Orioko bi txalupak hirugarren Euskadiko Traineru Txapelketan

Karkara 2017ko uzt. 25a, 15:09

Azken txanpetan erabaki dira bi estropadak. Emakumezkoetan Hibaikak astindu du bandera, eta gizonezkoetan Urdaibaik.

Gaur goizean Euskadiko Traineru Txapelketa jokatu da Lekeition. Haize ufaden eta itsas baldintzen ondorioz, lehia ikusgarria izan da, eta irabazleek azken txanpetan lortu dituzte garaipenak. Emakumezkoetan Hibaika izan da garaile, San Juango txalupari 1,98 segundu aterata. Gizonezkoetan Urdaibaik irabazi du bandera, Hondarribiarekiko 1,60 segunduko aldearekin. 

Orioko nesken traineruak estropada ederra egin du. Eroso irabazi du bere txanda, eta sailkapen orokorrean 3. postuan sailkatu da Santi Zabaletaren tripulazioa, irabazlearengandik 16,21 segundura.

Jon Salsamendiren mutilek estropada txukuna egin dute, inork nahi ez zuen laugarren kaletik. Lehen bi luzeetan estropada buruarekiko segunduak galdu arren, ondo aritu dira arraunean, baina bigarren ziabogan balizarekin trabatu ostean, erritmoa galdu dute. Ondo borrokatutako hirugarren postuan amaitu dute estropada, Urdaibaiko txaluparengandik 21,57 segundura.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!