karkara.eus

Brontzea lortu du Oriok Espainiako Txapelketan

  kirola  Orio

Neskek bigarren egin zuten Pasaian, Gipuzkoako Ligako estropadan

Brontzea lortu du Oriok Espainiako Txapelketan
Argazkia: Josu Z. | Ikusi handiago | Argazki originala

Castron jokatu da asteburuan gizonezkoen Espainiako Traineru Txapelketa, bi jardunalditan. Emakumezkoen txapelketa bertan behera geratu zen, parte-hartze txikiagatik. Larunbatean, abuztuaren 5ean, sailkapen estropada jokatu zuten Urdaibaik, Oriok, Kaikuk, Zierbenak eta Hondarribiak. Ordena horretan irten ziren ontziak erlojupeko estropadan eta laugarren postuan sailkatu zen Orio, 20:16.11ko denborarekin. Kaikuk bosgarren egin zuen, beraz, sestaoarrak ez ziren finalerako sailkatu.

Igandean jokatu zuten finala Urdaibaik, Oriok, Zierbenak eta Hondarribiak. Orioko txalupa bigarren kaletik aritu zen. Urdaibaik berehala hartu zuen aurre eta beste ontziekiko tartea mantendu zuen estropada osoan zehar. Orio Zierbenarekin aritu zen hirugarren postuagatik lehian. Azkenean, Urdaibaik irabazi zuen txapelketa, 19:46,42ko denborarekin. Hondarribiak eraman zuen zilarra –20:00,80– eta Oriok brontzea –20:14,89–.

Gipuzkoako Ligan bigarren

Orioko emakumeen traineruak Gipuzkoako Ligako estropada jokatu zuen larunbatean Pasai Donibanen; VI. Pasaiako Ikurriña zegoen. Lehen ziabogara San Juanekin batera heldu ziren oriotarrak, baina bigarren luzean aurre hartu zuten batelerek. Azkenean, bigarren postuan iritsi zen Orio helmugara, 11:04,23ko denborarekin; San Juanek baino 7 segundo gehiago behar izan zituzten.

Orio B ontziak Plentzian jokatu zituen asteburuko bi estropadak, bi jardunaldiko bandera baitzen. Larunbatean bederatzigarren egin zuten, 21:01,80ko denborarekin. Igandean, berriz, hamaikagarren postuan iritsi ziren helmugara, 21:24,58ko denborarekin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa