'Igelak' filma emango dute larunbatean Orioko Antilla hondartzan

Karkara 2017ko uzt. 4a, 15:45

Udalak lau film proiektatuko ditu udan zehar, eta larunbatekoa izango da lehenengoa.

Datorren larunbatean zine-emanaldia izango da hondartzan, 22:15ean hasita, Orioko Udalaren udako kultur programazioaren barruan. Igelak filma proiektatuko dute, euskaraz.

Udalak lau film programatu ditu aurtengo udan eta larunbatekoa lehenbizikoa izango da.

Sarrera doan da.

Komedia arina euskaraz

Orioko Udalak filmaren nondik norakoak azaldu ditu:

"Igelak komedia bat da. Gorka Otxoa da aktore nagusia; baina beste euskal aktore ezagun asko ere agertzen da bertan: Miren Gaztañaga, Josean Bengoetxea, Gurutze Beitia, Mikel Losada, Ramon Agirre…

Zuzendari eta gidoilaria Patxo Telleria da eta musika Iñaki Salvadorrek egin du.

Pello (Gorka Otxoa) banku sukurtsal bateko zuzendaria da eta delitu ekonomikoengatik atxilotu dute. Bere nagusiak ere inplikatuta dauden arren, bakarrik utziko dute justiziaren aurrean. Salduta dagoela konturatzen denean, ihes egitea erabakiko du.

Dirurik eta dokumentaziorik gabe, familiarik eta lagunik gabe, Pellok bere identitatea ordezkatuko du, ezkutuan jarraitu ahal izateko.

Nortasun faltsu horrekin etxegabetuen elkarte batek okupatutako etxe batean topatzen du babesa. Lagun berrien konfiantza bereganatzen saiatzen da, asmo bakar batekin: haien diruaz jabetu eta atzerrira alde egitea".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!