Bost oriotar, greba mugagabean dauden XEY enpresako langileen artean

Karkara 2017ko uzt. 7a, 18:23

Zuzendaritzak negozioa ixteko txostena aurkeztuko duela adierazi zuen herenegun. Jabeen hitzetan, irtenbide bakarra enpresa likidatzea da.

Joseba Larrarte, Aitor Delso, Juan Luis Amilibia, Gotzon Igoa eta Eneko Azkue oriotarrak greba mugagabean daude astelehenetik, XEY etxeko ia 170 lankiderekin batera. Adreiluaren krisia hasi zenetik, enpresak urteak eman ditu zailtasun ekonomikoekin. Aurtengo neguan, egoerak nabarmen egin zuen okerrera, eta beharginek ez dituzte azken lau nominak kobratu. Soldatez gain, 2013, 2014 eta 2015 urteetako ordainsari estrak ere jasotzeko dituzte, sei guztira.  

"Azken momenturarte produkzioa martxan izan dugu, guk kobratu ez arren bezeroen eskariak iristen zirelako. Non dago diru hori orain? XEY-k izen ona du oraindik merkatuan, bezero fidelak ditu, eta erosleek badakite produktua kalitate onekoa dela. Enpresa beste modu batera kudeatuz gero, oraindik ere lehiakorra izango litzatekeela uste dut", adierazi du enpresako langile oriotar batek.

Ordea, kitatu beharreko zorra handia da, 30 milioi euro ingurukoa. Zorraz gain, "fabrikako instalazioak ere zaharkituak daude" eta eraikin nahiz makinariak berritu beharko lirateke enpresa sektorean lehiakor mantentzeko. Hori kontuan hartuz, etorkizuna beltz ikusten du beste langile batek. "Itxi egingo dute hau guztia, amaitu da".

XEY-ko zuzendaritzak datorren astean aurkeztuko du itxiera txostena. Epaileak onartuz gero, martxan jarriko dute enpresa likidatzeko prozesua. Behin enkantera aterata, negozioarekin jarraitzeko asmoa duen erosleren agertzea izango litzateke langileen esperantza. Eusko Jaurlaritzari erosleren bat aurkitzeko ahalegina egin dezala eskatu diote, eta aurkituko balu, oraingo lanpostuak mantentzeko baldintza jartzea.

Eroslerik ezean, litekeena da beharginek FOGASAra jo behar izatea, kobratzeko duten diruaren zati bat, behintzat, jaso ahal izateko. 

Azken hilabeteetan, langileen aldartea "haserretik etsipenera" pasa dela diote, baina oraindik "borrokan" jarraituko dutela ere argi dute denek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!