki zuten. Aitziber Camposen, EAJren obra eta zerbitzuetako zinegotziaren arabera, oraindik ez da zehaztu zati horri emango zaion erabilera, baina udalak biltegi baten beharra dauka. Jose Angel Iparragirreren –Orain– ustez interesen bat dago horren atzean, gaia gazteekin landu arte ez baitzen planteatu udal biltegi baten beharrik.

Segurtasuna eta osasungarritasuna bermatzeko lanen bigarren fasea 2016 amaieran hasi eta 2017 hasieran amaitu zen. 90.000€ko kostua izan zuten eta horietatik 18.854€ Eusko Jaurlaritzako diru laguntzen bidez finantziatu ziren.

Lanen emaitza ikusita, balorazio positiboa egiten dute Etxeluzeko asanbladatik: ituterik ez dago, argindarra daukagu eta eraikina txukun geratu da. Horrek, ekintzak antolatzea errazago egiteaz gain, erakargarriagoa egiten du gaztetxea ikusle bezala joango diren herritarrentzat, bertan joko duten taldeentzat eta baita asanbladako kideentzat ere.

Hala ere, Udalak, proposatutako hainbat puntu aintzat hartu ez dituela diote gazteek, eta horrek gabezia batzuk ekarri dituela; sukalde batena, adibidez. Bigarren faseko lanak egitek diru-laguntza eskatzean, gaztetxeak lehendik zituen erabilera eta espazioak bermatu eta errespetatuko zirela zioen txostenak. Camposen arabera, berriz, lehen sukaldea baimenik gabe zegoen: araudia oso garbia da eta, Etxeluzen, orain dagoen bezala, sukaldea sartzea ezinezkoa da, egokitzapen lan handiak egin beharko lirateke.

Hitzarmen baten bila

Egokitzapen eta segurtasun lanak amaituta, hitzarmen baten testuinguruan sartu ziren Etxeluze eta Udala. Gaztetxeak bere proposamena aurkeztu zuen: gaur egun martxan dauden bi espazio okupatu hartu genituen eredu, Zarauzko Putzuzulo gaztetxea eta Gernikako Astra proiektua. Herrian eta inguruan ditugun hainbat arkitekto, teknikari eta abokaturekin jarri ginen harremanetan, proposatzen genuena bideragarria zela ziurtatzeko.

Udalak, bere aldetik, beste proposamen bat egin zuen, udal espazio baten lagapen kontratuan oinarritua. Gazte asanbladak kontratu soil bat baino gehiago nahi zuela adierazi zion Udalari: proposamen hark ez zituen gaztetxearen 6 urteko ibilbidea eta taldearen beharrak kontuan hartzen. Gure helburua lankidetza hitzarmen bat egitea zen, Udalak gurekin lan egiteko konpromisoa har zezan.

Bi aldeen artean adostasunera iristeko, hitzarmen berri bat egin zuten. Asanbladako kideak Udaleko teknikariekin elkartu eta hitzarmen berri bat idatzi zuten, gaztetxearen errealitatea kontuan hartuko zuena eta juridikoki eta teknikoki egingarria izango zena. Adostasun batera iristea zen helburua –dio Iparragirrek–, gazteek egindako proposamenak –oso zentzuzkoak iruditu zaizkigu gehienak– eta teknikariek jarritako baldintzak kontuan hartuta.

Lan egiteko moduan desberdintasunak azpimarratu dituzte bi aldeek. Erabakiak denon artean hartzearen aldekoak gara gu –diote gazteek–, eta ez guk proposatu eta beraiek erabakitzearenak. Politika egiteko beste modu bat da: badakigu herritarrek ezin dietela erabakiei balore juridikorik eman, baina alderdien esku dago borondate politikoa edukitzea herriak benetan nahi duena errespetatuz erabakiak egikaritzeko.

Hitzarmenaren negoziazioa asko atzeratu dela diote alderdi guztiek. Gazteek oso garbi esan dute zer nahi zuten –dio Priedek–, baina Udalari asko kostatu zaio posizionatzea eta erabakiak hartzea. Erakunde publikoan erabakiak hartzeko prozesuak desberdinak direla aipatzen du Camposek: ez dauka zerikusirik gainontzeko enpresa, talde edo elkarterekin, eta hori, askotan, ulertzeko zaila da kanpotik ikusita.

Hitzarmena bi aldeen arteko lankidetza adostu bat izatea lortu dute eta sinatzera doaz. Hori da garrantzitsuena guretzat –diote gazteek–. Ikusi dugu, borondatearekin, posible dela iritzi ezerdinetako jendea espazio batean elkartzea eta adostasunera iristea.

Hitzarmena lehenbailehen sinatzea eta martxan jartzea da bai Udalaren eta baita Etxeluzeko asanbladaren nahia. Egunerokotasunean benetako harremana nolakoa den eta lankidetza hori nola ematen den ikusteko garaia da, azpimarratu du Iribarrek.

Proiektu sendoa, aurrera begira

Maiatzan berriz ireki zenetik indartsu dago gaztetxea, agenda bete-betearekin. Erradikalak gara antzezlanarekin hasi zuten ibilbidea, Berri Txarraken kontzertua etorri zen gero. Bizitzaldiak, LGTB fobiaren kontrako eguneko zine-foruma eta Give up tomorrow, Paco Larrañagaren inguruko filmaren proiekzioa ere izan dira hilabete hauetan Etxeluzen. Horrez gain, uztailaren 2rako urteurren jaia antolatzen ari dira.

Gaur egun gaztetxearen ibilbideko asanblada sendoena dagoela esan daiteke –diote bertako kideek–. Zazpi edo hamar pertsona inguru elkartzen dira asteartero egiten dituzten asanbladatan, baina, badira hamabost inguru bueltan dabiltzanak. Horrez gain, bada gazte sare bat momentu puntualetan lan egiteko: barra turnoak, auzolanak...

Etxeluzeko gazteak asteartero biltzen dira, 19:00etan, eta asanblada bidez funtzionatzen dute. Azken urtean udalarekin izandako harremanak markatu du asko asanbladaren erritmoa, baina gaitegia agendak baldintzatzen du normalean. Badira urtero egiten ditugun ekintzak, baina, aisialdiaz gain, kezkatzen gaituzten gaiak ere lantzen ditugu: elikadura, etxebizitza...

Asanbladak irekiak direla aipatzen dute kideek, parte-hartzaile guztiek dute ahotsa eta harremanak ahalik eta horizontalenak izaten saiatzen dira. Edozein proposamen, kritika edo aportazio egin nahi duenarentzat irekita daude ateak.

Asanbladatik kanpoko hainbat eragilek Etxeluze erabiltzen dute beren ekintzak egiteko, eta hori gaztetxearentzat onuragarria dela diote: gaztetxea asanbladak kudeatzen du, baina herriarena da. Ekainean egin diren Bizitzaldiak, adibidez, kanpotik etorritako proposamen bat da. Dispertsioff eta Xaltxa Badago jaialdiak ere herriko bi eragilek antolatzen dituzte. San Pedroetan aterako den Inude eta Artzainen konpartsak ere gaztetxean egiten ditu entseguak. Guretzat oso garrantzitsua da herriko eta kanpoko eragileek espazio hau kontuan izatea; urrian, adibidez, Euskal Herriko Gune Irekien taldeak urteroko batzarra Etxeluzen egingo du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!