Donostiako erraldoien jantziak egin dituzte Rosaura Bravok eta Argiñe Azkaratek

Karkara 2017ko abu. 9a, 14:29

Atzo aurkeztu zituzten Donostiako udaletxean jantzi berriak eta larunbatean irtengo dira lehen aldiz kalera.

Hilabeteetako lanaren ondoren, atzo, abuztuaren 8an, jendaurrean aurkeztu zituzten Donostiako erraldoiak, itxuraz berrituta. Esku eta aurpegi berrituak dituzte, batetik, eta jantzi berriak, bestetik. Azken hauek Orion eginak dira, Rosaura Bravok eta Argiñe Azkaratek, hain zuzen.

Lau metro altuerako zortzi erraldoien jantziak egin dituzte; Hego Euskal Herriko probintzia bakoitzeko bikote bat. Arabatik, Erromualdo eta Estitxu, Guardiako dantzariak; Bizkaitik, Mattin eta Maritxu, olagizona eta baserritarra; Gipuzkoatik, Xanti eta Karmeli, arrantzale oriotarra eta batelera pasaitarra; eta Nafarroatik, Eneko eta Blana, Erronkariko bikotea.

Erraloien jantziak egiterakoan lehendik zuten esentzia ez galtzea zen Itzurun Donostiako erraldoi eta buruhandien konpartsaren nahia, baina bazen zer hobetua. Ikerketa egin dugu pertsonaia horiek fideltasunez irudikatzeko, jantzi historikoetan oinarritu gara, dio Bravok. Orioko arrantzaleak, adibidez, alkandora lekeitiarra zuen jantzia, eta aldatu egin diote pertsonaiaren esentzia hobetzeko.

Ikerketa lanetan adituen laguntza handia jaso dute. Ramon Garcia jantzi klasikoetan adituak eta Arabako Foru Aldundiak, zalantzak argitzen lagundu diete. Eta haiengandik jasotako xehetasunak errespetatu dituzte jantziak egiterakoan: brodatuak, detaileak...

Herritarren laguntza eta inplikazio handia ere jaso dutela dio Bravok. Orio herri txikia da eta denok elkar ezagutzen dugu, eta jantziak ia auzolanean egin ditugula esan daiteke. Xantiren arpoia eta Blancaren lepokoa egiteko, adibidez, ezinbestekoa izan dute herritarren laguntza, baita tailerra jartzeko ere, Loretxu tabernako jangela utzi baitie bertan josteko.

Oriotarrentzako eskertza-dantza

Datorren larunbatean, abuztuaren 12an, hasiko da Donostiako Aste Nagusia eta orduan izango dute erraldoi berriak jendaurrean lehen zita. 19:00etan izango da txupinazoa, Alderdi Ederren, eta han egingo dute lehen dantza. Jarraian, Gipuzkoa plazara abiatuko dira.

Gipuzkoa plazako dantza berezia izango da; izan ere, Itzurun konpartsak jantziak egiterakoan emandako laguntza eskertu nahi die oriotarrei. Horregatik,erraldoiek dantza bat eskainiko die, Bravori eta Azkarateri ez ezik, oriotar guztiei, beren inplikazioagatik. Itzurun konpartsak oriotar guztiak gonbidatzen ditu, beraz, larunbatean Donostiara joan daitezen erraldoiak ikustera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!