karkara.eus

676 tona hegaluze lehorreratu dituzte Getariako portuan, kanpaina hasi denetik

  ekonomia  Orio

Orioko arrantzaleek bertan lehorreratzen eta saltzen dute arrantzatutako arraina.

676 tona hegaluze lehorreratu dituzte Getariako portuan, kanpaina hasi denetik
Gaur goizean Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Getarian izan dira, tartean Arrantza zuzendari Leandro Azkue oriotarra. | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Arrantza sailburuorde Bittor Oroz eta Arrantza zuzendari Leandro Azkue oriotarra Getariako portuan izan dira gaur goizean, hegaluzearen lehorreratzean eta enkantean. Jaurlaritzako ordezkariek jakinarazi dutenez, kanpaina hasi zenetik 1.524 tona hegaluze lehorreratu dira euskal portuetan, horietatik 676 tona Getariako portuan. Bertan lehorreratzen eta saltzen dute arraina Orioko arrantzaleek ere.

Gainera, prezioarekin ere gustura dira arrantzaleak, kanpaina hasi zenetik hegaluzearen bataz besteko prezioa 4,12-4,49 euro artekoa izan baita.

Goranzko joera
Oro har, 2015eko eta 2016ko hegaluzearen kanpainek goranzko joera izan dutela nabarmendu dute jaurlaritzako arduradunek. “Pasa den kanpaina azken urteetako daturik onenarekin itxi zen, 2015ean baino %20 gehiago harrapatu baitzuten euskal arrantzaleek”.

Hegaluzearen harrapaketa datuak urtez urte
2013an 3,6 mila tona
2014an 2,9 mila tona
2015an 5 mila tona
2016an 6 mila tona

Aurtengo kanpainan lehorreratutako 1.524 tonetatik, 1.200 tona inguru Eusko Label zigiluarekin etiketatu dituzte, harrapaketa osoaren %85a. Eusko Jaurlaritzako ordezkarien iritziz “oso garrantzitsua” da hegaluzea modu berezituan merkaturatzea. “Horrela, herritarrek ziurtasun osoz jakin ahal izango dute erosten ari diren hegaluzea gure arrantzaleek harrapatutakoa dela, Euskadiko hegaluzea dela eta kalitatezkoa”. Ildo horretan, Eusko Labela duen hegaluzea “kalitate handiko” arraina dela azpimarratu dute, euskal arrantzaleek banan-banan eta sarerik gabe, arrantza sistema tradizionalarekin harrapatutakoa. “Metodo horrek arrainaren kalitatea hobetzeaz gain, arrantza tokien iraunkortasuna eta itsasoko baliabideen zaintza bermatzen ditu”, nabarmendu dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa