Zumaia, Getaria eta Zarautz zeharkatzen dituen autobus turistikoak zeresana sortu du udalbatzarrean

Karkara 2017ko uzt. 27a, 18:14
Zumaia, Getaria eta Zarautz zeharkatzen dituen autobus turistikoa.

Asteazken arratsaldean egin zuten uztaileko ohiko udalbatzarra, 20:15ean hasita.

Asteazken arratsaldean egin zen ohiko udalbatzarra, eta gai zerrendan zehaztuta zeuden gai guztiak aho batez onartu zituzten udal taldeek.

1.- Udalaren 2016ko aurrekontuaren Kontu Nagusia. Aho batez onartu zen.

2.- Udalaren aurrekontu propioari dagokion 3/2017 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea; kreditu aldaketa kreditua transferitzeko modalitatean egina. Aho batez onartu zen.

3.- Udalaren aurrekontu propioari dagokion 4/2017 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea; kreditu aldaketa kreditu gehigarrien modalitatean egina. Aho batez onartu zen.

4.- Mikel Kaperotxipi udal funtzionarioari dagokion talde profesionala eta ordainsari maila aldatzea. Aho batez onartu zen.

5.- 2017ko lanpostu zerrendaren eta lan eskaintza publikoaren aldaketa eta udal eraikinetako garbitzaile lanpostua betetzeko oinarriak. Aho batez onartu zen.

Galderen atalean eztabaida
Hala ere, bukaeran eztabaida sortu zen. Eskarien eta galderen txanda ireki zuen Joxe Angel Zaldua alkateak, eta PSE-EEko bozeramaile Ana Priedek hartu zuen hitza. Zinegotzi sozialistak galdetu zuen Zumaia, Getaria eta Zarautz zeharkatzen dituen autobus turistikoa zergatik ez den pasatzen Oriotik. Badirudi ez garela existitzen. Uste dut horrelako ekimena interesgarria izan daitekeela herriko turismoa sustatzeko, eta mota horretako proiektuetan parte hartu behar genukeela.

Joxe Angel Zaldua alkateak adierazi zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta enpresa pribatu batek kudeatzen duela autobus turistiko hori, eta enpresari interesgarriak edo erakargarriak iruditzen zaizkion herriak zeharkatzen dituela. Ildo horretan, publikoaren artean aurkitzen zen Arkupe Elkarteko kide Kristina Salsamendik jakinarazi zuen, Arkupeko kideak ere gaiarekin kezkatuta daudela, eta enpresarekin harremanetan jarri zirela Oriotik ez pasatzeko arrazoiak galdetzeko. Komentatu ziguten bisitarien artean interesa sortzen duten eta turismo eskaintza erakargarria duten herrietan egiten zituztela geldialdiak. Esan ziguten autobusak Orion geldialdia egiteko interesa bagenuen, datorren urtera begira eskaera egin genezakeela. Laster udalean turismo teknikari berria izango dugunez, gaiaz berarekin hitz egitea pentsatu genuen.

Bestalde, Priedek salatu zuen batzordeen artean komunikazio falta dagoela. Behin baino gehiagotan gertatu da batzorde batean gai bat adostea, eta ogasun batzordeak horren berri ez izatea. Komunikazioa hobetu behar dugula uste dut. EH Bilduko hautetsiak ere bat etorri ziren Ana Priederen iritziarekin.

Horrez gain, publikoan udalbatzarra jarraitzen ari zen Orain plataformako kide batek galdetu zuen zergatik ez dagoen martxan hondartzako komun eta dutxa publikoak erabiltzeagatik ezarri zen tasa. Egia esan behar badut niri bidezkoa iruditzen zait ez kobratzea, baina jakin nahi dut 2017ko Ordenantza Fiskaletan gaia eztabaidatu eta kobratzea adostu bazen, zergatik ez den exekutatu.  Alkateak gaiaz ezer ez zekiela aitortu zuen, oposizioaren harridurarako, eta Zalduak oposizioko kideei galdetu zien ea beraiek badakiten zergatik lehen ez zen kobratzen zegokion tasa. Eztabaida horretan murgildu ziren udal ordezkariak udalbatzarra bukatu zen arte.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!