Mikel Aranzabal: “Beti da berezia herriko gaztetxean jotzea”

Iñigo Gaiton 2017ko uzt. 2a, 13:01

Gaur, zazpi urte bete dira herriko gazte batzuk Etxeluze okupatu zutela. Hori ospatzeko, gaztetxeko asanbladak urteurren festa antolatu du: herri bazkaria egingo dute 14:30etan, gero jolasak, 18:30etan Kaxilda plazaren inaugurazioa, eta amaitzeko, Mikel Aranzabalen kontzertu akustikoa. 

Bostpasei urte pasa dira bakarlari gisa azken kontzertua eman zenuenetik. Nolatan zara bueltan?

Beno, ez da itzulera bat. Hasiera batean, gaurkoaz gain, ez dut kontzertuak ematen jarraitzeko asmorik.

Ilusioa egin zidan Etxeluzeren 7.urteurrenean jotzeko gonbita jasotzeak, eta horregatik animatu naiz. Beti da berezia herriko gaztetxean jotzea. 

2006koa da bakarlari gisa argitaratu zenuen lehen diska: “Pentsamendu Hutsak”. Bigarren lanerako kantuak sortzen ere hasi zinen orain dela urte batzuk, ez?

“Pentsamendu Hutsak” grabatzen ari ginela ezagutu nuen Martxel Arkarazo, eta bakarlari gisa bigarren lanen bat lantzen hastea pentsatu banuen ere, Can´t Explain sortu genuen Martxel, Manex Barrenetxea eta hirurok.

Can´t Explainekin rocka egiten genuen, baina urte horietan kantu lasairen bat edo beste ere sortu dut niretzat. Gustatuko litzaidake noizbait bakarkako beste diska bat ateratzea, baina ez dut inongo presarik, lasai hartu nahi dut.

Cant´Explain-ekin ateratako “Army armak” diskak kritika onak izan zituen, eta zuzenekoa ere indartsua zenuten.

Taldeak bazuen indarra, bai. Martxelek, gainera, kontaktu dezente zituen musika eszenan, eta miresten genituen taldeekin batera jarduteko aukera izan genuen: SextySeexers, Lobo Electrico, Inoren Ero Ni, … Kontzertu ederrak emandakoak gara!

Gauzak ondo joanda, zergatik desegin zenuten taldea?

Barrabil handi xamarrak ginen hirurok. Martxelek Garate estudioetan lan egiten zuenez, bertan grabatu genuen diskoa, baina oso luze joan zen grabaketa prozesua. Kantu berdinei bueltaka denbora gehiegi pasa ostean, berriak egiteko garaia iritsi zitzaigun, eta hor antzeman zen taldeak ez zuela horretarako txisparik. Egoera horretan hartu genuen taldea desegiteko erabakia. 

Nolakoa izango da gaurko Etxeluzeko saioa?

Ordubetetxo bat joko dut. Diskoko kantu dezente sartuko ditut errepertorioan, eta argitaratu gabeko bospasei abesti berri ere bai; beno, ez dira oso berriak, 2010.urte inguruan sortu nituen… kar kar kar

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!