Iñigo Mujika: "Emozioz eta pozez betetako eguna izan zen igandekoa"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko uzt. 3a, 19:13
Iñigo Mujika arraunlaria trainerua uretatik ateratzen, Portugaleteko estropadaren ondoren (Joxeju Olasgasti eta Luisbixki)

Orioko plaza kolore horiz josi zen igandean, etxeko traineruaren denboraldiko lehen bandera ospatzeko. Iñigo Mujika arraunlariak egunean bertan bizitakoa izan du hizpide.

IÑIGO MUJIKA- Orioko traineruko arraunlaria

Igandea egun handia izan zen Orion. Zer sentipen izan zenituzten arraunlariok?
Emozioz eta pozez betetako eguna izan zen igandekoa. Ia bi urte generamatzan banderarik irabazi gabe, eta iazkoa urte zaila izan zen guretzat. Sailkapenean aurrean ibiltzea espero genuen, baina lehen asteburuan bandera irabaztea ezustekoa izan da guretzat.

Oriotarrek ere ongietorri beroa egin zizueten, ezta?
Jendetza zegoen plazan. Txarangarekin plazara iritsi ginenean, plaza gainezka zegoela antzeman genuen, baina udaletxeko balkoitik ikusten zena ikusgarria izan zen. Iaz Urdaibain aritu zirenak ere harrituta geratu ziren herriak egin zigun ongietorriarekin. Benetan berezia izan zen, eta pozik ikusten ziren herritarrak.

Estropadan zehar zer moduz sentitu zineten?
Portugaleteko estropadan kaleek zeresan handia izaten dute. Gure kalea ez zen ona, eta Jon Salsamendi entrenatzaileak estropada eremua aztertuta jarraitu beharreko ibilbidea azaldu zion Gorka Aranberri patroiari.  Lehen luzean Urdaibai eta Hondarribia aurretik izan genituen, baina horiei eustea lortu genuen. Bagenekien bigarren eta laugarren luzearen bukaeran barrara hurbilduta abantailatxoa izan genezakeela, eta bigarren luzetik aurrera Urdaibairi eta Hondarribiari, faborito nagusiei, aurre hartu geniela ikusteak indar handia eman zigun. "Gaurkoak ezin ziguk alde egingo" pentsatu genuen gure barrurako. Bukatu genuenean, barru-barrutik ateratako marruak izan ziren traineruan.

Egindako lanaren saria al da igandean Sestaon irabazitako bandera?
Lan handia egin dugu neguan zehar bandera irabazteko. Askotan emaitzek laguntzen ez badute ere, sakrifizio eta ahalegin handia egin behar izaten da traineru estropadetan goi mailan aritzeko. Aurten, entrenatzeko modu berriak praktikan jarri ditugu Jon Salsamendirekin, eta hutsetik hasi da taldea. Bandera bat irabazteak ez du ezer esan nahi. Lanean jarraitu behar du­gu aurrerantzean ere.

Punta-puntan ibiltzeko gai zinetela pentsatzen al zenuten liga hasi aurretik?
Bagenekien ontzia azkar zebilela, baina ez genekien Urdaibai, Hondarribia eta Kaikuren mailan egongo ote ginen. Liga hasiera ona egin dugu, baina jakin badakigu aurkariak oso indartsu daudela, eta gauzak bikain egin behar ditugula irabazteko.

Lehia estu dago, beraz?
Larunbatean bertan, ehuneneko batzuk geroago iritsi bagina 7. postuan sailkatuko ginen. Ez genuen igandean ohorezko txanda jokatzeko aukerarik izango, eta ia ezinezkoa izango zen bandera irabaztea. Lehia handia dago, ikuskizun polita zaleentzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!